Formatu akustikotik urrunduz, gitarra elektrikoz eta elektronika soinuz girotu du disko berria Jabier Muguruzak. Ez du errotikako aldaketetan fede handirik, ordea, eta Leiho bat zabalik lanean hor diraute bere ohiko ezaugarriek: erritmo pausatuak, giro delikatuak eta isilune jolasak. Diskotik abiatuta, musika panoramaz, teknologia berriez edota bizi dugun garaiaren sintomez hitz egin dugu.
Gustura dago Jabier Muguruza disko berriarekin. Baita Mercedes Alvarez zinemagileak egin dion bideokliparekin eta orain arteko kontzertuekin ere. Urriaren amaieran argitaratu zuenetik, Ander Mujikarekin ari da zuzenean, orain artean ez bezala, noizean behin samplerrak sartuz. “Betidanik testuetan kontzentratu izan naiz, interpretazioan, hitz bakoitzak eskatzen didana ematean. Orain, horrez gain, adi egon beharra daukat samplerreko soinuak sartzeko”. Jo du Donostian, Durangon, Bilbon, eta laster doa Kataluniara. Azkenaldian inguru haietan bizi izan dutena ikusirik, eszenatokian mikro bat irekian jartzea otu zaio, elkartasunez. “Arazoa da batzuek esan didatela mikroa erabili nahi dutela, eta teknikariari kableatzeko eskatu beharko diot azkenean”, dio barrez. Urte berriko ostegun goiz batez harrapatu dugu guk, eta lehen kafe hurruparekin batera ekin diogu solasari.
Tonetti Anaiakeko jazz girotik urrundu zara oraingoan. Eta soinu berri bila Ander Mujikarengana eta Javi Vicente Carasueño-rengana jo duzu. Zergatik?
Uste dut egileari dagokion jarrera dela. Ni behintzat beti ibiltzen naiz hausnarrean eta bilaketan. Besteak beste, sen handiko musikarien bila. Uste dut badudala nire sen txikia musikari berezi horiek antzemateko, eta horri esker lan egin dudala musikari zoragarriekin. Ezagutu ditut pianista eta gitarrista onak, baina auzia ez da soilik kantuari armonia baten bidez laguntzea. Hori jende askok egiten du ondo. Hortik giro bereziak sortzera beste pauso bat dago. Mujikak eta Carasueñok egindako lanak entzutean iruditzen zitzaidan bazutela intuizio berezi hori. Eta egiaztatu ahal izan dut hala dela.
Nola egin duzue lan hiruron artean?
Metodikoa naiz, artista bainoago artisau errebindikatzen diren gehienak bezala. Hitzak jaso, horiek nire egin, pianora jo, orduak eta orduak sartu –batzuetan tentel bat bezala arratsalde osoak galtzeraino– eta halako batean, hor bada kontu misteriotsuren bat, zerbait sortzen da. Noski, horren aurretik luze hitz egin nuen bi musikariekin. Saiatu nintzen azaltzen zer bilatzen nuen kantetan, eta are, diskoan, orokorrean. Azaltzen hain zailak diren musika aferak eta kontzeptuak azaltzen saiatzen naiz. Pianoko ideia Mujikari bidali, handik pixka batera hark aurkezten zidan bere lana, eta azkenik bidaltzen genion Carasueñori. Gero egin genuen lehen txangoa Zaragozara, eta luzaz izan ginen han hirurok. Nahiko ados geunden gauza gehienetan, beste batzuetan ez. Azken fasea izan zen nahasketena, udan. Han ere izan ziren desadostasunak.
“Nire maskulinitatetik elementu femeninoa ere errebindikatzen dut”
Nola kudeatu zenituen desadostasun horiek?
Carasueño elektronika zale amorratua da, eta nire gusturako batzuetan gehiegi sartu nahi izaten zuen. Nire filosofia da biluztasunak asko ematen diola musikari. Hor izan ziren borrokatxoak, baina oso ongi moldatu ginen. Batzuetan tokatzen da amore ematea, eta besteetan zureari eustea.
Azken emaitzan, behintzat, biluztasunak hor dirau.
Eta horrek ez du kentzen bestea, ze badira leherketa indartsuak, gitarra distortsionatuzko uneak, elektronikazkoak...
Eta tartean, Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere bai.
Baditut halabehar batzuk Leonard Cohenekin. Esaten didatenean berandu hasi nintzela, beti erantzuten diet: “Ei, Cohen bezala”. Cohenek beti izan du presentzia femenino hori, eta niri ere iruditzen zait ederra dela. Nire maskulinitatetik elementu femeninoa ere errebindikatzen dut. Badut gogoa noizbait gai hauei buruz idazteko, ze iruditzen zait topikosfera nagusitik kanpoko beste topikosfera batean gabiltzala askotan euskal munduan. Ez bakarrik maskulinitateaz eta feminitateaz, beste hainbat gairi buruz ere bai. Eta nire adinean, nekatu egiten naiz.
Zerekin sentitzen duzu hori, zehatzago?
