Euskarak bizi duen korapiloa kontu unibertsala dela dio Jon Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Unibertsitateko idazlea, irakaslea eta hizkuntza lankidetza xede duen Garabide elkarteko kidea da. Hizkuntzen biziberritzeaz bezainbatean, munduko hizkuntzen plazan euskarak zer irakatsi eta zer ikasi franko duela dio.
Hizkuntza lankidetza, aski gauza etereoa, askoren ustez.
Ideia azaltzen ez da zaila. Ibilbide bat badugu egina Euskal Herrian, hizkuntza berritzeko lanean. Horrek, beste aurpegi bat ere badu, hau da, nazioartekoa, kanpoko beste zenbait esperientziarekiko loturarena. Garapenerako kooperazioa ulertzeko modu jakin bat lotu dakioke horri, asistentzialismotik urruntzen dena, hemendik hara dirua bidaltzeaz ari ez dena, kooperazio modu horren argi-ilunetan sartu gabe esanda, errespetuz. Hizkuntza lankidetza jakintza-fluxuak sortzetik abiatzen da. Egoera asimetrikoak bizi baditugu ere, ezagutza eta esperientzia partekatzetik abiatzen da kooperazio hau. Munduko herriei begira jarriz gero, hizkuntzen gainbehera handia gertatzen ari da, kontinente guztietan ere. Hizkuntza horietako batzuetan galdezka ari dira, galga non jarri, biziberritzeko prozesua nondik hasi… Komunitate horietako batzuek gobernu mailako boterea dute, beste batzuek ez, eta galdekizun zehatzak eginez hurbildu izan zaizkigu, ikastolak nola sortu genituen, hizkuntza estandarraren gaineko eztabaidak nola bideratu genituen, helduen euskalduntzea nola abiarazi genuen, interneten zertan garen, eta beste, jakin nahirik. Garabideren intuizioa horixe izan zen, lankidetzarako lan-arloa zegoela.
Hizkuntza lankidetza ez da aintzat hartzen.
Lankidetzaren lerro nagusia ekonomiari lotua izan da, pobrezia sozioekonomikoari kontra egitea, eskolak jasotzea, errepideak egitea… Herri horiek badituzte bestelako ametsak ere, hizkuntzaren biziberritzeari lotutakoak, eta lankidetza bultzatzekotan hortik ere jo beharko genuke, beraiek ideiak eskatzen ari baitira. Bestalde, herri moduan nazioarteko garapeneko politika bat izan behar badugu, ondo legoke geure buruari galdetzea zer garapen politika landu beharko genukeen, zer dugun partekatzeko dena delako herri horiekin, zertan aberats dezakegun elkar. Galdera egin orduko dator erantzun bat ere: euskararen biziberritzean egin dugun bide herrena partekatzea, besteak beste. Uste dugu kooperazio politika batek galdera hori egin behar duela. Jaurlaritzak, diputazioek, udalek… ehunka proiektu laguntzen dituzte diruz Latinoamerikan eta bestetan. Eta diru asko da. Lankidetza horren atal bat hizkuntza lankidetzatik bideratu beharko litzatekeela uste dugu, Europa osoan denek kooperaziorako proiektuak finantzatzen badituzte ere, inor ez delako ari lankidetza mota honetan. Kooperazio sozioekonomikoan milaka agentzia eta GKE ari dira. Hizkuntzak biziberritzeko esperientziak partekatzen, inor ez. Horretan hasi da Garabide. Hala ere, aitortu behar da egiten dugun apurra tanta bat dela itsasoan. Hizkuntzen galera-erritmoa, une honetan, itzela da.
Hizkuntza lankidetzan ari zaretela, zer partekatzen duzue, zuzen?
Hasteko, ikasi. Egon, entzun, ezagutu. Urteak behar dira entzuten eta ulertzen, leku bakoitzean bere koloreak ditu egoerak. Partekatzeko daukaguna da euskararen 60 urteko astinaldi-aro hau, bere sakoneko egitura eta adarrak. Euskararen biziberritze prozesuaren hasierak, estrategiak, lorpenak, mugak eta porrotak. Corpusean, hezkuntzan, hedabideetan, helduen alfabetatzean, kultur sorkuntzan, enpresen euskalduntzean, administrazioan eta familia transmisioan eta abarretan dauden galdegaiak. Urrian izan duguna bezalako ikastaldian, adibidez egun batean goaz Goiena komunikazio taldea zertan ari den ikustera, eta hurrengoan orain dela hiru urte sortutako Biriatuko ikastolako gela bisitatzera eta hango guraso-irakasleekin goiza pasatzera. Gure gauza txiki, handi eta ertainak, ikasketa-metodo zirkular baten barruan. Kontua ez da euskararen bidea eredu hartzea. Gauza hauetan ez dago eredurik, eta herri bakoitzaren bidea errepikaezina da. Esan dezagun inspirazioak sortzen direla. Laburbilduz, minbiziaren aurkako terapia esperimental bat partekatzen ari gara, hau da, gure hiztun-komunitateak azkeneko urteetan egin duen bidea. Besterik da gu geu minbizia gainditzen ari garen edo ez, gure arteko debatea da hori. Minbiziak jota dauden eta terapia arloan pista bila datozkigun beste zenbait komunitaterekin partekatzen dugu egin dugun bidea.
