Tribuan hazten

  • Bi ama, eta haien seme-alaben zaintzan inplikatuta dauden hainbat pertsona batu zaizkigu mahaiaren bueltan Hernaniko Plaza Feministan. Ezberdintasunak, asko eta askotarikoak. Abiapuntutzat, ordea, ezaugarri komun bat: lagunek lagunen haurrak zaintzen dituzte, ez familia biologiko loturarik ez dirurik tartean izan gabe.


2018ko otsailaren 23an
Argazkiak: Dani Blanco.
Argazkiak: Dani Blanco.Argazkiak: Dani Blanco.

Itziar Arruarte Santa Kruz hernaniarrak  31 urte ditu. “Betidanik” desio izan du ama izatea, bikotea izan edo ez. Hiru urte eta erdi dira Peru eta Liher biki biziez erditu zenetik. Lagunen sarea du egunerokotasunerako euskarri nagusi, eta sare horren hiru hari sendo dira 31 urteko Maialen Apezetxea Lujanbio, 22 urte dituen Kattalin Artola Vazquez eta 28ko Miren Zubillaga Idarreta.

Irantzu Jauregi Artola 44 urteko andoaindarra da, 5 eta 9 urteko Kima eta Arairen ama. Lehendabizikoa, Arai, lagun batekin batera izatea erabaki zuen ondo moldatuko zirela bazekitelako, “aita hemen eta presente du. Baina ez gara bikote. Kimaren aita urruti bizi da eta horrexegatik praktikan haren laguntza handirik gabe hazi beharko zuela jakinik erabaki zuen haurra izatea. Txikien amonak –Irantzuren amak–, Arairen aitak eta 59 urteko Gorka Setien Berakoetxea lagunak hartzen dute zaintzaren ardura, Irantzurekin batera.

Seme-alaben zaintza nola antolatzen duzue? galderari, “inprobisatuz” erantzun dio Irantzuk, “biziraunez” Itziarrek. Elkarrizketari barre-algara partekatuarekin eman diote hasiera. Txikien joan-etorriek, jolasek eta algarek testuinguru aproposa sortu dute.

“Koadrila handia gara” hasi du kontaketa Itziarrek, “jaio zirenetik laguntza handia behar izan dut, eta ikusi naute, ba, kalera atera eta bi umeak negarrez. Koadrilan ere besoetan hartu dituzten lehenengo umeak dira, eta beti daude laguntzeko prest”. Maialen hasi zitzaion laguntzen, adiskidearen lan-kargaz arduratuta. Ostiralero hurbiltzen zitzaion etxera, “gaua pasatzera eta umeekin laguntzera”. Mirenek, hura ikusi eta berak ere bere burua eskaintzea erabaki zuen. “Eta gero garaian garaikora joan gara egokitzen, intentsitate handiagoz aritzen ginen hasieran, orain gutxiago. Oporretara-eta elkarrekin joaten gara. Eta Itziarrek parranda egiten duenean edo zer edo zer duenean gelditzen gara, baina ez dugu astean egun bat ezarrita”. Kattalin hilabetez egon zen bikiak zaintzen diru-truk, “baina hortik aurrera jada ez, ze umeekin maitemintzen zara eta...”. Egun, bera da Itziarri aldizka umeak uzteko erregutzen diona. “Ni gurasoekin bizi naiz eta etxera lotara ere askotan etortzen dira, hirurok egiten dugu lo ohe berean, eta nire gurasoak ere maiteminduta daude”.

Gorka pixkana joan da Irantzuren alaben bizitzan eta beharretan inplikatzen. “Irantzu eta biok lagunak gara. Lehendabizikoa izan zuenean hitz egin genuen eta pixka bat lagundu nion umearekin”. Bigarrena heldu zenerako, “engantxatuta” zegoen jada. Kimaz etxean erditu zenean, ondo-ondoan zuen Gorka Irantzuk. Egun, “bi orduko lanaldi kontratua daukat nik, bi umeak zaindu eta bazkaltzen emateko. Eta hortik aurrerako ordu guztiak, dezente direnak, lagun bezala laguntzen diot, eguna pasa dezaket umeekin”. Astean hiru egunez egiten du lo hiruen etxean. Umeen zaintzan ez ezik, etxeko lanetan ere hartzen ditu zereginak, erosketak edo garbiketa kasu. “Alegia, dirutan ordain ezina” azpimarratu du Irantzuk.

Hautu politikoa edo beharra?

