argia.eus
INPRIMATU
Ez naiz inoiz joan manifestazio batera
Edu Zelaieta Anta 2018ko martxoaren 20a

Sobera dira kausak, arrazoiak, motiboak. Mundua egunero argitzen eta iluntzen duen bidegabekeriak segida ziurra izanen du biharamunean, ziurgabetasunak gobernatzen omen gaituen aroan. Horregatik utzi zaitu hormatua gurasoen artean egindako adierazpen lasaiak: “Ez naiz inoiz joan manifestazio batera”.

Ez zara galderarik egitera ausartu –ez duzu halako konfiantzarik sumatu–, kausak, arrazoiak eta motiboak trumilka etorri zaizkizun arren. Arratsaldeko patioaren ordua bukatu eta ondoan, zalantza batek asaldatu dizu gogoa etxerako bidean: zenbat pertsona izanen dituzu inguruan behin ere manifestazio batera joan ez direnak? Beste zalantza larriago bat etorri zaizu lehengo zalantzaren orpotik: zenbatek eginen ote dute mundualdi oso bat manifestazio batera sekula joan gabe?

Ariketa ederra –eskerga, animalekoa– izaten da bestea(k) ulertzea. Zu, berrogeiak betetakoan, manifestaziorik gabeko pertsonen bizimoduak deskubritzen hasia zara. Praktika totalak dira, inolako zirrikiturik gabekoak, uste baino gehiago eta hurbilago dauden existentziak.

Txunditua zaude ezagutzen ari zaren birjintasun horrekin.