Emakumeen borroka, gizonen eskubide berak izan eta berdintasunezko jendarte baten alde, ez da gaur egungoa.
Erdi Arotik emakumeak saiatu dira gizonen esplotaziotik libre izaten. XIV. mendeko Europako nekazal matxinadak aipa ditzakegu, edo XVII. mendetik XIX.era Iparramerikan eta Ingalaterran zabaldu ziren ehungintzako grebak –langileak 20 urterekin hiltzen ziren lan baldintza txarrengatik–. Ezin ahaztu Frantziako emakume komuneroak, edo zigarrerak, pospologileak, zirgalariak eta espartingileak, Euskal Herrian, Katalunian nahiz Andaluzian. Eta berrikitan Bizkaiko zahar-etxeetako greba eredugarria izan dugu. Emakumeek borroka luze eta gogorra mantendu dute. Ehunka urte geroago, behin-behineko hobekuntza txiki batzuk izanik ere, esplotazioak eta desorekak irauten du.
Soldata arrakala izugarria da: gizonek batez beste 5.982 euro gehiago irabazten dute emakumeek baino –urtean 25.727 euro, 19.744 euroren aldean–. Arrakala handitu egiten da jubilazioagatiko pentsioen kasuan: emakumeek hilean 742 euro jasotzen dute batez beste, gizonek aldiz 1.197. Datu politiko bat: Espainiako Kongresuan 350 diputatutik soilik 138 dira emakumeak.
Martxoaren 8an greba eta mobilizazioek egoera injustu hori ikusaraziko dute mundu osoan. Diskriminazioarekin hautsiko duten politikak behar dira; mendetasun eta esplotazio sexualarekin amaitu behar da. Horretarako, ezinbestekoa da gobernuetan emakume militanteek eta euren eskubideak defendatuko dituztenek –ez kapitalismo patriarkalaren zerbitzura dauden aldian aldiko Thatcher edo Lagardeek– ordezkaritza zabalagoa izatea. Eta gizonok, politikariak zein ez, emakumeen eskubideen aldeko militante eta aktibista izan gaitezen.