argia.eus
INPRIMATU
Baserritarrek ekoizten dute munduko elikagaien %70, baliabideen %25arekin
Garazi Zabaleta 2018ko martxoaren 12a
Urtero 75.000 milioi tona lur goldagarri suntsitzen ditu nekazaritza industriak, basoen 7,5 milioi hektarea eraisten eta nekazaritzan erabiltzen diren erregai fosilen %90 kontsumitzen. Baserritar txikien ereduak, berriz, nekazaritzarako erabiltzen den ura
Urtero 75.000 milioi tona lur goldagarri suntsitzen ditu nekazaritza industriak, basoen 7,5 milioi hektarea eraisten eta nekazaritzan erabiltzen diren erregai fosilen %90 kontsumitzen. Baserritar txikien ereduak, berriz, nekazaritzarako erabiltzen den uraren %20 darabil, erregaien %10, eta ez du lurren eta basoen suntsiketarik eragiten. Bi ereduen talka argia da ingurumenari begira ere.

“Munduan geroz eta biztanle gehiago garenez, elikagaiak ekoiztuko dituen nekazaritza industria handiaren beharra ezin da ukatu”. Agroindustriako enpresen eta eredu transgenikoaren bultzatzaileen argudio nagusietakoa da aurreko hori, euren ereduaren baliagarritasuna justifikatzeko darabiltena. ETC Group gobernuz kanpoko erakundeak egin duen ikerketak, ordea, mito horiek eraitsi eta elikadura buru-jabetzari lotutako elkarteek aspalditik aldarrikatu dituzten errealitateak atera ditu argitara.

Baserritar txikiak mundua elikatzen

Nekazari txikiek, indigenek eta familiako laborariek ekoizten dute munduko herritarrok jaten dugunaren %70, ikerketaren arabera. Esanguratsua da, gainera, lurreko baliabide naturalen –ura, lurra eta erregaiak– %25 soilik darabilela nekazaritza eredu horrek. Beste aldean legoke nekazaritza industria kate erraldoia: munduko baliabideen %75 erabilita ere, herritarren %30 soilik elikatzen du.

Gobernuek gosea amaitu eta aldaketa klimatikoa geldiarazi nahi badute, ez dute baserriko nekazaritza bultzatzeko politika publikoak martxan jartzea eta bultzatzea besterik, ETC Groupen arabera. Nork elikatuko gaitu? Baserritarren elikagaien sareak edo nekazaritza industriaren kateak? izeneko ikerketaren ondorioetan nabarmendu dutenez, munduko gosearen arrazoia ez da elikagai falta, elikagai horien banaketa bidegabea baizik.

Bitartean, agroindustriako enpresa handiak baliabide naturalak xahutzen

Ikerketako txostenaren arabera, urtero 75.000 milioi tona lur goldagarri suntsitzen ditu nekazaritza industriak, eta basoen 7,5 milioi hektarea eraisten. Horrez gain, nekazaritzan erabiltzen diren erregai fosilen %90 kontsumitzen dituzte enpresa handi horiek. Baserritar txikien ereduak, berriz, nekazaritzarako erabiltzen den uraren %20 soilik darabil, erregaien %10, eta ez du lurren eta basoen suntsiketarik eragiten. Bi ereduen talka argia da ingurumenari begira ere.

Kate agroindustrial handiek urtero sortzen dituzten 4.000 milioi tona elikagaietatik %33 eta %50 artean galdu egiten dela ere (prozesatzeko, garraiatzeko edo biltegiratzeko garaian) ondorioztatu du ikerketak. Ikerketaren egileek azpimarratu dute politika egokiekin nekazaritza eredu agroekologikoak landa eremuetan enplegua hirukoiztu, hirietarako migrazioa gutxitu, elikagaien kalitatea hobetu eta gosea ezabatu lezakeela.