argia.eus
INPRIMATU
Karrikan
Itxaro Borda 2018ko otsailaren 27a

Duela gutxi, arratsalde euritsu batez, Baionako merkatu estaliaren saihetsetik pasatzean susmatu nuena iltzatua daukat memorian. Gurutzatuak nituen alabaina erlijio ezberdinetako predikatzaileak Lapurdiko hiriburuko gauetan edo arraberritzen ari diren Santizpiritu zubiaren puntetan. Guztiek, hiltzea zilegi, paradisua hitz ematen digute beraien fede-bide latz eta gogorren irakaspenak egiaztatzen baldin baditugu.

Bi gizon baziren, bizardunak, trapu zaharrez jantziak, palestinarren keffie antzeko oihal puska gorrixka baten gainean belauniko eta konkortuak merkatu estaliaren burdinazko zutabe baten maldan. Marmara isilez zutitzen zihoazen, esku ahurrak zerura, bertatik iragaten ziren jendeez axolarik gabe. Arratsaldeko bostak eta Mekara zituzten buruak. Nik Meka beste aldera jarriko nuen arren, banekien ez zirela hatha yoga mugimenduetan akitzen.

Begiesten nuenak tristuraz eta uherduraz bete ninduen. Otoitza karrikan egiten zuten, alta Baionan ez da ostatu, ashram, tenplu, sinagoga, eliza eta meskita eskasik. Funtsean, muturreko kristauek ere gauza bera egiten dute abortuaren kontrako ekintzetan. Ematen du, dagoeneko, fedeak espektakulua  izan behar duela eta espazio publikoa inpudikoki pribatizatua dela!