argia.eus
INPRIMATU
Alzheimerra
Gaitza ezagutzeak ematen duen indarra
  • Konponbiderik ez duen garuneko gaitz degeneratiboa da alzheimerra. Pairatzen duen pertsona orok 24 orduz zainduko duen norbait behar du. Begoña Rodriguez da gaixoaren alboan dagoen pertsonetako bat.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2018ko otsailaren 06a
Begoña Rodriguez pasai donibanearra AFAGI elkarteko presidente-ordea da gaur egun.
Begoña Rodriguez pasai donibanearra Begoña Rodriguez pasai donibanearra AFAGI elkarteko presidente-ordea da gaur egun.

Duela ia hamar urte diagnostikatu zioten alzheimerra Begoña Rodriguezen senarrari. Hasieran kolpe handia jaso zuen; ezin sinetsi, ezin onartu. “Eta nola egin honi guztiari aurre?”, galdetzen zion bere buruari. “Egoera gaindiezina zaizula konturatzen zarenean laguntza eskatzea erabakitzen duzu”. Senarra gaixotu eta urte erdira AFAGI elkartera jo zuen, gaixoen eta zaintzaileen bizitza kalitatearen defentsan lan egiten baitute.

“Harrera zoragarria izan nuen. Lehen egunetik sentitu nuen lagunduko nindutela eta lasaitu handia hartu nuen. Konfiantzaz gerturatu eta lehen pertsonan hitz egiteko aukera izan nuen. Gure egoera nahikoa gogorra zen jada, baina laguntza jasotzeko prest nengoen eta gauza asko gainditzen lagundu dit. Sufrituko duzu, baina edozerri aurre egiteko indarra hartzen duzu”, dio. Azken hiru urteetan senarra ingresatuta dagoela kontatu digu, eta “erantzukizuna gutxitu den arren” laguntza eskertzen jarraitzen duela: “Lana gutxitu zait, ez dit hainbesteko kezka sortzen, baina emozioak eta sentimenduak hemen daude eta behar dut”.

AFAGIk Gipuzkoan duen lan-taldearekin aritzen da Rodriguez; Donostian dute egoitza nagusia. Edonor hurbildu daitekeela nabarmendu du, eta zerbitzua doakoa dela. Gaixotasunaren nondik norakoak ikasi eta lantzen dituzte psikologo eta gizarte langileekin batera, eta nork bere burua edota gaixo dagoen pertsona zaintzeko tresnak eskaintzen dituzte: “Gauzak ahazten dituztela bai, baina hori bakarrik izango balitz... Egunerokoan gauza asko sortzen dira eta tresnak behar dira guztiari aurre egin eta erantzuteko. Ni ikasten eta ikasten aritu naiz eta jakiteak indar handia eman dit. Oso indartsu egin nau”.

Duela 30 urte familia barruko gaixotasuna zen alzheimerra. Adinari egokitzen zitzaion gaitza zen, ezezaguna. Egun, gero eta gehiago atzematen da. 47.000 kasu inguru daude Hego Euskal Herrian eta 15 urtetan kopurua bikoiztu egin daitekeela aurreikusten dute. 

Komunikazioa gako

Bakardadea, kezka, haserrea, depresioa, lotsa, ezintasuna eta errua dira gaixotasuna ondotik bizi dutenentzako albo-kalteak. Rodriguezek aipatu duen moduan, beharrezkoa da hori zaintzea: gaiaz informazioa biltzea, hitz egitea, norbere buruari denbora eskaintzea, osasuna zaintzea, laguntza eskatzea, mugak ipintzea, pisua banatzea... Jendarteak gaixotasuna estigmatizatuta duela azpimarratu du: “Egoera dagoen bezala, sozializatzea oso zaila da eta beharrezkoena da. Badira denek jakin beharko genituzkeen oinarrizko gauzak. Gaixotasuna dutenek arazoak eman ditzakete, baina haiengatik zerbait egin nahi baduzu ez da hainbesteko lana”.

Horretarako ezinbestekoa da elkarren arteko komunikazioa lantzea. Rodriguezek gako batzuk eman dizkigu: hizkuntza erraza eta ahots goxoa erabili, ez tratatu tuntuna edo haurra izango balitz bezala, erantzuteko denbora utzi, zaratak saihestu, ez kontra egin ez baitakite arrazoitzen, begietara begiratu, errepikatu behin eta berriz, keinuz mintzatu eta behar duten neurrian soilik lagundu. Gaixoek diote “utzidazu egiten; polikiago egingo dut, baina egingo dut”, edo “ze mania, beti korrika eta korrika zabiltzate; polikiago mintzatu“. Haien autonomia ahalik eta gehien mantentzea funtsezkoa da.

Gaur egun AFAGIko lehendakari ordea da Rodriguez. Hitzaldiak eman, informatu, senideekin hitz egin eta proiektu berrietan parte hartzen ari da. “Hainbestekoa izan da jaso dudan laguntza, nire buruari zin egin diodala denbora dudan bakoitzean nik ere lagundu egingo dudala. Kostatu zait gauza askori aurre egitea, baina horregatik bakarrik pozik nago orain. Edozertarako nago prest”.