argia.eus
INPRIMATU
Galdera erretorikoak
Miren Artetxe Sarasola 2018ko martxoaren 06a

Galdera erretoriko batek ez du, berez, erantzunik eskatzen, formaz dialogo baten hasiera badirudi ere. Galdetzaile erretorikoaren helburua ez da zalantza bat adieraztea edo ezagutzen ez duen informazioa eskatzea.

Badaude kaltegabeko galdera erretorikoak. Ia-ia antzeman ere egiten ez direnak. Kalean inor presaka gurutzatu eta bekainak igoz botatako “zer moduz?” hori, esaterako. Edo “zergatik gertatzen zait dena niri?” tragikomikoa.

Maiz, ordea, galdetzaile erretorikoak  nahi duena besteren aurrean bere ikuspuntua berrestea da, eta aldi berean, entzulea hausnarketara bideratzea, azken finean, bere iritziarekin bat egin dezan.

Eta badaude, ahoskatze hutsez botere-harreman bat sortzen edo birsortzen duten galdera erretorikoak ere, autoritate jakin batetik baino egin ezin direnak. “Zenbat aldiz esan behar dizut isiltzeko?” edo “zer zaude, erotuta?”, esate batera.

Eta galdera egin aurretik botere harremana berez egon badagoenean galdera erretoriko bat egiazko galderaz mozorrotzeak badu halako gurasokeriazko perbertsio kutsu bat. “Orduan ez duzue nahi gizon feministok grebarik egin dezagun?” izan liteke adibide bat.

Ez baita gauza bera interesa adieraztea eta… interesa adieraztea.