argia.eus
INPRIMATU
emakumeentzako sendabelar tailerrak
Osasunaren autogestioa lantzen
Garazi Zabaleta 2018ko martxoaren 23a
Argazkia: Ekin Emakumeak.
Argazkia: Ekin Emakumeak.Argazkia: Ekin Emakumeak.

Arrasaten dihardu Ekin Emakumeak elkarteak. “Gure hiru ardatzak euskara, aniztasuna eta emakumeak dira”, azaldu du Amagoia Muniozguren Urkiza kideak. Osasunaren autogestioa lantzeko emakumeentzako sendabelar tailerra egin dute otsailean eta martxoan.

Ama lurrak eskainitako lehengaiekin botikina osatzen

“Galtzen hasita zegoen jakintza berreskuratzea eta gure osasunaren autogestioa guk geuk egitea da asmoa”, dio Muniozgurenek. Izan ere, ahaztu egiten zaigu askotan gure inguruak osasuna zaintzeko hamaika landare eskaintzen dizkigula, farmaziako botikin asko baino eraginkorragoak. Sendabelarrekin etxerako oinarrizko botikina osatzea izan dute helburu tailerrean: olioak, tinturak, jarabeak, gatzak edota ezpainetako baltsamoak egiten ikasi dute, besteak beste.

“Lehenik inguruan dauzkagun landare eta sendabelar ezberdinak eta horietako bakoitzak dituen propietateak ezagutzeko saioak egin ditugu”, dio elkarteko kideak. “Landare bakoitza zertarako erabil daitekeen eta gure gorputzak adierazten digun minaren arabera zer datorkigun ondo eta zer ez ikastea da asmoa”. Behin teoria ikasita, mendi irteera egin dute landareak jasotzeko eta bakoitzarentzat zein den garai egokiena ikasteko.

Emakumeen saretzea tailerren bidez

Hirugarren urtez antolatu du aurten Ekin Emakumeak elkarteak emakumeentzako sendabelar tailerra. Interes handia pizten duen ekimena dela adierazi du Muniozgurenek: “Beti izan du arrakasta handia tailer honek. Jakin-min handia dago gai honen inguruan, eta oso aberasgarria izan ohi da, adin tarte handiko emakumeak elkartzen baikara”. 20 urte ingurutik 70 urte bitarteko emakumeak elkartu dira tailerrean aurten. Aniztasun hori oso aberasgarria dela uste du antolatzaileak, eta tailerrak elkar ezagutzeko eta emakumeak elkarren artean saretzeko ere balio duela.

Ekoudalatx elkarteko kideak aritu dira sendabelar tailerrean irakasle, baina parte hartzaileek ere euren artean dakitena elkartrukatzen dute. “Batek landare bat aurkitu badu ekarri egiten du, nola lehortu ikusten dugu… Bakoitzak ahal eta nahi duena aportatzen du tailerretan”, adierazi du Muniozgurenek.