argia.eus
INPRIMATU
Apustua
Koldo Aldalur Hirigoien 2018ko martxoaren 06a

Edozein negoziaziotan, mahaian eseri aurreko barne hausnarketak oso garrantzitsuak direlakoan nago. Tartean daudenen indarrak neurtu behar dira, eta noraino iristeko prest zauden garbi izan. Gero eginaz, esanaz, eta batik bat sinatuaz damutzeak galtzaile bihurtuko zaitu, eta botatako seinaleak galtzeak duintasuna ere galtzen ari zaren sentsazioa ekarriko.

Ez naiz ari Kataluniako egoera politikoari buruz, Iker Vicentek eta Xabier Orbegozo Arria V.ak apirilaren 8an jokatuko duten aizkoljokoari buruz baizik.

Behin, niretzat herri kirol kontuetan jakintsuena zen Esteban Saralegiren etxeko aldaba jo nuen, eta badira hark arratsalde euritsu hartan oparitutako bi esaldi ahaztuko ez ditudanak. Lehenengoa: “Pertsona zuhaitzaren antzekoa da, gaztetan azala biguna eta barrua sendoa, eta zahartzean azala takarra eta barrua biguna. Eta bigarrena: “Apustuak mahaian irabazi behar dira”.

Moja bati, denen begi-bistan, eskuarekin hartuta esparrago lodiak ahoan sartzeak matrailak gorritzen zaizkion bezala, niri ere, lotsa ematen dit maisu jakintsuari kontra egitea, baina, nire iritzian, apustuak mahaian eseri aurretik erabaki ohi dira, eta ez beti behin mahaian aurrez aurre eseritakoan.

Cantabrico tabernako zitara postura ezberdinean heldu ziren Otsagabiakoa eta Errezilgoa. Azken honen gertukoek lau haizetara zabaldu zuten aurreko asteetan apustua nahi zutela. Herri kirol zaleren batzuek “nahi” baino gehiago “behar” ulertu zuten, eta hori ez da komenigarria izaten mahaian baldintza hoberenetan eseri nahi duenarentzat.

Iker Vicentek hiru proposamen eraman zituen mahaira, nahiz eta enbor handienekoa berak ere ez zuen gustukoa. Haren segidakoa onartuko ziotela ziur zegoen eta, ustez bederen, apustua egiteko halako premiarik ez zuenez, bazekien berea onartu beharko zutela arriatarrek, elkarri bostekoa eman nahi bazioten behinik behin.

Azkenean, errezildarrak hamabi kanaerdiko plazaratuko ditu, eta otsagabiarrak hirurogei ontzako zortzi pago enbor.

Hala ere, indarrak parean daude. Gazteak eskura izan zuen iaz Euskal Herriko txapela. Beteranoa bere goitizenaren jabe da, harria baino gogorragoa, saiatua, eta ordubete inguruko lana egiteko unerik hoberenean dago azken apustuak irabazita. Biek dakite plaza zer den, baina gazteak ez daki apustua zer den.

Xabierren aitak, Arria II.ak, behin esan zidan jende aurrera ateratakoan apustua jokatzera praka barrenak dantzarik egiten ez badu hor aizkolaririk ez dagoela. Aizkolarienak ez ezik, aizkorazale askoren galtza barrenak ere ederki mugituko dira epaileak haserako txistua jotzen duenean. Itxura ikaragarria du.