argia.eus
INPRIMATU
Agur eta ohore Unai Brea
Lasarte-Oriatik Uribe Kostara
Itsaso Zubiria Etxeberria 2018ko urtarrilaren 25a
Unai Brea UKko erredakzioan.
Unai Brea UKko erredakzioan.

Ez al duzu urte berriarekin batera etxean jasotako aldizkarian sinadurarik faltan bota, irakurle? Ingurumenari buruzko gaiak jarraitzen badituzu (batez ere), jakin beharra duzu Unai Break ez duela jarraituko orri hauek betetzen. Eta ez pentsa 2018a murrizketekin hasi dugunik, ez, aldaketa bere erabakia izan da, eta lagun bati agur esateko idaztera noa lerrook.

Hiruka Uribe Kostako hedabidean dabil buru-belarri murgilduta dagoeneko Unai Brea, kazetari-taldearen koordinazio-lanetan. Orain hiru urte sortu zen komunikabide hau orduko UK aldizkaria eta ukberri.net webgunea batuta, eta bederatzi laguneko ekipoa osatzen dute gaur egun Hiruka astekaria eta izen bera duen webgunea aurrera ateratzeko. Kazetariari ez zaio ezezaguna, ordea, inguru hori; duela hamabost bat urte ibilia da UKn lanean, eta kurioski, garai hartan bera ordezkatu zuen langileak itzuli dio testigua berriz Breari.

Hamahiru urte pasa ditu ARGIAn lanean. Azken hamarrak lantaldean Lasartetik, baina aurretik beste hiru freelance moduan kolaboratzen. Orain indartsu sartu behar izan du Hirukan, aldaketa prozesuan baitaude, eta kazetariaren hitzetan “ARGIAn jasotako esperientziak balioko digu zenbait gai lantzerako orduan”. Diseinu aldaketa izan du astekariak oraintxe, eta albiste laburrei webguneko eguneroko martxan espazio gehiago emanez, aldizkarian gaiak sakonago lantzea lehenetsi dute. Eta aldi berean webgunea bera ere berritzeko asmotan dira.

Euskal Herri mailatik eskualde mailara

Lan berrian hasi berria bada ere, desberdintasunengatik galdetu diot. “Tamaina”, bota dit lehen hitza, “bai lan-taldearena, eta baita lantokiarena ere”, segi du barrez, “lehen ohituta nagoen espazioak ez du zerikusirik gaurkoarekin, eta klaustrofobiko xamarra da”. Baina ez hori bakarrik, ARGIAn kazetariak gaika banatzen badira, Hirukan herrika antolatuta daude. Dena dela, oraingoz Brea koordinazio lanetan ariko da gehiago erredaktore baino.

Eta ea ARGIAn jarraituko al dugun Unai Brearen sinadura ikusten galdetuta, erantzuna: “Oraingoz hemerotekan bakarrik topatuko nauzue. Baina blogaren aukera ere hor daukat, eta asmoa dut horri heltzeko lehen zurrunbilo hau pasa eta kokatzen naizenean”.