Bienville Parish (Louisiana, AEB), 1934ko maiatzaren 23a. Bonnie Parker eta Clyde Barrow gaizkile bikote ezaguna harrapatu eta hil zuten hainbat estatuko poliziek eta FBI-k (orduan oraindik BOI zuen izena). Auto barruan zeudela balaz josi zituzten.
Ordurako ezaguna zen bikotea. Ofizialki, hiru urte ziren “etsai publikotzat” zituztela, baina askok miretsi egiten zituzten, Robin Hood garaikideak bailiran. Heriotzak mitoa elikatu besterik ez zuen egin.
Zuloz jositako Ford V8 autoa ikusgai jarri zuten berehala –eta gerora hainbat kopia egingo zituzten, benetakoa zein zen zalantzan jartzeraino–. Horrenbestez, bi urte lehenago merkaturatutako auto modeloarentzat ustekabeko eta doako publizitate kanpaina bikaina egin zuen gertakariak.
Bonnie eta Clyde hil baino hilabete lehenago, Clyde Barrowek Henry Fordi (1863-1947) idatzi zion, bere produktuarengatik zorionduz. “Biriketan airea geratzen zaidan bitartean, auto bikaina egin duzula esango dizut”, hasten zen eskutitza. Gaizkileak zioen beti Ford V-a lapurtzen ahalegintzen zela, ihes egiteko parekorik ez omen zuelako. Fordek, eskutitza bere museoan jarri zuen ikusgai, ezusteko kanpaina are gehiago bultzatuz.
Harrigarriki, handik aste gutxira Fordek antzeko gutun bat jaso zuen, oraingoan John Dillinger banku lapur ezagunaren eskutik. Hark ere Forden autoentzat konplimenduak besterik ez zituen eta publizitate lelo bat ere proposatzen zuen: “Gida ezazu Ford bat eta beste autoak atzean geratzen direla ikusiko duzu”. Dillinger handik gutxira hil zuten, 1934ko uztailaren 22an.
Bi gutunen ustezko egileak hilda, ezingo zuten testuak benetakoak ziren egiaztatu edo gezurtatu. Baina, gerora, adituek eskutitzak aztertu zituzten eta Dillingerrena faltsutzat jo zuten zalantzarik gabe. Clyderen gutuna ortografia eta gramatika akatsez josita zegoen eta hori bat zetorren Burrowek jasotako heziketa maila eskasarekin. Baina sinadura ez zetorren bat Clydek erabili ohi zuenarekin eta gutun hura ere zalantzan jarri zuten adituek.
Hipotesi batek dio, lehen gutuna benetakoa zela eta Fordek bigarrena asmatu zuela lehenaren eragina indartzeko. Beste hipotesi baten arabera, biak faltsifikatu zituzten, publizitate kanpaina ezkutua abiarazteko. Henry Fordek maitasun gutunak bere buruari bidali zizkiola, alegia.