2007an Arte Ederretan lizentziatu zenetik arte esparruan dihardu lanean gelditu gabe. Okela Sormen Lantegiko kide da gaur egun Sahatsa Jauregi Azkarate (Itaparica, Brasil, 1984ko irailaren 25a).
Sari berezia lortu zuen 2013an Gipuzkoako Artista Berrien programan, Goods. Ondasuna proiektuagatik. “Lan metodologia zehatz batetik abiatzen naiz arte jardunean: bildumagilearena. Argazkiz eta objektuz osatzen den amaiera gabeko atlas batean biltzen ditut, erakargarriak egiten zaizkidan ikur eta elementuak”.
Gerora azaldu izan du zein den arrazoia: “Bilduma hori fijatzen da pertsonak, inguratzen gaituen horrekin, deskuidoz edo borondate artistikorik gabe behintzat, eratzen dituen ariketa sentsibleetan”. Alegia: zer dio gutaz gure gelak, gordetzen dugun objektu sortak, inongo borondate artistikorik gabe baina logika baten arabera ordenatzen ditugun moduak, zer dio gutaz gure gustu onaren zentzuak, zer dio gutaz guretzako ona den gustua barneratzeko jaso dugun heziketaz, zer dio gutaz gure gelak.
2016aren bukaeran jarri zuen erakusketa Carreras Mugica galerian, Bere zure zulo, eta hangoa da hemen ikusten duzun lan hau. Urtebete lehenago oso ezaugarri diferentetako bi ekitalditatik jaso zuen enkargua: garaikurrak egitea. “Ni ordurako hasia nintzen erositako objektuekin lanean, kolekzionatzen nituen objektu-fetitxeekin, eta garaikurren proposamen hau jaso nuenean erabaki nuen logika bera aplikatuko niela enkargu hauei, hau da, estudioan eskulturak egiten nituen modu berean landuko nituela”. Antolatzaileei ez zitzaizkien gustatu, antza, garaikurrak, baina artistak garaikurrekin lanean jarraitzea erabaki zuen.
Gustu oneko jotzen ez diren objektu hauekin artelanak egitean, Nicolas Bourriaudek exforma deitu duen hori agertzen da hemen, garai baten ikur.