argia.eus
INPRIMATU
Familiabakoak
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2018ko martxoaren 30a

Galdera batek zurtuta laga ninduen ETBko Ur Handitan saioan. Xabier Madariagak Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri egindako honexek: Familiarik ez baldin baduzu uste duzu dela musikaren erruagatik?

Familiarik ez zeukala esan zion, aurretik haren arreba elkarrizketatu arren. Eragindako harriduraren ostean, gure amamaren sasoiko andreak etorri zitzaizkidan burura, halaxe galdetzen zuten-eta seme-alaben kontuaz.

Zaharmindu usaina hartu nion itaunari, badirudielako umerik ekarri ezean, ez dugula familiarik. Alferrik da gogoratzea guraso, neba-arreba, ilobak edota koinatuak izan genitzakeela, buru horietan familiabakoak izango gara beti kumerik ez dugunok.

Jakina, ezin aitatuko diegu lagun eta bizikide batzuk ere senideak bezain familiako direna guretako. Bizitzako trantzeak pasatzen, eta aurrera egiten laguntzen diguten pertsona begiko horiek ez dira odoleko familiakoak, ez dugu DNArik konpartitzen, baina bizipenak, pozak eta tristurak elkar banatu ditugu, bidea arinago egiteko asmotan. Aukeratutako gure familia dira, bestea bezain garrantzitsua.

Seme-alabak munduratu izanak ez duelako kategoria handiagoa ematen, ezta estatus altuagoa ere. Sendia modu askotakoa izan litekeelako, hain zuzen ere.