Minbizi hitza aditu eta ikaratu egin ohi gara.
Zer gaitzekin egin liteke analogia hizkuntza minorizatuen iraungitze honetan? Galdera egin izan dugu truke-lan honetan. Datozkigun komunitate askok bizi duten arazoaren larria bistaratzen laguntzen digu. Gainbehera handia da, baina, bestalde, paradoxa ere bada, gobernuak inoiz baino gehiago ari baitira esanez hizkuntza indigenok legez babestuta daudela. Eta egia da, komatxo artean bada ere, legez babestuta daude, inoiz ez bezala, herrialde indigena zenbaitetan hezkuntza elebidunak 30 urte bete ditu… Azken 30 urteetan izan dute, adibidez kontinente amerindiarreko hizkuntzek, azken mendeetako lege-babesik handiena, aldekotasun diskurtsiborik handiena, inoiz baino “gauza gehiago” egiten ari dira, eta aldi berean, galera inoiz baino handiagoa da. Paradoxa hau ulertzea ez da zaila, baina bere barrunbeak miatzea da kontua. Diagnostiko gordina egitea da lehen pausoa.
Trukea du oinarri Garabidek. Zer jasotzen du zuen erakundeak hiztun komunitate indigenetatik?
Haiek ez dira gu bezain hizkuntzazentrista. Kultur fluxu handiago baten barruan kokatzen dute hizkuntza. Horretan interpelatzen gaituzte, aipatzen baitute hizkuntza aurrera atera nahian kulturaren beste hainbat arlo bazterrera utzi ditugula. Beste alde batetik, haiekin egonda ahaleginaren espiritua berritzen zaigu, hemen batzuetan nahiko behea jota dagoen gogoa. Haien begiratuak, bestetik, geure buruak esplikatzera behartzen gaitu, eta, esaterako, nik neuk hobeto ulertzen dut euskararen bidea, hona datozkigun indigenei esker. Haien aurrean agertzeko, informazioa birformulatu eta birrulertu behar izan dugu, sintesiak egin, gure zuhaitzaren egitura eta gakoak ikertu. Ez da nire kasua bakarrik. Hemen igarotzen duten aldian, komunitate indigenetako kideek hainbat erakunde eta arlo bisitatzen dituzte, eta leku horietako solaskideek ere beren buruari buruzko begiratua doitzeko aukera dute. Eta azkenik, gu beste komunitate batzuetako inspirazio izan gaitezkeela ikusteak, eta kontaktu horretan sortzen den elektrizitateak, ematen digu indarra guri ere komunitate moduan. Hori sumatu izan dut unibertsitateko gazteen artean, adibidez. Badu inpaktu bat hemen. Kooperazio honek era askotara elikatzen gaituela uste dut, edo hori sentitzen dugu honetan ari garenok.
Hamar urte baino gehiago lanean Garabide, ikusi duzue zuen lanaren ondoriorik?
Kooperazioan apur bat jarduna naiz Garabide baino lehen ere, eta egia esan, gutxitan ikusi dut hizkuntza lankidetzan bezainbesteko inpaktu azkarra. Dena dela, inpaktu hori oso gauza erlatiboa da, ereitetik asko dauka honek. Formazioan, adibidez, hona datozkigunak beren herrialdera itzuli, lanean jardun eta hemendik hamar edo hogei urtera zein uzta etorriko den, auskalo. Erlatibizazio horren barruan, adibide batzuk jartzearren, Ekuadorren, esate baterako, hizkuntzen legea onartuko dela dirudi, lehen aldiz. Eta legea bere horretan onartzen bada, Latinoamerikako hizkuntza legerik ausartena edo eragileena izateko formulazioa du. Lege hori hemen formazioa jasotako baten burugogorkeriak bultzatu du, Ekuadorreko parlamentuko kideengana joz eta temoso saiatuta, Euskal Herrian jasotako astinduagatik berak dioenez. Edo maputxeen artean gertatzen ari diren gauza batzuen ernamuina, edo Mexikoko Cuetzalango nahuatlen murgiltze eredua, edo hango kooperatiba mugimenduko enpresa komunitarioetan urratu litekeen erabilera-plana, ziurrenik kontinentean lehenbizikoa, edo Kolonbiako Caucako biziberritze prozesu integral xamar baten hasiera…
Bistakoa da eragina.