Hautu politikotik eta beharretik, bietatik du Irantzuk eta Itziarrek eraiki dituzten zaintza moduek. Itziarrek familiarekin aurretik hitz egin zuen. “Eskatu nuen laguntza etxean eta baietz esan zidaten”. Bere amaren sostengua du, baina hasieran uste baino mugatuagoa. Ahizpek ere ume gehiago dituzte, egunak 24 ordu. Lagunekin aurretik eta argiago mintzatu ez izanaz damu da. Irantzuk, hasieratik hitz egin zuen Gorkarekin. Ama zaintzan inplikatu edo ez aspaldiko korapiloa du: “Gure ama oso umezalea da eta dituen iloba bakarrak dira. Hasieran esaten nuen ‘ba, amona gabe moldatuko naiz’, zeren oso kontu karka iruditzen zitzaidan. Eta ondoren pentsatu izan dut ‘eta zergatik amona ez?’. Beti izan dut konfliktoa. Zer pentsa ematen dit, zergatik da aurrerakoiagoa lagunekin antolatzea amonarekin baino, bere aukera haurren zaintzan hain aktiboki parte hartzea bada?”.

Zaintzaileek laguna lagundu nahia izan zuten abiapuntua. Bilakaera nabarmendu dute, ordea. Batetik, lana gozamen ere bihurtzen da eta maitasunari egiten dio leku, umeak norberaren bizitzan egotea behar propio bilakatu arte. Bestetik, bizipenek, bideak berak politizatu ditu. Ideologikoki jada politikotzat zutena gorputzetik pasatzeak, beste izate bat ematen die ideiei. Gorkak horrela dio: “Ez zen nire  hautu politikoa izan, baina hala izaten bukatu du. Izan dut eboluzio bat, gauza askotaz konturatzen zara zaintza lanetan eta etxekoetan. Esaterako, ez dela posible lan hori ordaindua ez izatea. Zeren lana da, eta txiringitoak funtzionatzen du doakoa delako”.

Konfiantza da zaintza saretuago hauen oinarria

Konfiantza da zaintza saretuago hauen oinarria. Denek ahoratzen dute, norabide eta zentzu ezberdinetan. Amek, lagunen irizpideetan duten konfiantza erabatekoa; lagunek, amengandik jasotzen dutena zein eurek erabakiak hartzeko denboraren poderioz hartutakoa. Adiskidetasuna eta laguntza boluntarioa dira zaintzaren erregaia, ez dirua. Guraso-zaintzaile hierarkia zirintzen eta familia eredua auzitan jartzen laguntzen du horrek. Zaintzen dituzten umeentzako, Miren eta Maialen “izebak” dira, Gorka, “aita-laguna” (umeek asmatutako hitza).

Argazki distortsionatua

Lau zaintzaileetatik bat gizonezkoa dugu erreportajean. Errealitatearekin bat ez datorren argazkia. Zaintza sareak urriak badira, are urriagoak gizonak haietan. Emakume bezala hezitakoentzako esparru naturalizatua da zaintza. Ikasketak hezkuntzan egin baditu ere, “diru-iturri bezala zaintza lanetan aritu den gizonik ez dut ezagutzen” dio Kattalinek. Eta Maialenek gehitu: “Eta ez daude prest lan hori dohainik egiteko. Gu ohituta gaude ‘maitasunez’ lan egitera, umeez maiteminduak gaudelako...”.

Zaintza sareak urriak badira, are urriagoak gizonak haietan

Gutxitan aritu, eta aritzean puxtarri extrak jaso nonahitik. Ikusgarritasun mailan, errekonozimenduan... Itziarren iritziz, “badago gizonentzako plus bat, ez dagokien zer edo zer egiten ari direlako”. Irantzuk bere amaren esanak aletzen ditu: “‘Gorka bezalakorik ez dago’. Emakumea balitz ez luke berbera esango, gizona delako eta zaintzara eskainia dagoelako deitzen dio atentzioa”. Mirenek uste du bere koadrilak baduela errekonozimendua, “baina mutilak bagina esango ligukete, ‘jo, ze inplikatuak, eta ze mutil jatorrak eta...’”. Maialenek osatu du esaldia: “Mutil feminista gisa hartuko gintuzkete”. Aldiz, lan berberak ez du emakume bat feminista bilakatzen.

Tribuaren alde

Zaintzarako sareen alde, tribuaren alde egin beharra dago. Argi dute denek. Ez soilik umeentzako, baita adinduentzako edo dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonen zaintzarako ere. Guztion elkar-zaintzarako, oro har. “Izan daitezke modu batekoak edo bestekoak, baina sareak behar ditugu” dio Irantzuk. Maialenek gehitu duen bezala, “oso autonomoak garela sinetsita gauden arren, interdependenteak” baikara. “Altzoa izateko jaio gara”, ekarri du gogora Gorkak Maialen Lujanbioren bertsoa, “eta ezkerra, honetaz guztiaz ohartu ere egin gabe”.

