“Badakigu itxi egingo dutela, baina duintasunagatik gaude hemen”. Unai Arosak 24 urte daramatza Eibarko Alfa enpresan lanean. Azken bi hilabetetan ez da lantokira joan, ez behintzat lanera, protesta egitera baizik. Bera bezala, enpresako langileen erdia baino gehiago greban da. Lan baldintzez eta enpresaren arduradunek hartutako erabaki jakin batzuez nazkatuta, planto egitea erabaki dute. Baina nola iritsi da herri baten oinarri eta sostengu izan den enpresa historikoa egoera horretara?
Musika bafleak, mahai luze bat, aulkiak eta pankartak baino ez daude Untzaga plaza erdian jarri duten informazio karpa gorriaren azpian. Hotza eta euria eginagatik ere, bertan biltzen dira astean hirutan greban dauden langileak. “Pertsonalki oso gogorra ari da izaten –dio Arosak–, apenas egiten dugu lo eta diru sarrerak geroz eta urriagoak dira”. Hala ere bai berak eta bai ondoan duen Joseba Apellaniz lankideak argi dute “kalean borrokatzen” jarraitu behar dutela. Greba egiten ari ez direnekin harremana erabat hoztu da ordea: “Amorru gehien ematen duena da gure borrokaren ondorioz zerbait lortzen badugu, guztion mesederako izango dela eta gu hemen gauden bitartean beraiek ez daudela gure ondoan”.
Duela bost urte 800 langile ziren, egun 200 inguru. Pertsonal murrizketaz gain, lan baldintzek ere beherantz egin dute Alfa Precision Casting (APC) enpresan. Alfa Taldeko lantoki handiena da eta langileen erdiak baino gehiagok egiten du lan hor.
Bilakaera hori ez da zoriz gertatu. Apellanizek 20 urte daramatza lantegian eta azken hamar urtetan Alfa indarrik gabe nola geratu den ikusi du: “Baldintza txarretan bada ere, isil-isilik aurrera egin izan dugu beti. Soldatak igotzeko dirurik ez dagoela esan digute eta hala ere lanean jarraitu dugu”. Arosak bat egin du lankidearekin: “Hamar urte daramatzagu soldata berarekin, hori gutxi ez eta %10 jaitsi ziguten, eta ez genuen ezer esan”.
Jon Baranguan LABeko bozeramailearen kalkuluen arabera, baina, langileen eros-ahalmena egiaz %23 gutxiago da egun. “2008tik soldata bera dute baina gizartean dena gorantz doa”. Horren aurrean hainbat proposamen eskaini izan dizkiote enpresari, baina “dirurik ez dagoela esan izan digute behin eta berriz, eta guztiok noranzko berdinean egin behar dugula arraun enpresa aurrera ateratzeko. Esandakoa egin dugu baina hala ere ez dugu etekinik jaso inoiz”, dio Arosak amorruari ezin eutsita.
Sindikatuko delegatuek enpresaren egoeraz informazioa eskatu izan dute behin baino gehiagotan: kontabilitatea, irabaziak, informazio orokorra... Horretan ere enpresaren erantzuna ezezkoa izan da euren esanetan. Hala, “beste bide batzuk” hartu behar izan zituzten: “Merkataritza Erregistrora joan ginen sindikatu gisa laneko kontuak ateratzera –dio Baranguanek–. Hor hartu genuen lehen ezustekoa: ohartu ginen hiru zuzendarien artean 2.289.000 euro banatu zituztela”. Sindikatuek urteko 400.000 euroko inbertsioa eskatu izan dute langileen baldintzak hobetzeko, baina dirurik ez dagoela argudiatu duten bitartean, 800.000 euro “poltsikoratu” ditu bakoitzak.
Unai Arosa, grebalaria:
“Pertsonalki oso gogorra izaten ari da, apenas egiten dugu lo eta diru sarrerak gero eta urriagoak dira”
Horren berri izan bezain laster langileen batzarrean jakinarazi zuten. Albistea jasotzea “mugarria” izan da Arosa eta Apellanizen iritzian: “Guztioi esfortzua eskatu eta dirutza hori euren artean banatzen dute? Onartezina da. Greba egiteko gakoa izan da”.