Erreserba askorekin diogu. Ez dakigu ekimen horiek nora iritsiko diren, eta ez dago esaterik ere: “Hau guregatik da!”. Baliabide batzuk erabiltzen ditugu, eta badagokigu gure ahaleginen inpaktua apur bat ebaluatzea ere. Ematen du baietz, merezi duela, hango hainbat aurrerapen txikiren ernamuinean baitago Garabideren lana. Egia esan, gure kezka da hizkuntza lankidetza kalitatez egitea, ondo egitea, ez egitea bakarrik. Erraza da hitzarmen halako bat sinatzea, harreman bat egitea. Aldiz, urteak behar dira problematikak behar bezala ulertzeko, jakintza landu behar da, asko entzun eta behartu behar da, konfiantza eman eta irabazi behar da, arriskutsua da aholkuak erraz ematea.
“Garabideren planteamendua ez da Garabidekook egitea hizkuntza-lankidetza hau. Beste batzuen arteko zubi izatea baizik, ahal den neurrian. Alegia, adibidez, helduen irakaskuntzarako metodoari buruzko eskea identifikatzen badugu Wallmapun, kontua da hemengo euskaltegietako adituak edo arituak haiekin harremanetan jartzea, eta loturak egitea. Hala, denborarekin sare bat sortu nahi dugu, edo sistematxo bat sortzen ari gara, Euskal Herrian euskalgintzako erakundeak, eskolak, unibertsitateko ikasleak, irakasleak, jubilatuak, udalak eta abar martxan jartzen dituena kooperazio horri begira, eta Hegoaldeko herrietako eragileen artean beste hainbeste”.
“GKEen sisteman sartu nahi izan dugu muturra, finantzabideei dagokienez. Gure lana finantzatzekotan garapen kooperaziorako dauden diruetatik jo behar genuela pentsatu genuen, ez euskalgintzarako diruetatik, baina teknikoki neketsua da. Dena dela, eskertzekoa hainbat erakunde ematen ari diren laguntza. Arantza badugu, jasotzen ditugun eskarien eta erantzuteko dugun gaitasunaren artean leizea dagoelako. Proposamenez gainezka gaude, erantzuteko modurik ez dugula esanez ari gara askori. Elkarte txikia da Garabide, hiruzpalau teknikari, hitzarmen batzuk eta borondatezko sare bat. Hori bai, hazten ari da”.
“Gustura ari gara, dexente ikasten, eta asko ikusten, baita euskararen bideko bazterrak ere. Inork esan izan digu euskaldunek egin beharko luketela kanpokoentzat prestatzen dugun formazio ikastaroa. Biriatuko ikastola, Etxepare lizeoa, Garazin bilera euskal kulturgintza birpentsatzen ari diren gazteekin iparraldean eta hurrengo egunean EAEn hizkuntza politika urteetan zuzendu duen Patxi Baztarrikaren saioa… ikuspegi aniztasun hori pribilegioa da euskaldunontzat! Gure ikastaroetan kanpoko bisitariei hemen dugun onena ematea eskatzen digu gorputzak, eta suerteko gara, denek zabaltzen baitizkigute ateak, parez pare. Euskalgintzak oso eskuzabal erantzuten digu. Pozik gaude, bisitariek ikasten dute, guk ikasten dugu, eta Garabideren inguruan lanean dabiltzan gazteek ere ikasten dute”
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Alexandru Jerpelea Bukaresteko (Errumania) batxilergoko 17 urteko ikaslea da, eta itzulpen automatikoko lehen sistema neuronala sortu du arrumanorako. Balkanetan 200.000 pertsona inguruk hitz egiten duten hizkuntza erromaniko gutxitua da. Bere tresna berritzaileak, [+]
Hizkuntzen irabazia kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.
Friulieraz egiten duen irrati lokal bat da Suns Europe jaialdiaren antolatzailea eta berak egiten du zuzeneko jarraipena. Miren Narbaiza MICE ariko da oholtza gainean, Euskal Herria ordezkatzen.
Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]
Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]
Marfa (AEB), 1954. Texasko basamortuko herri horretako Blackwell lehen hezkuntzako eskolan haurrak zeremonia berezi batean parte hartzera behartu zituzten. Irakasleek paper zatiak banatu zizkieten eta bertan zera idazteko eskatu: “Ez dut espainieraz hitz egingo, ez... [+]
Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]
Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]
Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]
Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]