Euskal munduan, oro har. Teknologiaren gaiarekin, adibidez. Ez dut teknologiaren kontra hasi nahi, eta gainera, ez da hori nire posizioa –oraintxe bertan baliatu naiz teknologiaz disko berria egiteko–. Baina horren harira ari dira garatzen zenbait diskurtso pobre. Adibidez, entzuten duzu: “Musikaren mundua demokratizatzen ari da”. Edo: “Inoiz baino gehiago irakurtzen da gaur egun”. Halako ideiak oso arriskutsuak dira, ze badute egiatik, baina gauza asko isiltzen dituzte, eta eramaten zaituzte ondorio oso arriskutsuetara. Esan dezagun dena, demokratizazio horrekin batera prekarizazio handia etorri dela, eta abar. Argazki orokorrago eta sakonago bat, mesedez. Ze nik hitz egiten dut gazte jendearekin, eta badakit ze baldintzetan ari diren kontzertuak ematen. Lehengo batean Espainiako Estatu mailan banaketan ibilbide luzea duen batek esaten zidan: “Demokratizazioaren kontu hau beste bluff bat da. Gero eta uniformeagoa da panorama”. Hori ikusi nahi ez duenak… Besterik da esatea gure ghettotxoan ahots asko ditugula. Baina goazen harago. Edo, bai, egia da inoiz baino gehiago irakurtzen dela. Baina horretan geldituko gara? Edo sakonduko dugu pixka bat, eta esango dugu aldi berean ze irakurketa mota ari den galtzen, horrek zer dakarkigun? Ez gaitezen sinpleegiak izan.
Aipatzen dituzun ideia fetitxeen aldean, zer aldarrikatzen duzu?
Sentiberatasuna eta zentzu kritikoa. Horiek dira bi zutabeak. Baina zentzu kritikoa, benetakoa, ez Harkaitz Canok aipatzen duen ileapaindegi globala. Pauso hori ematen saiatzen ez bagara, arrisku batzuk ikusten ditut, eta kezkatzen nau. Baina ez dut hiperkritiko agertu nahi, ze hori ere ez da jarrera interesgarria.
Atxagak zioen akritiko baten antzik handiena duena hiperkritiko bat dela.
Orain dela gutxi entzun nion antzerako ideia bat: “Ez onartu kritika txarrik sekula kritika onik egingo ez lizukeenarengandik”, edo halako zerbait. Ados nago. Ez nuke hiperkritiko agertu nahi, ze hasteko eta behin, ni naiz egile bat gustura gelditu dena bere lanarekin, eta luxutzat hartzen duena gaur egun musikaz bizitzea. Baina kezka batzuk azaltzea ere logikoa da, eta sumatzen ditut kamustu samar sentiberatasuna eta zentzu kritikoa. Mila adibide jarriko nituzke: non geratu diren Espainiako telebistan 70eko hamarkadan Julio Cortazar eta abarrekin egiten ziren ordu eta erdiko elkarrizketa haiek… Telebistako maila jaisten ari dela nabarmena da.
“Iruditzen zait topikosfera nagusitik kanpoko beste topikosfera batean gabiltzala askotan euskal munduan”
Itzul gaitezen diskora. Zortzi kantuak zortzi idazle desberdinek idatzi dituzte eta, oro har nahiko ilunak diren arren, kantu bakoitza iruditu zait besteen oso tonu eta erregistro desberdinean idatzia. Nola egiten da ahots desberdin horiek guztiak norberaren bihurtzeko?
Kasu bakoitzean desberdin. Iñaki Irazuri gai bat proposatzean, badakit sudur puntan jartzen zaiona egingo duela. Harkaitz Cano kokatuko nuke beste muturrean. Pasatzen diot gaia, garatzen du nik esaten diodanetik abiatuta, egiten dugu bazkari bat, hitz egiten dugu kultur panoramaz, eta ateratzen da letra hori, barbaroak eta abar agertzen direna… Gerardo Markuletarena, beste kasu bat: biok ama alzheimerrarekin genuen, berea hil zen kanta grabatzen ari ginela eta gurea orain gutxi. Anjel Erro jarraitzen dut Berrian, asko gustatzen zait, ez da batere prebisiblea. Artikulu bat idatzi zuen spam-az, hitz egin nuen berarekin, idatzi zidan testua eta asko gustatu zitzaidan.
Bai, baina berriz diot, oso desberdinak iruditu zaizkit testu guztiak, ahots bakarrean sartzeko zailak.
Neurri batean ados nago, baina beste batean ez. Jaso ditut disko honetarako beste letra batzuk ere, inondik inora ere batasun horretan sartu ezin nituenak. Eta letra hauekin posible ikusten nuen obra bat egitea. Obraren batasunaren kontu horrekin, klasiko bat izaten jarraitzen dut. Literaturan berdin, iruditzen zait ipuinak ez direla inoiz kasualitatez kokatzen liburu batean.
Soinuari dagokionez, orain arteko ildotik atera zara pixka bat, eta sartu dituzu gitarra elektrikoak eta soinu elektronikoak. Zer bultzatuta?
