argia.eus
INPRIMATU
Larru bizirik
Irati Elorrieta 2018ko martxoaren 14a

Gizonezkoak “y se la folla” esaten du, esaldiari denok irudikatu dezakezuen keinua gehituz. Erre egiten dit barruko zuntzen bat bere adierazpenak. Zuzentasunaren zuntza deituko diot. Gero konturatzen naiz bere hitz aukeraketa ez dela politikoki zuzena izango, baina egia bat ukitzen duela. Eszena arrunt bat interpretatzen ari zen, iraina pairatzen dagoenak beste inork dramatikotzat joko ez lukeena. Pairatzen dagoenak ere, ez dio beti dramatikotasuna aitortuko. Bortxaketa, agresioa, nagusikeria, neurrigabekeria ez da beti fisikoa. Askotan, gehienetan, egunero, zolia izaten da, sotila. Ondo aukeratutako hitz batzuk izan daitezke. Begirada bat, arma nahikoa.

Larrutan egin gabe larrutzen zaituena gizonezkoa izan daiteke. Edo emakumezkoa izan daiteke. Besteak umiliatzeko gaitasuna ez du zakilak ematen. Patologikoak ez diren kasuetan, norberaren erabakia da. Gure erabakien erantzule garen neurrian, denok kuestionatu genitzake gure praktikak, praktikatu genitzake praktika berriak.

Lagunak eta biok hizpide genuen kasuan, unibertsitatean zinema irakasle izan genuen eta bere burua feministatzat zuen emakume lesbiana batez oroitzen ari ginen. Zehaztapen horiek ematen ditut, ez haiek azpimarratzearren, hutsalak iruditzen zaizkidala esan ahal izateko baizik. Irakasle hark birrindu egiten zituen ikasle batzuk, emakumezkoak batez ere, edo soilik, ez nago seguru. Jarrera perbertso bat zen gure hizketa gaiaren zentroan genuena, baina egunerokoan barra-barra ia oharkabean gertatzen direnetakoa. Erruz, erraz, eguneroko harremanetan: familia barruan, unibertsitatean, lantokian, leihatiletan.

Niri ez litzaidake burura etorriko halako begirada edo komentario iraingarri bat deskribatzen ari naizela “y se la folla” esatea. Ez zait bururatzen, ez dudalako horrela hitz egiteko ohiturarik, desatsegina egiten zaidalako horrelako esaldi bat ahoskatzea edota entzutea. Modu onetan hezia izan naizelako. Baina baita ere, ez dudalako sexu-kode  baten arabera irakurtzen nire inguruan gertatzen dena. Hitz egiten ari zen lagunak, ordea, beste hizkera batez gain, beste lente batzuk erabiltzen ditu, ez dio zuzentasun politikoari men egiten, eta erdiz-erdi asmatu zuen funtsean bere esamoldearekin. Metafora bihurtuta, noski.

Batzuek adiera literalean egiten dutena, beste batzuek irudizko adieran egiten dute. Nabaria da emakumeak tiraniaz tratatzen dituzten albornozez jantzitako produktore eta zuzendarien ereduaren perbertsioa. Ez du deskodifikaziorako arazorik sortzen. Saihestezinak balira bezala onartzen ditugun egoera arrunt askoren eraso-izaeraz, ostera, sarri, ez gara konturatu ere egiten. Norbait negarrez irten da bulego batetik, eta zer? Zerbait aski ongi egiten ez dakielako zapata-zola baten altuerako autoestimuarekin irten da gainera. Xehatuta.

Botere ezberdintasuna dago horrela deskribatzen diren harremanetan. Erasoa bizitzen dagoena beti dago egoera ahulean. Esan dezagun: prekarioan. Eta prekarioan dagoena ez da ziur sentitzen. Prekarioan dagoenak bere existentzia salbatu behar du nola edo hala. Prekarioan dagoenak balio duela demostratu behar du etengabe. Prekarioan dagoena beldur da “horrela ez” esateak izan ditzakeen ondorioez. Prekarioan dagoena bakarrik sentitzen da. Bakarrik, bere lotsaren konpainian. Eta orain: prekarioaren gain boterea duenak ondotxo daki guzti hori. Ondotxo daki nola profitatu ahuldade amalgama horretaz. Eta baietz asmatu zer egiten duen? Nik ez dut esango...