Hernani (Gipuzkoa), 1918ko apirila. Lasarte eta Hernani inguruetan zenbait baztanga kasu agertu zirenez, Gipuzkoako gobernadoreak hainbat neurri hartzeko agindua eman zuen: Lasarteko herritarrei, hipodromoko jockey-ei eta ukuiluetako langileei txertoa jartzea (agerraldia hipodromo inguruetan sortu omen zen) eta gaixotutako zazpi pertsona Lasartetik Hernaniko Benefizentzia Etxera eramatea, bertan hobeto isolatuta egongo zirelakoan.
Gaitza ezagun zuten Hernanin eta neurriak beldurra zabaldu zuen herrian. Udalak gaixoen lekualdatzea bertan behera uzteko eskatu zien gobernadoreari eta beste agintari batzuei, baina alferrik. Bide ofizialak agortuta, hilaren 2an, herritarrek Lasarte eta Hernani arteko bideak barrikadaz josi zituzten eta Zinkoenea inguruan guardia zibilei aurre egin zieten. “Gurdiz, upelez, oholez eta bestelako tramankuluz kaleetako bidea eta Donostiako errepidea itxi zituzten” zioen El Diario Vascok biharamunean. Benefizentzia Etxea bera erretzeko zorian ere egon omen ziren.
Baina matxinoek helburua lortu zuten, gaixoak atzera Lasartera itzularazi zituzten eta hernaniarrek albistea ospatzeko herri-bazkaria egin zuten Ezkiaga pasealekuan. Bazkari hartan herriko bertsolari bat mahai gainera igo zen eta aulkian eserita, berak jarritako 24 ahapaldiko bertso-sorta bota zuen, gertatutakoaren berri xehe-xehe jasota. Bertsolari hura Matea Joxepa Zubeldia Elizegi (1867-1947) zen.
Estitxu Eizagirrek Bertsoaren haria Hernanin (2014) liburu mardulean eman zigun emakumezko bertsolari ezezagun honen berri. Eta emakume horrek, Joxepa Zubeldiak eman zigun bertso sorta horretan baztangaren matxinadaren protagonista nagusien berri: emakumeak. Prentsak haien parte-hartzea iradoki zuen, barrikaden atzean “emakumeak eta haurrak jarri” zirela esanez, baina Zubeldiaren bertsoek deskribatzen dute gertakizunotan hernaniar emakumeek
izandako benetako itzala:
Bidera atera giñan
emakume asko
ta allegatu baño len
egin degu alto
zibillak esan zigun
etxera biltzeko
baizutela baimena
odola ixurtzeko.
Mikela ta Axentxi
pareja fuertia!
Ayek aurren zirala
fiñ giñan jendia
zarrak eta gaztiak
nexkatx ta andriak
andre txit aberatzak
baitaere pobriak.
Lana egin genduban
kupira aundi gabe
senarrak utzirikan
bazkayrik gabe
ustuta petroleoz
ospitala iyurtzi
aguro erretzeko
kristal danak ausi.