2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritar batek Sarrigurengo (Nafarroa) ubidearen alboko gune naturalean baso jangarria sortzea proposatu zuen. Momentu hartan proiektuen artean bozkatuena izan ez zenez, atzera bota zen proposamena. Baso jangarria sortzearen ideia hor geratu zen, ordea, eta herriko lorezaintza taldeak erabaki du orain proiektua berrartu eta beste modu batean aurrera ateratzea. Martxoaren 10ean ekin diote basoa sortzeari ingurumen boluntariotzako kideek eta hainbat herritarrek.
“Aurrekontua lortu ez eta ideia atzera bota zenean guk pentsatu genuen: zergatik ez dugu ba egingo? Beste modu batean egiterik egonen da”, azaldu digu Mikel Etxarte Azkarate Eguesibarko ingurumen zinegotziak eta proiektuaren bultzatzaileak. Herriko lorezaintza taldea hasi zen orduan basoa sortzeko proiektua martxan jartzen, beraiek erosi dituzte beharrezko landare, zuhaixka eta materialak.
Urtez urte, basoa sortzen pixkanaka joango direla dio Etxartek, eta oraingoa proiektuaren lehen urratsa dela. “Zuhaixkak non joanen diren lorezaintza taldeak definitu du: masustak, masusta gorriak, basaranak, eta zuhaitzen gunea egonen dira, besteak beste intxaurrondo, gereziondo aranondoekin”. Baso jangarriaren inguruan ibilbide moduko bat egitea dute asmo, eta ingurumen boluntariotza taldea eta herritarrak aritu dira hura sortzeko lanean. “Garrantzitsua da horrelako guneak egotea hiri inguruetan, jendearentzat ez ezik, fruta horiek hegazti eta ugaztun askoren elikagaiak baitira negua pasatzeko”, dio zinegotziak.
20 pertsona inguruk osatzen dute boluntario lantaldea, gehienak bailarako herritarrak dira, baina Iruñeko eskualdeko jendea ere badago. Orain arte, baso jangarriarenaz gain beste bi ekimen egin dituzte boluntarioek: iaz urmaelak naturalizatzen aritu ziren anfibioentzako mikro-hezeguneak eginez, eta Aterpeak proiektuaren baitan, berriz, hegazti harraparientzako habia-kaxak egiten aritu dira.