argia.eus
INPRIMATU
Sarraskia
Itxaro Borda 2018ko urtarrilaren 24a

Emile Zolak la curée edo sarraskia deitzen zion 1871ko Commune haren ondotik Paris bere iraultzari anarkistez garbitzeko Thiers burgesaren soldaduek eraman hilketa eta bortizkeria oldeari. Odola isuri zen, Kanakiara (Kaledonia Berria) igorri ziren buruzagiak, Louise Michel handia barne. Gure historia da.

Notre Dame des Landesko Defentsarako Gunea menturaz hustua dateke zutabe hau irakurriko duzunerako –edo ez, nork daki–. Naoned-eko (Nantes) aireportuaren emendatzea ekiditeko, 2009az geroztik, bertan egitura sozial berria errotu da, ekonomia gurbilaren praktika, bizimodu eta harreman ezberdinen eredua, kontsumo gizarte frustratuaren bihotzean. Baina botereak eta enpresa multinazionalek ez dute afera begi onez ikusten eta erasorako prestatzen dira.

Hala ere, aitzinetik aburu-ikerketa bat egin dute eta kazeta guztietan ageri dira emaitzak: frantsesen %62 hippy gisako kide alferrak indarrez eta bortxaz hortik kanporatzearen alde daude.

Jakina, jende arruntak ez du maite bera bezala bizi ez dena, eguneroko gorotzean itotzen ez doana, Lactalis-en esne zitala edaten ez duena, lanera diesel autoarekin ez datorrena, jende arruntak ez omen du ezer maite.

Sarraskia, ezberdinen kontura, hori aldiz bai, maite du.