argia.eus
INPRIMATU
Bi luma aske
  • "Eztabaidak literaturarekin" zikloko solasaldiaren kronika. Nor: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano. Noiz: Urtarrilaren 16an. Non: Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Dabi Piedra 2018ko otsailaren 07a
2017ko Euskadi Literatura Saria jaso zuten bi idazleak elkartu zituen solasaldiak. Argazkia: Irekia-Euskadi.eus.
2017ko Euskadi Literatura Saria jaso zuten bi idazleak elkartu zituen solasaldiak. Argazkia: Irekia-Euskadi.eus.Argazkia: Irekia-Euskadi.eus.

Eztabaidak Literaturarekin zikloaren 2018ko txandari ekiteko, apustu indartsua egin zuen Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak urtarrileko saioan, euskal letretako bi autore handi gonbidatuta: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, biak Euskadi Saria irabazi berriak. Goizalde Landabaso moderatzaile, literatur belaunaldiez hitz egingo zutela agintzen zuen egitarauak. Baina solasaldian gai batetik bestera jauzika aritu ziren, euskal literaturari ertzak bilatzen.

Literatura eta askatasuna, idazteaz bizi ahal izatea, noraino da posible gure herri txiki honetan? Hara ikusmina eragiten duen zalantza. Gai pisutsu horri ez zioten izkin egin gonbidatuek: “Gure artean ez da izango dozena erdi idazle baino gehiago idaztetik bizi dena”, bota zuen Urretabizkaiak, hasi eta berehala. Baina bizitzeko beste lan bat duen idazlea izateak baditu abantailak: literatura askatasunaren esparrua da berarentzat, ez baitago dirua irabazi beharraren menpe. Eguneroko ogia beste bide batzuetatik bermatua duenez gero, Urretabizkaiak libre sentitzen du bere burua. Askatasun hori izan ezean, ez omen zuen Bidean ikasia liburu saritua idatziko. Asier Serrano irakaslea da, eta idaztea beste atsegin du lan hori: “Maite dudan ofizio bat dut, maite dudan afizio bati eusteko”.

Hala ere, literaturak ez badu bizitzeko adina ematen, “jarraitutasuna” izatea zaila dela onartu zuen Urretabizkaiak. “Orain emakume asko ari dira idazten, baina zenbat geratuko dira hemendik 20 urtera?”. Etorkizunean, baina, kontakizunetarako beharra egongo da: “Jendeak istorioak behar ditu, eta gaur egun ikus-entzunezkoetatik jasotzen ditu gehienbat”. Bat etorri zen Serrano, “formatuak aldatu dira, baina idazleak beti egongo dira hor, sortzaile gisa beharbada, begira Amerikako Estatu Batuetan telesailetako gidoiak idazten dituztenen arrakasta”.

Hitzaldiak aurrera egin ahala, Serranok bere ibilbide literarioarekin lotutako pasadizo mordoa kontatu zuen. Idazten “izugarri sufritzen” duela aitortu eta gero, bere bibliografiatik liburu bakarra kenduko lukeela esan zuen: Picassoren zaldia. “Ez zen hura kaleratzeko momentua”. Askatasunari beste ikuspegi batetik heldu zion gero, belaunaldi bakoitzean sortzen diren “koadrillatxoetatik” aparte samar dagoela esanaz. Irakurle gisa ere, askatasuna nahi du: “Ez zaizkit gustatzen pasarte bakoitzean nola sentitu behar duzun esaten dizuten liburuak, ez dut orkestra zuzendaririk behar”.

Editoreekin dituzten gorabeherak, kritikariak... iritzi mamitsuz bete zuten Urretabizkaiak eta Serranok ordu eta erdiko saioa. Entzuleok eskertu genuen idazleen jardun jakingarri eta zintzoa.