argia.eus
INPRIMATU
Ez du gehiago atertuko
  • Giza Eskubideen XVI. Zinemaldia. Filmak: Human Flow (Ai Weiwei) eta El baile de los años (Ados Teatroa). Apirilaren 20an Donostian, Victoria Eugenia antzokian.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2018ko maiatzaren 07a

Ostiral gaua da Donostian. Giza Eskubideen XVI. Zinemaldirako bidea hartu duzu; Kursaaleko zubia pasa, bizikleta hesi bati lotu eta Victoria Eugenian sartu zara. Amnistia Internazionaleko txaleko horiz jantzita doan gizonak Taner Kiliç eta Idil Eser aktibisten askatasunaren aldeko esku-orri bat banatu dizu, eta hori irakurriaz itxaron diozu emanaldiari.

Begoña del Teso azaldu da agertokian, berandutu gabe. Badaki Ai Weiweiren Human Flow (Giza marea) film-dokumentalaren zain zaudetela, bere 144 minutuekin, agindutako irudi izugarriekin. Del Tesoren esanetan, ez dakizue, alta, gaueko egiazko protagonistak film laburrean datozela, Ados Teatroaren El baile de los años (Urteen dantza) lanean. Bezperan bukatu zuten, eta zeluloidea balitz oraindik umela legokeela dio Del Tesok. Adineko jendearen bazterketari dantzaren bidez heltzen dio proiektuak, eta, azkenerako, hunkitu egin zaitu.

Txalo jo eta, orain bai, hasi da Human Flow. Aldez aurretik dakizuna zera da: Weiwei artista eta zinemagile txinatarrak bi urte eman ditu 23 herrialdetan errefuxiatuen eta migrazioen auzia lantzen, zeharkatu ditu Siria, Afganistan, Bangladesh, Turkia, Iraq, Mexiko, Kenia, Grezia, Kurdistan, Italia, Palestina... eta, azkena, taldeko argazkilarietako bat, Yasser Murtaja, erail dutela Gazako frontean, duela aste gutxi. Apenas dagoen fikziorako marjinarik hemen. Droneekin hartutako irudi ikusgarriek berehala bete dute aretoa, ezer berri berririk ez, halere; tragediaren gorputzak eta ahotsak bilatu ditu zuzendariak, baina azaleko puntadez josi dituela dirudi aldiro. Weiwei bera ere lehen minutuetatik agertu da kamera aurrean, eztabaidagarria dena. Bi irudirekin geratu zara, eta zugan biziko dira gaurdanik: kamerari bizkarra emanik, hizketan hasi eta oinazearen itolarriz oka egiten duen andrea; eta behi belztu bat, hezur huts, sutan dagoen zeru baten azpiko kale mortuetan balantzan.

Jendea tantaka hasi da ateratzen aretotik; gero eta hutsago dago ohartzerako. Zuri ere luze egiten ari zaizu kontakizuna. Bilatutako zerbait izan daitekeela diozu, ezleku kriminal batera kondenatuen denboraren pisura hurbildu dadin zure denbora tarte batez. Eta iruditu zaizu denek alde eginda ere, proiekzioak hor jarraitu ahal izango lukeela, etengabe bortxaz desplazatua izaten ari den jende masaren antzera, atergabe.

Baina agortu dira 144 minutuak. Goizeko ordu bata eta erdiren bueltan atera zara kanpora, eta begi erreen aurrean agertzen zaizuna Donostia da, zerurik ez sutan, kanpalekurik ez bistan. Bizikleta hesitik askatu bitartean, kopa artean daudenen algara ozenak datozkizu ondoko terrazatik. Eta sinetsi gura zenuke ez zarela ehuneko ehun sartu aurreko berbera.