argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa hegoaldetik Euskal Herriko 6.500 sukaldetara
Garazi Zabaleta 2018ko apirilaren 15a

Udaberriko kanpainan murgilduta egon dira Errigorako boluntarioak azken hilabetean. Nafarroa hegoaldeko oliba olioa eta barazki kontserbak eskaintzea egokitzen zitzaien oraingoan. Kanpainaren emaitzak eskuetan, balorazio oso positiboa egin dute bultzatzaileek: beste behin gora egin du Nafarroa hegoaldeko produktuen eskatzaile kopuruak.

Urtez urte sendotzen doan proiektua

Jauzi handia egin zuen Errigorak iazko udaberriko kanpainan: konbentzionalean ekoitzitako produktuez gain, modu ekologikoan ekoitzitakoak eskaintzeari ekin zioten, emaitza oso onak lortuz. Aurten, iazko gorakadari eustea eta Errigorako komunitatea egonkortzea zuten helburu, baina egonkortzeaz gain, ekimenera jende gehiago biltzea ere lortu dute azkenean. Guztira 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatuko dituzte aurtengo Eskutik Eskura kanpainan. Eskaeren %35 produktu ekologikoak dira, eta beste %65 konbentzionalak.

“Nork pentsa zezakeen orain bost urte, kanpaina hau egitasmo ere ez zenean, honaino iritsiko ginenik? Nork pentsa zezakeen ehunka milaka ontzitan euskarak bere tokia hartuko zuenik?”, galdetzen dute ekimenaren bultzatzaileek emaitzekin zabaldutako oharrean. Herritarren kontsumo ohituretan eragiteko asmoz sortu zen ekimena, eta esan daiteke asmoa betetzen ari dela pixkanaka: 6.500 etxetan Nafarroa hegoaldeko olioz eta kontserbez beteko dituzte armairuak aurten.

Auzolanaren sarea ehuntzen

Euskal Herriko 72 herritara iristen da Errigorako sarea jada. Boluntarioz osatutako tokian tokiko taldeak izan ohi dira herri bakoitzean kanpaina aurrera eramateaz eta banaketaz arduratzen direnak. “Hau ez da zoriaren emaitza, herrilanarena baino. Kanpaina honetan buru-belarri ibiltzen garen ehunka auzolangileei esker da posible hau guztia”, azpimarratu dute oharrean.

Olioa eta kontserbak ekoitzi eta prestatzen dituzten nekazariei, boluntarioei, Errigorako mezua zabaltzen lagundu duten komunikabideei eta kanpainarekin bat egin duten kontsumitzaileei zorionak eta eskerrak emateko baliatu dute oharra. Errigorako komunitatea indartuz Nafarroa hegoaldeko nekazariei bultzada ematen jarraitzea posible egin dutelako.