argia.eus
INPRIMATU
Peko errekatik, maldan gora
Bea Salaberri @beatxo 2018ko urtarrilaren 17a

Urte berrian gaude eta honetan zehar Euskaraldiaren garapena etorriko zaigu, araiz, herriz herri eta egunez egun. Gu oraino gaude begira abenduko lehen egunei, zeinetan burutu baitugu BAM –Baiona-Angelu-Miarritze– euskaraz ekimena. Hogei ginen hastapenean eta, usteak gainditurik, mila inguru ginen heltzean.

Astez aste antolaketaren lehen bilkuraz geroztik, iragan da denbora, finkatu eragileak eta juntatu partaideak. Gaur jada segipena nola eman dugu gogoetagai. Dagoeneko azpimarra daitezke hainbat lorpen, antolatzaile nahiz parte hartzaile gisa, betiere denak alde bikoitzekoak: lorpen kolektiboak eta pertsonalak aldi berean.

Ahobizi nahiz belarriprest gisa, BAMn zehar ukan ditugu bulta zailak: nekezien gainditzea, erdararen zurrunbilotik ateratzea, muturrak jasatea, frustrazioa ere sortu digu eragin genezakeen eremua maila pertsonal soilekoa baitzen, esparru zabalagoak amets (administrazioa, lan mundua...). Nabarmenak dira alde pozgarriak: euskaldun batzuk ezagutzea, saretzea, nahikeria olde gaitza antzematea, helburua betetzen sentitzea.

Antzekoa da talde eragilekoon ondorioa. Gainditu ditugu zalantzak, denboraren kontrako lasterketa, gora behera logistikoak. Sustut, parada gaitza ukan dugu elkar ezagutzeko eta elkarrekin egiteko: bitxia dirudi, kasik denek elkar ezagutzen baikenuen, euskaltzale ezagunak izanagatik, alta ez genuen sekulan egitasmorik garatu elkarrekin orain arte. Berez, hori lorpen handia da, euskaltzaleen arteko kohesioa eragin baitu; kolaborazioak eta egitasmoaren arrakastak, ilusioa sortu digu eta elkarrengandik ikasi dugu; bakoitzaren iritziek, jakintzek eta gaitasunek espresatzeko lekua ukan dute, bakoitzaren sarea eta ahalak ekarpenak izan dira.

Egon garenak oro jatorri, bizileku, esperientzia eta ibilbide ezberdinekoak gara, elkarren osagarri eta sostengu. Balore humano horiek oro dute proiektua berezi egin.

Bestalde, oroitarazi digu herri ekimenaren garrantzia eta iniziatiba herritarren egokitasuna, begi bistara ekarri aldaketa lorgarria bihurtzeko ausardiari bide egiten utzi behar zaiola, herritarrengan fidatuz. Oroz gainetik, funtsezko aldaketarik eragin ote duen eta ikusgarritasuna zen mailakoa izan den objektiboki neurtzea oraindik zaila bazaigu ere, badakigu ekimenak osatu duela funtsezko hutsune bat, hau da euskararen erabileraren sustatzea eta hiztunen aktibazioaren saila; abentura xume honek euskararen balio sozialaren berrindartzea, honen funtzio arruntena suspertzea ekarri baitu: BAMk euskara gauzak egiteko, ikasteko eta partekatzeko tresna gisa birkokatu du.

Euskal herritar hori, horrelako ekimen batean parte hartzeko aukera baduzu, ez huts egin! Herritarren multzoa da euskararen geroaren zutoina. Hiztunen esku baita hizkuntza baten geroa. Eta etorkizuna ez da egituretatik jinen. Ez da etorriko jada higatu bideetatik edo moldeetatik. Ez dute instituzioek ekarriko; alderantziz, instituzioen esku hartzearen beha egotea gure kaltekoa bihurtu da, nahi dena espero izan arren, betiere euskara peko errekako bidean jarri duen Estatuaren meneko baita hasteko. Ahalduntzen eta saretzen den euskaldun bakoitzaren eskutan da geroa.

BAMk mugetatik hara joateko balio izan digu baita mugak non ditugun ohartzeko. BAM abentura zoragarria izan da, sentiarazi eta deskubriarazi digun guziarengatik eta batez ere euskararen geroa gu denen eskuartean kokatu duelako: hiztuna erdian da, hizkuntza etorkizuna diseinatzeko tresna da. Balia gaitezen aukeraz heltzen denean.