argia.eus
INPRIMATU
Zer egin?
IƱaki Odriozola Sustaeta @Inaki_Odriozola 2018ko otsailaren 07a

Kalean nindoala, baikor antzean, Varufakis ekonomialari famatuari entzun bainion kapitalismoa bere burua irensteko bidean doala nahitaezko bilakaeran, hara non ikusten dudan aspaldiko lagun bat, bizi guztiko ezkertiarra, koherentea, gorri-gorria, Caritas-eko mahaian arropak jasotzen.

Harriduraz begiratu nion, eta segundo hamarren baten buruan gure bizitza guztia pasatu zitzaidan burutik, hots, langileen aldeko borrokak, mobilizazioak, manifestazioak, ihesak, lan sindikala… Bizitza osoa eraldaketaren zerbitzura.
Ikusi ninduenean: “Zer harrituta?”, esan zidan. “Bada, bai”, erantzun nion: “Hau da urte askotan gehien gorrotatu izan duguna, karitatea. Kapitalismoaren aldekoek aurpegia garbitzeko erabili izan ohi dutena, hain zuzen ere, eta aldi berean, eraldaketa oztopatzeko balio izan duen karitate kristaua”.

“Bada, begira” erantzun zidan lagunak: “Hirurogei urte ditut, eta orain artekoa ikusi eta gero, joan zait ezer aldatzeko itxaropena. Eta gutxienez egungo behartsuei laguntzea erabaki dut. Orain, ustez ideologiarik gabeko beste zenbaitzuekin biltzen naiz, eta erabilitako arropak biltzen eta banatzen ditugu...”.

“...eta datorren astean ere, saltoki handien ateetan jarri, eta erosketak egitera sartzen direnei poltsa emango diet, irteeran janariz beteta ekar dezaten, ea lortzen dugun janaria behar dutenen beharrei aurre egitea”. Etxera joan nintzen, erabat lur jota.

Arnaldo Otegik, Euskal Herrira begira, “iraultza” kontserbadoreaz ohartarazi gaitu behin baino gehiagotan, baina aldaketa sakon atzerakoi hau lehen mundu osokoa dirudit honez gero. Elite ekonomikoak, berrantolaketa (edo krisia) eragin zutenak aseezinak dira, eta agintarien laguntzarekin, lan baldintzetatik hasi, eta oinarrizkotzat genituen zerbitzuetara, dena galarazten ari dira; dena dago arriskuan, edozer merkaturen menpe jarri baitaiteke: gauzak eta irudiak, gorputzak eta ideiak, banakakoak eta egiturak, sentimenduak edo emozioak barne. Eta egiten ari dira.

Eta “zer egin?”. Bada, orain momentuan, egia esan, ez zait bururatzen ezer, eta ez dut irakurri ez entzun azkenaldian, ezker aldekoen aldetik, liluratuko gaituen zerbait, piztuko gaituen zerbait. Eta langileak, herritarrak, gehiengoa, eskuinekoen ustezko konponbideetan sinesten hasi da, besterik ezean, besterik ez balego bezala.

Thomas Hobbes filosofoak, jendarte honen bultzatzaileetako batek, gizakiari buruzko ideia latza zeukan, eta hauxe zioen: “Limosna ematen dugunean ere, ez dugu ematen bihotz onekoak garelako, norbera egoera horretan egoteko beldurrak eraginda baizik, nahiko genukeelako geuri ere ingurukoek laguntzea”. Bada, kalean dagoen eskaleari zerbait eman beharko diodala bururatu zait, lehen aldiz, aurretik pasatzean. Hau da hau!