Enpresako arduradunek bilera egiteko proposamena onartu zuten: bost urteren ostean izan zuten lehen hartu emana izan zen. “Elkarren artean diru kantitate hori banatu izana onartu zuten, inongo lotsarik gabe”. Enpresa mantentzeko inbertsioak egiteko prest agertu ziren enpresaburuak: lanpostu guztiei eutsi, pertsonala handitzeko kontratazio berriak egin eta baldintzak hobetzeko hitza eman zuten.
Aldiz, ekaitza berehala iritsi zen beste behin Eibarrera: hitzarmen berrirako 40 langile kaleratu eta mekanizazioko sekzio guztia ixteko asmoa izan zen enpresaren proposamena. “Nahikoa zela esan genuen. Plan industrial berri baterako prest daudela esan eta begira zein izan den beraien asmoa!”, dio Apellanizek.
Greba garaia
Bost greba egun adostu zituen langile batzordeak egoera salatzeko: azaroaren 27, 28 eta 29a, eta abenduaren 4 eta 5a. Lehen protesten ostean enpresa langileak mehatxatzen hasi zela ziurtatu du Baranguanek: “Abenduaren 11n langileak lanera ez bazihoazen, enpresa likidazioan sartuko zutela esan ziguten eta epailearen aurrean aurkeztuko zuten dokumentu bat filtratu ziguten”. Mehatxuak mehatxu, greba mugagabeari ekitea erabaki zuten.
Enpresak likidazio eskaera aurkeztu zuen Donostiako Epaitegian abenduaren 7an. Bi jai egunen artean egin izanak “argi uzten du enpresaren asmo txarra”, LABeko kidearen aburuz. Alfa Precision Casting behin behineko kudeatzaile berri batzuen esku geratu da eta inbertitzaile berriek hilabeteko epea dute beste proiektu bat aurkezteko. APCko langileek “gardentasuna” eskatu dute prozesu horretan.
Likidazio plana, ordea, ez da enpresaren azken jokaldia izan: lanpostuak behin betiko desagerrarazteko espedientea aurkeztu du. 131 langile kaleratzea ekarriko duen neurria da. APC bi fasetan desegitea da enpresaburuen asmoa: lehenengoan 51 langile kaleratuko dituzte. Horietatik 48 grebalariak dira eta beste hiruei lana eskaini diete taldeko beste lantoki batean, sindikatuek jakinarazi dutenez. Kaleratze plana “diskriminatzailea” dela salatu dute langileek. Gainontzekoak uztailaren 31 bitartean botako dituzte euren lanpostuetatik.
Bestalde, LAB eta ELAko delegatuak kargugabetu egingo dituzte, erabaki horrek “zuzen-zuzenean” urratzen du askatasun sindikalerako eskubidea Baranguanen ustez. Enpresak greba eskubidea errespetatu ez izana ere salatu dute, beraiek greban egon diren bitartean beste langile batzuk kontratatu baitituzte produkzioarekin jarraitzeko.
Lerro hauek idazteko unean 80 greba egun beteko dituzte APCko langileek. Arduradunekin lehen hartu emana izan dute, hasierako aldarrikapenak oinarri hartuta: lanpostuei eutsi, kalte-ordainak hobetu, kaleratze traumatikorik ez egin eta prozesu guztian irizpide objektiboak erabiltzea. Hori guztia lortzeko, ordea, ezinbestekoa iruditzen zaie herritarren babesa. Otsailaren 16an manifestazioa zuten egitekoa Eibarko Untzaga plazatik abiatuta. Karpa gorriak oraindik zutik zirauen haize eta euripean.
Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile... [+]
Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]
Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]
B&B Trends lantegiaren jabeak iragarri du hartzekodunen konkurtsoan jarri duela lantegia, "ondare desegonkortasuna" argudiatuta.
Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
660 langile ditu ontzi-garbigailuak eta hozkailuak ekoizten dituen lantokiak. Astelehen goizean ezagutu dute Alemaniako zuzendaritzaren asmoa. Enpresa batzordeak langile asanbladara dei egin du.
Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]
Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.
Osasun Legea aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Nafarroako Osasun kontseilariak, hala nola Osasunbidea enpresa-erakunde publiko bihurtzea, bestela “luze gabe sistemak porrot” egingo duela argudiatuta. Sindikatuak ez daude formula horrekin ados.
Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]