Zaintzarako sareen alde, tribuaren alde egin beharra dago. Ez soilik umeentzako, baita adinduentzako edo dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonen zaintzarako ere. Guztion elkar-zaintzarako

Zailtasunak ez dira gutxi, ordea. Gure bizi-ohiturek ez dute laguntzen. Lagunen umeen zaintzari denbora bat ematea, hautua da. Eta, hautua egiteko aukera bera ere, ez du edonork. Maialenek, Mirenek, Kattalinek eta Gorkak, esaterako, ez dute seme-alaba propiorik, ez beste inoren zaintza haien kargu. Jendarte eredua ere kontrako noranzkoan ari da: komunitate naturalak gero eta urriagoak dira; enpleguari ordu gehiegi eskaintzen diogu; haurrak jabetza pribatu bezala bizi ditugu; lanaren prekarietatea areagotu egin da, mugikortasuna biderkatu, eta guztiok gaude “aldi baterako”, pasadan. Etxe-bizitzen ereduek, eta horietan sortzen ditugun bizitza-unitate txiki eta isolatuek, egituraz mugatzen dute tribuaren aukera. Zentzu askotan, tribura “joan” baino, “bueltatu” behar garela iritzi diote solaskideek. Sareek eta komunitateak, berritzailetik baino, akaso, zaharretik dutela gehiago.

Onurak, aldiz, zailtasunak baino gehiago direla uste dute. “Ama bakar” esan ohi diegu Itziarrek eta Irantzuk egin bezala seme-alabak bikoterik gabe izatea erabaki dutenei. Termino desegokia, inondik ere: biek ala biek ikusi dituzte bikote askotako emakumeak zaintza lanetan eurak baino dezente bakarrago, itota. Txikien zaintza saretuak guztiei egiten die mesede. Umeek eredu gehiago dituzte inguruan, eta helduek kalitate handiagoko denbora eskain diezaiokete haurrei. Batzuek zein besteek gehiago gozatzen eta ikasten dute. Zaintza partekatuak eta saretuak bizi-eredu zoriontsuago eta bidezkoagorako lurzoru aproposa dira.

Itziarrek eta Irantzuk zaintza eredua ez ezik, amatasunaren beste ohikeria asko apurtzen dituzte. Baina edonorentzako dira zaintza sareak interesgarri eta gauzagarri. “Bikote heterosexual ‘normalek’ ere osatu beharko lituzkete”, diosku Kattalinek. Horra seikotearen gonbitea, eta hona Itziarren azken gomendioa, bizitutako esperientzietatik: “Argi hitz egin, aldez aurretik, sarean parte hartuko duten guztiekin. Nola osatuko dugun sarea, bakoitzak zer egingo duen horren barruan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
Kontziliatzeko, haur-eskolak arratsalde eta gauez irekitzea: Espainiako ministroaren proposamenak hautsak harrotu ditu

Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren... [+]


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-14 | UEU
Naiara Martin Gomez
“Haurrak komunitateko parte direla aitortzeko helduak atzerapauso bat eman behar du”

"Nola sustatu haurren parte-hartzea ekintza komunitarioen bitartez" ikastaroa emango du otsailean Iruñean Naiara Martin Gomezek (Elgoibar, 1982). Pedagogian graduatua da eta Atxutxiamaika Saileko arduraduna. Izen-ematea irekita dago UEUren webgunean. Ikastaroaz... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


Oraindik ere nabarmen gutxiago dira seme-alabei lehenengo abizena amarena jartzen dietenak

Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


DBHra pasatzean mugikorrik ez duten gazteak gero eta gehiago dira, familiek hala adostuta

Datuek erakusten dute joera apurtzea lortzen ari direla etxe (eskola) ugaritan. 11-12 urterekin ia gazte guztiek mugikorra izatetik igaro gara adin horretan smartphonerik ez duten ikasleak gehiengoa izatera hainbat ikastetxetan, guraso taldeen ekimenari esker: Zarauzko ikastolan... [+]


2024-10-04 | ARGIA
Hego Euskal Herriko umeen %8,3ak ikusmena zaintzeko zailtasunak ditu

EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]


Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


Instituturako jauziak ere egokitzapena behar du

Ume txikienen eskola-egokitzapenaz asko hitz egiten da, baina instituturako saltoa ere ez da xamurra: hormonak dantzan eta norbere beldur eta mamuak airean, Lehen Hezkuntzan babestuago egotetik ikasteredu zurrunagora igarotzen dira gazteak. Bide horretan laguntzea inportantea... [+]


Eguneraketa berriak daude