argia.eus
INPRIMATU
Gezurra eta xantaia
  • Joan den astean Espainiako Kongresuan pentsioen inguruko eztabaida izan da; berriz ere, espainiar gobernuaren xantaiak eta gezurrak agerian geratu dira.

Juan Mari Arregi 2018ko martxoaren 20a

Bereziki Mariano Rajoyren diskurtsoak eragin du “sute” handiena eta joan den larunbatean milaka pentsionista kalera atera ziren beste behin masiboki, batez ere Hego Euskal Herrian.Rajoy kapitalismoaren kudeatzaile fidela da, eta sistemak inposatzen dion bidea hartu du: pentsioak pribatizatu finantza entitateak elikatzeko. Horretarako gezurra esaten du: ez dago dirurik pentsioak ordaintzeko, are gutxiago egungo pentsio sistema publikoa etorkizunean mantentzeko. Denbora irabazi eta kaleko presioa saihesteko, hobekuntzaren bat iragarri du, gehiegi zehaztu gabe, gutxieneko pentsioa jasotzen dutenentzat eta alargunentzat, baina Estatuko aurrekontuak onartzearen truk. Gainerako alderdiei eskatu die parlamentuan aurrekontuak babesteko, eta bestela… kito! Pentsionisten egoeraren arduradun oposizioa izango da, bera ez babesteagatik. Xantaia lotsagarria!

Gezurra da ez dagoela dirurik pentsionisten egoera aldatzeko. Ez dagoena da borondate politikorik. Badago dirua NATOri urtean 20.000 milioi euro ordaintzeko. Badaude beste 60.000 milioi euro bankuak erreskatatzeko, 2.000 milioi autopistekin gauza bera egiteko, eta milaka milioi monarkiarentzat, ejertzitoarentzat, politikarientzat… Lehentasun kontua da, ea nola banatzen dugun aberastasuna. Eta kapitalismoaren zerbitzura dagoenak, PP kasu, lehentasun horiek ditu. Euskal Herritik subiranotasun ekonomiko eta politikoa aldarrikatzen dugu, baina herritarren eta langileen interesei erantzungo dien gizarte segurantza bat kudeatzeko izan dadila. Zeren eta, bai, hemendik ere Rajoyk bezala kudeatu daiteke.