argia.eus
INPRIMATU
Jantzi elektrikoarekin
Joxi Ubeda Goikoetxea 2018ko otsailaren 07a
Besamotzak. Joseba Tapia. Gaztelupeko Hotsak, 2017

Joseba Tapia trikitiarekin lotzea normala da, baina azken urteetan gitarrarekin ere aritu da. Esaterako, Tximela kapitainaren izarrak diskoa gitarra akustikoarekin egin zuen, eta Besamotzak lan berria gitarra elektrikoarekin grabatu du. Trikitiarekin musikari aparta da, eta gitarrarekin ere ederki moldatzen da.

Bere bakarkako ibilbidean sortutako 11 kantu gitarra elektrikoarekin interpretatu ditu. Kantu horiek Tximela kapitainaren izarrak (Zakurraren Biolina, 2013), Eta tira eta tunba (Zakurraren Biolina, 2010), Real Politik (Zakurraren Biolina, 2006) nahiz Quebec, hamalau kantu independentziarako (Gaztelupeko Hotsak, 1999) diskoetan, eta Koldo Izagirre idazlearekin osatu zuen Apoaren Edertasuna (Gaztelupeko Hotsak, 1998) diskoan plazaratu zituen.

Kanta politak dira, eta lan berrian jantzi elektrikoarekin entzun daitezke, indartsuago, baina bizitasuna, zorroztasuna eta gatza eta piperra batere galdu gabe. Ondo gelditu dira gitarra elektrikoarekin, dotore, punteoekin eta bestelako marrazkiekin. Rock talde gisa. Horrela jotzen dute trikitia eta baita pasodoble, reggae, ska eta country kutsuko doinuak ere, modu natural batean.

Abestu eta gitarra elektrikoa jotzeaz egin, Joseba Tapia baxu elektrikoarekin eta eskusoinuarekin aritu da eta programazioaz arduratu, eta grabazio saioetan musikari hauen laguntza izan du: Iker Uriarte (jazpana), Iñigo Telletxea (baxu elektrikoa), Dani Narbarte (eskusoinua), Jexux Aranburu Txus (organoa), eta Maider Ansa, Andoni Tolosa Morau, Txuma Murugarren eta Bernardo Goietxe (ahotsak).

Besamotzak, diskoaren izenburua izateaz gain, Tapiak duela urtebete inguru martxan jarri zuen proiektuaren izena ere bada: Besamotzak taldea. Diskoan entzun daitezkeen kantak jendaurrean jotzen aritu da Iñigo Telletxearekin, Iker Uriarterekin eta Dani Narbarterekin.

Egunotan, Joseba Tapia & Besamotzak taldea diskoa aurkezteko emanaldiak egiten ari da, eta besteak beste, otsailaren 25ean Elizondon joko du. Joseba Tapiaren kantak jantzi elektrikoarekin bertatik bertara entzuteko eta gozatzeko saio ederrak izango dira.