Urteak daramatzate Amorebieta-Etxanon emakume nekazari eta artisauen azoka antolatzen. 1971n hasi zuen bere ibilbidea merkatuak, eta aurtengoa XXI. edizioa izango da, martxoaren 3an. “Iniziatiba aitzindaria izan zen bere garaian emakumeen azoka”, azaldu digu Berdintasun zinegotzi Alicia Hernandez Cid-ek. Martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira antolatzen dute ekimena.
Herriko Berdintasun Planaren barruan kokatzen den ekimenak emakumeen ahalduntzerako erreminta izan nahi du. “Kultura nahiz gizartean emakumeen ikusgarritasuna bultzatzea ere bada azokaren helburua”, gehitu du Hernandez Cidek. Izan ere, Euskal Herriko emakume ekoizleen plaza bihurtzen da Amorebieta-Etxanokoa urteko egun horretan, eurak dira protagonista nagusi eta bakar.
Hasierako urteetan parte-hartzaileak batez ere herriko emakumeak baziren, urteen poderioz Euskal Herri osoko ekoizleak hurbiltzen dira. Azokako baldintza nagusia da produktu guztiak Euskal Herrian egoitza duten emakumeek ekoitziak eta salduak izatea. “Urteotako bilakaera oso positiboa izan da. Emakumeen ahalduntzea nabaria izaten ari da zenbait sektoretan, hala nola, elikagaietan, jantzigintzan edota bitxigintzan”, dio Hernandez Cidek.
Martxoaren 3an Amorebieta-Etxanora hurbiltzen denak izango du zer ikusi eta zer dastatua. Ogia, ahatea, gozoak, marmeladak, etxeko hanburgesak, barazkiak, gazta eta esnekiak, bitxiak, larrua, zeramika, xaboiak, arropak, egurra, loreak, estetika produktuak. Erosketa zakua betetzeko hamaika aukera izanen ditu bisitariak.
Merkatuko eskaintzaz gain, txosna gunea ere zabalduko dute antolatzaileek, eta goizean zehar ikuskizunak egonen dira: txistulariak, trikitilariak, dantzariak eta bertsolariak arituko dira giroa alaitzen.