argia.eus
INPRIMATU
Lehen aldi bat
  • Man Ray dantza emanaldiaren kronika. Taiat Dansa konpainiak eskainia Donostian, Victoria Eugenia antzokian, martxoaren 7an.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2018ko martxoaren 23a
Argazkia: @taiatdansa.
Argazkia: @taiatdansa.Argazkia: @taiatdansa.

Dantza emanaldi batera nindoala esan nion lankide bati, eta zalea ote naizen galdetu zidanean ez nekiela zer esan deskubritu nuen. Ez baitakit; ez baitut inoiz dantza emanaldiak ikusteko ohiturarik izan –aukerak ere gutxi–, ezta dantzaren gaineko askorik irakurtzerik ere. Lehen aldi bat izan da Victoria Eugenia antzokikoa, esango nuke. Gogo bete joan nintzen, hala, Taiat Dansa konpainia valentziarraren dFeriako Man Ray emanaldira. Testuinguru elegantea lan osteko asteazken iluntze baterako.

Man Ray argazkilari eta zinemagile estatubatuarrak musekin izan zituen harreman fetitxisten inguruan ardaztutako emanaldia ikustera nindoan, gizon artistek emakume modeloekin dituzten harremanez hitz egingo zuena; musa bat noiz den inspirazio iturri, noiz objektu soil, muga horretara aterako gintuena. Irrika nuen hori dantzaren lengoaiaren bidez nola emango zuten ikusteko.

Klaxk. Argazki-kolpe bat. Agertu ziren bi agertokian. Klaxk. Argazki-kolpe bat. Agertu ziren lau. Klaxk. Argazki-kolpe bat. Agertu ziren zazpi gizon esmokinean sartuta. Eta, klaxk, agertu zen emakume bat. Hasiera indartsuaren ondotik, forma askotako eszenek josi zuten ordubeteko emanaldia eta, aldiro, irudi ikusgarriak utzi zituzten agertokian. Ezpain margotuak, ipurmasailak eta bestelako elementu erotiko femeninoak jarri zituzten atze-oihaletan. Eraldatzen joan zen uneoro agertokiko argazkia, eta, denen artean, begietan geratu zitzaidanetako bat izan zen Cristina Reolid dantzariak kideek osatutako masa baten erditik gorputza altxatu zuenekoa, oihaleko begiak guraizeekin mozteko, oihu batean.

Ez dut Rayren unibertso surrealistaren berri eta, hori eta dantza emanaldietan hasiberri izatea tarteko, kosta egin zitzaidan emanaldia jarraitzea, Rayren obraren erreferentziak identifikatzea. Une solteek harrapatu ninduten; ez alferrik, dantzatik gehien zuten pasarteek. Estetikoki ederra izan zen mugimendu askoren zehaztasuna, eszena gaineko askotariko konposizioak, metronomo hotsaren mekanikara errenditutako gorputzak. Baina estetikoaz gaindi... Artea eta erotismoaren tentsioari dantza egitean, iragan mende hasierako eszenografian, bistakoa zen gizonen apetaren agintea.

Euskal intelligentsia deitzen duten etxe horretako izen handi bat izan nuen aldamenean eserita. Gustatu ote zitzaidan galdetu zidan publikoak zutik txalo jo bitartean, eta, haren aurrean barregarri geratzeko beldurrez, bueno bat atera zitzaidan. Niri ere ez asko, esan zidan. Zuk badiozu, nik nire barrurako. Egia hori da: hotz utzi ninduen lehen aldiak, eta, halere, errepikatzeko gogoa utzi dit ondorenak. Hala gertatu ohi da sarri.