Lehorte, uholde eta ekaitz erraldoietatik ihesi klimaren aldaketak kaltetutako gero eta jende gehiago datorrelarik mundu aberatserantz, urte ederrak bizi ditu mugak gotortzearen industriak. Todd Miller kazetari eta migrazioetan adituak Hesiarekin borrokan liburuan azaltzen du frontearen gaurko argazki orokorra: zer galdurik gabe datozen etorkinen epopeia, multinazionalek mugen militarizazioarekin egiten duten urrea, justiziaren aldeko talde militanteen borrokak.
2016ko apirilean Tucsongo (AEB) epaitegian Ignacio Sarabia mexikarra epaitu zuten muga baimenik gabe zeharkatzeagatik. Auzia ondo pasa zedin abokatuak emandako aholkuak bat batean ahaztuta, hizketan hasi zitzaion Jacqueline Rateau epaileari: “Nire umeak lau hilabete dauzka eta AEBetako herritarra da. Bihotzeko arazo batekin sortu zen eta operatu egin behar dute. Horra zergatik nagoen hemen zure aurrean”. Saiatu zen bere ingeles kaxkarrezko hitzak osatzen keinuekin, baina gainean zeramatzan eskuburdinek eragotzi zioten.
Epaile andereak erantzun zion sentitzen zuela baina AEBetan ezin zela ilegalki sartu, etortzeko modu legalen bat aurkitu beharko zuela. “Semea hobetzen denean, emazteak eta biek bisitatu ahal izango zaituzte etxean, Mexikon. Edo bestela, espetxean bisitatu beharko zaituzte. Zeuk ikusi ea umearentzako hobea den handitzea bere aita bisitatuz presondegian”. Ondoren, Sarabia eta berekin epaitutako beste zazpi gizonak 60 eta 180 egun arteko espetxealdira zigortu zituen.
Tucsoneko egun hartako entzule bakanen artean zegoen Todd Miller kazetaria, etorkinen laguntza taldeetan ere inplikatua. Ordurako argitaratua zuen Mugako patruilen nazioa: barne segurtasunaren fronteko kronikak. Oraintsu argitaratutako Hesiarekin borrokan: klimaren aldaketa, migrazioa eta barne segurtasuna liburu berrian kontatu du epaiketa hartan ezin zuela burutik kendu hilabete berean sortuak zirela bere semea eta Ignacio Sarabiak aipatzen zuena. Bakarrik, Sarabiarenak hurrengo aldiz aita ikusi beharko zuela espetxeren batean, “bere aita edukitzeagatik egunean 124 dolar irabazten dituen espetxe pribatuan”.
Todd Millerrek liburuan erakusten duenez, herrialde asko dirutzak ari dira inbertitzen mugen militarizazioan, aurrea hartzeko klimaren aldaketak Karibean bezala Afrikan eta beste askotan eragingo dituen populazioen mugimenduei. Filipinetan, Mexiko hegoaldean, Hondurasen, Frantzian edo AEB-Mexiko mugaldean ikusitakoekin, Millerrek josi ditu etxetik urrundutako jendeen historiak estatuek beren mugetan baina baita beren barnean ere ezarritako segurtasun eta militarizazio egituren deskribapenekin. Azken batean, elkarri lotuta baitoaz klimaren aldaketa jokatzen den biltzar dotoreen guneak eta bizirauteko aukera bila datozen jendeei bidea ixteko eraikitzen diren hesiak.
Klimaren aldaketaren aro honetan, dio Millerrek, mundu berean bizi gara alde batetik txit aberatsak, mugarik gabe kontsumitu, eduki eta xahutzen jarraitu nahi dutenak, baina baita klase ertainetakoak ere, jasangarriak ez diren bizimodu kontsumista daramatenak. Eta beste aldetik daude aipatu epaiketan ikusi ditugunak bezalako milioika, beren jaioterrietan biziraun ahal izateko zeuzkaten baliabide oro kendu dietenak. Eta batzuen eta besteen tartean daude militarizatutako mugaldeak, munduaren ordena bidegabe bat indartzeko antolatuak.
