argia.eus
INPRIMATU
Edertasun hurbila
Montserrat Auzmendi del Solar 2018ko martxoaren 14a
Pucciniren ‘La Bohème’ Opus Lirica orkestra. Zuzendaria: José Rafael Pascual Vilaplana. Eszena-zuzendaria: Pablo Ramos. Eszenografia: Raúl Arraiza eta Koldo Tainta. Bakarlariak: Ainhoa Garmendia, Francisco Corujo, Helena Orcoyen, Andrei Bondarenko, César San Martín, Alessandro Trotta eta Jagoba Fadrique. Kursaal Auditorioa. Martxoaren 2a.

Puccini-ren La Bohème obra guztiz atsegina da, operazale eta ez hain zaleentzat. Sentimendu gordin eta errealak irudikatzen dira: bakardadea, maitasuna, elkartasuna, beldurrak… Agertzen diren pertsonaiak ez dira hain “nobelakoak”, egiazkoak baizik. Horrexegatik suertatzen da hain hunkigarria. Zaila da negarrik ez egitea istorioaren bukaeran, modu batean edo bestean denok identifikatzen garelako sentimendu horiekin.

Opus Lirica elkarteak Donostian egindako produkzioa haratago joan zen. Aurrean aipatutako bertuteei, taula gainean izan genuen taldearen freskotasuna eta gertutasuna gehitu zizkien. Iragarri zuten Francisco Corujo tenoreak arazoak zituela eztarriarekin eta, beraz, ezin izango zuela “dena” eman saio horretan, axola gutxi ordea. Ahots aldetik guztiz biribil ez ibili arren, interpretazio adoretsu eta sinesgarria egin zuen, oso “benetakoa”. Eta hori izan zen publikoarengana iritsi zena.

Baina, guztien artean, aitortu behar da Ainhoa Garmendia sopranoak bere distira hedatu zuela auditorioan. Adierazkortasuna, samurtasuna, eta teknika fin-fina eskaini zituen. Lehenengo ekitaldian hain ederra den Si mi chiamano Mimi ezin gozoagoa egin zuen. Hitz bakoitzari eman zion inflexio eta tonu egokia Mimiren aurkezpena egiteko. Jakin zuen pertsonaiari sakontasuna ematen eta urtu egin zituen entzuleak aria horrekin. Bestalde, zur eta lur utzi gintuen hirugarren ekitaldiko Donde lieta uscì ariarekin, adierazkor eta ongi kantatua.

Helena Orcoyen sopranoak Musetta bizia egin zuen. Ahots motzagoa du baina primeran kolokatzen du eta, horri esker, Quando m’en vo bals famatua ederki iritsi zitzaigun.

Aipamen berezia merezi du Andrei Bondarenko baritono ukrainarrak, Marcello erakargarria interpretatu zuelako. Ezin hobeki emititzen du ahotsa abeslari honek, eta auditorio osotik garbitasunez entzuten da.

Opus Lirica orkestra, José Rafael Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean, doitasunez baina distira berezirik gabe aritu zen. Ongi azpimarratu zituzten ahotsak, halere. Pablo Ramosen eszena-zuzendaritza eta Raúl Arraizaren eta Koldo Taintaren eszenografia oso lagungarriak izan ziren gertutasun-giro berezi hori lortzeko. Disfrutagarria.