argia.eus
INPRIMATU
Pauso erdirik ez atzera
  • Joan den astea historikoa izan zen, bai Euskal Herrian eta baita Espainiako Estatu osoan ere. Mobilizazio jendetsu eta handiak egin dira pentsionisten eta emakumeen eskutik.

Juan Mari Arregi 2018ko martxoaren 13a

Biek jarri dute mahai publikoaren gainean milioika pentsionistei eragiten dieten murrizketa ekonomiko eta sozialak, hala nola milioika emakumeri eragiten dien berdintasun falta. Egoera horiek, bestea beste, Estatuaren eta administrazioen inbertsio publikoa eskatzen dute.

Asteak publizitate hutsa diren irudiak ere erakutsi dizkigu: euren esku irtenbide politiko, ekonomiko eta sozialen zati handi bat dutenek (gobernuak, parlamentuak…), emakume eta pentsionisten kezka eta aldarrikapenekin bat egiten dutela diote. Eta ikusi ditugu hedabideetan lazo morea soinean zutela, eta emakumeen edo pentsionisten alde adierazpenak egiten. Marea sozial eta feminista, oraingoan hain izan da handia, inork ez duela argazkitik kanpo geratu nahi izan. Botoek balio handia dute, eta denek erakarri nahi izan dute beren sorora gertaturikoa.

Ez gaitezen engaina. Martxoaren 8a igaro da, mobilizazio jendetsuak ere bai, eta dinamika horrek denbora luzez ezin duela iraun uste duten politikariak neguko kuarteletara itzuli dira. Mobilizazio sozial, feminista eta herrikoiek aurrera jarraitu behar dute derrigor, pauso erdirik atzera egin gabe. Garaia da politikari eta gobernu horiek euren konpromisoak bete eta irtenbide politikoak bila ditzaten kalean dauden eskaerei erantzuteko. Gezurra da ez dagoela dirurik pentsio duinentzako eta berdintasunaren bidean soldata arrakalarekin amaitzeko. Arazoa da nola banatzen ditugun aurrekontuak eta zein lehentasun ematen diegun. Pauso erdirik ez atzera!