Orain arteko hamalau diskoetan ildo jakin bat egon bada, hori izan da akustiko/elektriko-elektroniko binomioari dagokionez. Baina aurreko disko guztiak ez dira berdintsuak izan. Apustu oso desberdina da disko bat egitea Roberto Yabenen jazz estiloko gitarrekin, kontrabaxuarekin eta ahotsarekin, edo Anjel Unzuren giro biluziarekin, edo Tonetti Anaiakeko giroarekin… Egia da oraingoan giro akustikoa alde batera utzi dudala, eta beste estilo batetako gitarra bat sartu dudala, zikinagoa, zakarragoa, lakarragoa. Eta elektronikara jotzea ere ustekabea izan da askorentzat. Uste dut aldaketak modu inkontzientean mamitzen direla gure baitan, eta ez dakigula hori ondo arrazionalizatzen. Gari musikariari irakurri nion konfort gunetik ateratzeko premia zuela, eta zer pentsa eman zidan. Ze ni Tonetti Anaiak-en konfort gune absolutuan nengoen.
“Sumatzen ditut kamustu samar sentiberatasuna eta zentzu kritikoa”
Konfortaren adiera positiboan ala negatiboan?
Hortxe dago koska. Giza errealitate gehienak anbibalenteak dira, eta anbibalentzia horretan mugitu beharra daukagu, nahiz eta askotan deserosoa izan. Oso gustura nengoen Mikel Azpirozekin. Sekulako musikaria da, harreman pertsonal zoragarria dugu. Bandarekin, zer esanik ez. Horrek badu alde on bat: gozatzen ari zara, eta ziur gozamen hori transmititzen diozula zure publikoari, bai obran eta bai zuzenekoetan. Txantxetan esaten nuen Chet Baker sentitzen nintzela talde horrekin. Baina zerbaitek esaten zidan esperimentatu behar nuela, aldaketa behar nuela, eta horri gehitzen badiozu fitxatuta nituela Napoka Iria –eta bertako Ander–, eta Carasueño –Tulsaren lehen diskotik–… Ez dakit hori guztia nola joan zen nire barruan forma hartzen, baina halako batean esan nuen: hau da momentua, egin beharra daukat. Tartean beldurrak, bertigoak… baina aurrera egin nuen eta pozik nago.
Disko berriko jauziaz ari gara, baina hitz egin dezakegu aldatu ez denaz, zure ohiko arrastoak hor jarraitzen baitu. Zure ibilbidearekin sintonian doan biraketa da, izatekotan.
Hala uste dut. Iritzi asko ari naiz entzuten, eta bakarren bat zeharo harritu den arren, gehienak hortik doaz: atmosfera aldaketa nabarmena da, baina segitzen du zure musika izaten. Konposizioa, interpretazioa, isiltasunekin jolasean aritzea… nire ibilbide guztiko filosofia hor dago. Are gehiago esango dut: egile serio samarra baldin bazara, aldaketak posible dira, baina erabateko aldaketetan ez dut sinesten. Badakit orain oso modan dagoela kontrakoa. Aste honetan bertan jaso dut e-mail bat esanez: “Espero dut urtea ongi hasi izana, eta bestela lasai, egunero has gaitezke zerotik eta”. Erantzun nion: “Kafe baterako utziko dugu eztabaida hori”. Oso modan dago mezu hori, egunero erabakitzen ditugu gure gauzak, gure nortasuna, sexua… baina oso planteamendu naif-a da. Hori da ez ezagutzea norbere izaerarik intimoena, eta nik bizitza horretan eman dut.
Pello Lizarraldek elkarrizketa batean esan zidan ez dela fidatzen oso liburu desberdinak idazten dituzten idazleekin. Antzera pentsatzen duzu musikariekin?
Erabat identifikatzen naiz ideia horrekin. Urte asko daramatzat lan honetan, eta susmoa dut publiko fidel bat izateko gakoetako bat hori dela, jendearentzat egiten duguna sinesgarria dela, nabari dela ofiziokoak garela. Errebindikatzen dut ofizioaren ideia, artisauarena. Galdetzen didate sarri: “Bi urtean behin beti lan berri bat ateratzen duzu?”. Ba bai, nik horrela funtzionatzen dut, egunero piano aurrean jarri eta lanean hasten naiz. Ez naiz artista bat, hitzaren zentzu fantastikoan. Miren Narbaizak orain gutxi Berriako elkarrizketa batean esaten zuen bere ahotsa bilatzen ari zela. Ni ere aritu nintzen nire erregistroaren bila, baina behin garbi ikusi nuenean nondik jo behar nuen.
Alegia, dagoeneko ez zarela zeure burua berrasmatzen hasiko.
Ez dut sinesten eguneroko berrasmatzean. Badakizu zer dioen esaldi famatuak: “Horixe gara, umezaroa eta ez askoz gehiago”. Ez dut uste puntu horretaraino determinatuta gaudenik, baina gauza batzuk ukaezinak dira. Gaur egun etengabeko txinpartan bizi gara, ematen du edozer dela posible, baina ez, gauzak askoz zailagoak dira.
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]
Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024
------------------------------------------
Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]