argia.eus
INPRIMATU
Zenbat Euskal Herri?
Jakoba Errekondo 2018ko otsailaren 16a
Denok Euskal Herri osoan intsusaren kimu berria edo lorea noiz irekitzen den jasoko bagenu, urte gutxiko datuekin mapa agro-klimatikoa osatzen hasiko ginateke.
Denok Euskal Herri osoan intsusaren kimu berria edo lorea noiz irekitzen den jasoko bagenu, urte gutxiko datuekin mapa agro-klimatikoa osatzen hasiko ginateke.

Beldurkundea ez, baina begirune eta lotsa arteko zerbaiten punttu batekin erantzuten dut, gero eta maizago, landareetan ia edozer galdetzen didanari. Eta punttu hori gero eta handiagoa da.

Berdantza-bart galdetu zidan batek ea tomatea (Solanum lycopersicum) noiz erein behar duen. Ni ohiko erretolikari bidea emateko pronto, baina orain etengabe bueltaka dudan zalantzari zirrikitua ireki nion, eta bere galderari beste galdera batekin erantzun: non biziko dira tomate horiek? Bizitoki izango duten horren arabera erein eta gero landatu beharko dira tomate landareak.

Ez da gauza bera eguteran edo ospelean bizitzea. Ezta itsasbazter gozoko Ispasterren edo Goierriko Itsason edo Basaburuko Itsason edo Itsasun edo Itsasondon. Eta nolako lurrean, eta nola antolatutako sailean biziko da? Baratze irekian, etxeko atariko horma epelaren babesean, negutegian?

Ohitu behar gara: lur sail bakoitza unibertso bat da. Bat eta bakarra, parekorik ez duena. Hala ere, sail asko antzekoak izango dira, eta haien peskizan ikasiko dugu. Gurearen modutsukoak diren lurretan gertatzen denari zorrotz begiratu behar diogu. Eta jaso, gertatzen dena jaso, idatziz, argazkiz, bideoz...

Hori da ikasteko era bakarra. Horrela ikasiko dugu esaten toki bakoitzean landareen aldaketak noiz gertatzen diren. Horri deitzen zaio fenologia. Wikipediak honela definitzen du: klima eta urtaroen gorabeherek izaki bizidunengan duten eragina aztertzen duen zientzia-arloa. Adibidez, gure etxean iaz baino zortzi egun lehenago eman ditu kimu berriak aurten intsusak (Sambucus nigra). Iaz oso goiz ernamuindu zela iruditu zitzaidan, eta argazkia otsailaren 1ean jarri nuen Instagramen. Aurtengoa urtarrilaren 23an jarri dut. Ikusiko dugu ea horrek aurtengo urtean zer eragina duen landareetan.

Denok Euskal Herri osoan intsusaren kimu berria edo lorea noiz irekitzen den jasoko bagenu, urte gutxiko datuekin mapa agro-klimatikoa osatzen hasiko ginateke. Horrekin toki bakoitzean lanak noiz egin jakiteko.