argia.eus
INPRIMATU
Iruñea
Hiriko lore eta landareen zientzia lantegia
Garazi Zabaleta 2018ko apirilaren 20a

“Badirudi hiria ez dela leku aproposa landaredia ikusteko eta horren inguruan ikasteko, baina berez bada. Iruñeak, gainera, gune berde asko ditu, horietako zenbait gizakiak kudeatu eta maneiatuak, baina badira beste zenbait txikiak izanik ere oso interesgarriak eta erakargarriak direnak”. Iosu Alfaro Vergarechea Iruñeko Ingurumen Heziketako Museoko kidearen hitzak dira. Hiriko lore eta landareei buruzko herritarren zientzia lantegia eginen dute apirilean zehar, lau saiotan.

Herritarrak botanikara hurbiltzen

Hiriko eta inguruko landareak, loreak, zuhaixkak eta zuhaitzak ezagutaraztea da lantegiaren helburuetako bat, baita jendeari zientziarako hastapenak ematea ere. “Lehen saioan landareen behaketak jasotzeko aplikazioak ezagutuko ditugu, eta interneteko web orrietan nola mugitu eta erremintak nola erabili ikasiko da”, azaldu digu museoko kideak. Hurrengo hiru saioetan landareen ezaugarriak eta hirian topatu daitezkeenak nola identifikatu ikasiko dute parte hartzaileek, eta irteera eginen dute Aranzadi parkera ikasitako guztia praktikan jartzeko.

Iruñeko Udaleko ingurumen boluntario taldeari erremintak emateko asmoz antolatu zuten lantegia, baina hiritargoari ere irekia egotea interesgarria zela iruditu zitzaienez, edonork har dezake parte jardunaldietan, eta doakoak dira jarduera guztiak. “Aurreko hiruhilekoan antzeko saioak egin genituen hegaztien inguruan, eta arrakasta handia izan zuten, plaza guztiak bete ziren”.

Gune berdeak, hiriaren birika

Natura ezagutzeko hirietatik landa eremuetara mugitzen da jendea, Alfaroren ustez, askok ez dakielako hirietan ere badagoela bioaniztasuna. “Badirudi kotxea hartu behar dugula natura ezagutzeko, eta hori ez da derrigorrezkoa. Hemen zortekoak gara gune berde asko ditugulako. Horiek ere izan daitezke natura ezagutzeko modu bat, eta modu ekologikoa, gainera”.

Adibide hau jarri du Alfarok: “Jende askok ez daki Iruñean orkideak badaudela, parkeetan, medianetan eta errotondetan. Horiek ez dira gizakiak landatutakoak, antzinako basoetatik, larreetatik geratzen zaizkigun arrastoak dira, bizirik dirautenak”. Hiriaren beste geruza bat, haren sustraiak, ezagutzeko aukera ematen dute landare horiek museoko kidearen ustez. Landare horiek mapeatzen eta kudeatzen ikastea izanen da lantegiaren erronketako bat, landareok etorkizunean kontserbatzea errazagoa izan dadin.