argia.eus
INPRIMATU
Pozoiaren aho sabaia
Jakoba Errekondo 2018ko martxoaren 14a
Ezker-eskubi, Jérôme Douzelet sukaldaria eta Gilles-Eric Séralini biologoa. Pestiziden dastaketak antolatu dituzte, ardoetan topatutako pestiziden dosiak uretan dastatzera emanaz.
Ezker-eskubi, Jérôme Douzelet sukaldaria eta Gilles-Eric Séralini biologoa. Pestiziden dastaketak antolatu dituzte, ardoetan topatutako pestiziden dosiak uretan dastatzera emanaz.

Ardo eta sagardo ekologiko eta biodinamikoen beste muturrean daude ardo industrialak edo kimikoak. Azken hauek produktu kimiko sintetikoak erabiltzen dituzte; mahasti eta sagastietan hormonak, ongarriak, pestizidak, herbizidak eta abar, eta upategietan, antzera.

Produktu kimiko gehienak sintetikoak dira, hau da, industrietan sortutakoak. Gutxi batzuk besterik ez dira naturalak. Produktu kimiko horiek arrastoa uzten dute bai lurrean, bai ingurumenean, bai landareetan, bai fruituetan, bai ardoetan, bai sagardoetan. Beraz, argi izan behar dugu: produktu horietako asko guregana iristen dira. Honezkero igarri diozu, gure aho sabaiaren eta berarekin hertsiki uztartua dagoen garunaren gozamenerako hartzen dugun mama gozoak zure gorputzean ere arrasto ederra utziko du.

Sagardoak eta ardoak edaten ditugunean, edariaren kalitateari buruzko iritzia ematean, gero eta ohikoagoa da azalpen zabal, zehatz eta zorrotzagoak entzutea. Ikasten ari gara. Edariaren ezaugarrietatik abiatuta, bere bizitzari buruzko datu harrigarrienetara irits gaitezke: zein lur eta lurpe motatan bizi den fruitu arbola, zein aldaerako fruitua den, zein eguraldi segidak baldintzatu duen uzta hori, nola landu den upategian... Horretarako hizkuntza osatzen ari gara. Sagardo-ardoa edan duen aho berak esango ditu aho sabaian eta garunean sortu dizkion irudipenak, zirrarak, usteak eta iritziak.

Edaria hizkuntza bilakatzeko itzultzaile egokia izateari aho sabaia izatea deitzen zaio gure etxean. Aho sabaia edo jakintza hori dastamen papiletan eta sudur mintzean edo pituitarioan datza. Eta, jakintza guztia bezala, landu eta hezi egin behar da. Eta jantzia izatea jan hitzetik baletor, edarietan jantzia izateari edantzia edo nola arraio esan behar diogu?

Edantzi edo jantzi izateko asmo horretan, bi lagun frantsesek urrats izugarria egin dute. Jérôme Douzelet sukaldariak eta Gilles-Eric Séralini biologoak pestiziden dastaketak antolatu dituzte. Ardoetan topatutako pestiziden dosiak uretan dastatzera ematen dituzte. Ardogintza kimikoa edo ez ekologikoa, munduko pestizida erabiltzaile handiena dela diote. Kasu euskal ardogileak eta sagardogileak! Jantzi eta edantzi ekologikoan.