“Hedatuz doan estatu zelatatzaile honi iheslarien historia ez zaio axola. Honaino zergatik iritsi diren ez dio axola. Aurpegiak dauzkaten arren, aurpegirik gabeak dira. Zuk ikusi dezakezun bakarra da etorkin talde bat eskuak lotuta epaileen aurrera iristen, inporta duen informazio bakarra da ea hemen baimenarekin ala baimenik gabe sartu diren”.
Klimaren iheslariak, mehatxu globala
Ezein etorkini aitortzen ez zaion arren klimaren errefuxiatu izaera, estatuek ondo dakite badirela, eta gero eta gehiago izango direla. AEBetako militarrei dagokienez, Pentagonoak duela hamabost urte, 2003an, txosten bat zabaldu zuen izen honekin: “Klimaren aldaketa bortitz baten agertokia eta bere ondorioak AEBen nazio segurtasunerako”. Tartean zioen: “AEBen mugak oro indartu behar dira, atzera botatzeko Karibeko uharteetatik (arazo bereziki larria), Mexikotik eta Hego Amerikatik gure gogoz kontra datozen etorkin gosetuak”.
Klimaren aldaketak hainbat aurpegi erakusten ditu dagoenekoz: gero eta indartsuago jotzen duten super-ekaitzak, uholdeak, lehorteak, itsas mailaren igoerak irensten dituen lurrak, ur gezen gazitzea... Horien ondorioz 2008 eta 2015 artean urtero 26 milioi jendek alde egin zuen bere sorterritik. Gerrak lekualdatutakoenak baino kopuru handiagoak dira. Gehienak hurbileko herri eta hirietara doaz aterpe bila, batzuk ausartzen dira aberatsen paradisuetaraino.
2050erako kalkuluen arabera 250 eta 1.000 milioi pertsonak klimagatik ihes egitea espero da. Koko Warner Nazio Batuen Erakundeko unibertsitateko adituak esaten du, zenbaki zehatzen inguruan eztabaida egon arren, migrazioekin ikusiko dena harrigarria izango dela eta “historian ezagutu den beste edozer gaindituko duela”.
Herrialde aberatsetara hurbilduko direnek, hasteko, hesiekin egingo dute topo. Berlingo murru famatua bota zutenean, 1989an, 15 harresi handi zeuden munduan; gaur 70 dira, bi herenak 2011z geroztik eraikiak.
Daukaten hormigoi edo altzairuaz gain, ordea, orain mugen hesitzea high tech da: gauez ikusteko kamerak, energia termikoa behatzen dutenak, edozein mugimendu hautemateko radar sistemak, droneak, ibilgailu blindatuak, komando eta kontrol eraikuntzak, base militar operatiboak... Gehi horien bidez muga baimenik gabe zeharkatzen harrapatutakoak kopuru handitan atxilotzeko presondegiak eta kanporatzeko logistika osoa. AEBetakoa gai omen da urtean 400.000 pertsona kanporatzeko.
“XX. mende amaieratik hasita –idatzi du Millerrek–, XXI.aren historiak bilduko du nola nazio-estatuek itxi eta militarizatu zituzten beren mugak munduko jende txiro eta baztertuenentzako. Baina baita ere mugak erabat zabaldu zituztela munduko aginteen eta negozioen jabe diren klaseentzako”.
Europak ere, Apple bezalako multinazional batek 13.000 milioi euroko zergak kobratzeko sustantzia egiten ez duen Europak, bere mugak militarki gotortzeko estrategia bera darama, klase guztietako hesiak eraikitzearekin batera –Bilboko portukoa ez da izanen azkena– zuloren batetik sartu ostean harrapatutako etorkinak atxilotzeko espetxeak antolatuz, hala nola Espainiak azaroan Archidonan ireki duena.
Mugen militarizazioaren hurrengo atala etorkin ilegalei laguntzen dieten herritar eta taldeen kontrako kriminalizazioa izango da. Zehazkiago, izaten hasi da. Solidaritate delitua isun eta espetxez zigortzen hasi dira epaileak, erabaki balute bezala jende zintzoa izatea dela mendi elurtuetatik ia larru bizirik datozenei salda beroa edo itsaso zakarrean jostailuzko txalupetan arriskatzen direnei txikota eskaintzea.