argia.eus
INPRIMATU
Genetikoki eraldatutako sagarrak
Jakoba Errekondo 2018ko urtarrilaren 16a

Artikotik dator berria. Artikotik haize hotza, garondo-zuloak eta paparoak ebakitzen dituen horietakoa. Kanadan barrena datorkigu ipar haizea, eta ingelesez dator, Arctic.

Sagar negozioak dituen enpresa handia da Okanagan Specialty Fruits Inc. Aurten aurkeztu ditu Arctic sagarrak. Genetikoki eraldatutako sagarrak dira. Aldaketa horren helburua da sagarra ebakitzen denean ez gorritzea, ez herdoiltzea. Sagarra ebakitzean, aireko oxigenoak mamiari kolorea aldatzen dio; fruitua ez da txartzen, baina alferrik galduaren itxura hartzen du. Itxura hori ez izatearren aldatu diote genetika. Gorritzearen erantzulea den entzima, PPO edo polifenol oxidasa “isilarazi” egin dute, eta ia batere ez duen sagarrondoa sortu. Arctic Golden merkaturatu dute, dagoeneko, eta bidean dira Arctic Granny eta Arctic Fuji.

Sagarraren mamia ez gorritzeak zer dakar? Ez gara jabetzen noiz moztua izan den. Ordu pare batean erabat gorrituko litzatekeen sagar atala, egunak pasata ere, moztu berriaren itxurarekin egongo da. Horri heltzeko helburuarekin milioiak inbertitu eta sortu dute aldaketa genetikoa. Hamaiketakorako lantokira edo ikastetxera gordina eta oso-osorik eramaten dugun sagar hori saldu nahi digute. Sagarra ebaki, zuritu eta atalak poltsatxo batean sartuta, saldu ere. Poltsatxoan saltzea da negozioa. Kolorea ez zaio aldatuko, baina egunak eta egunak moztuta daramatzan sagar atalak aho sabaian zer kitzika, zer kilima eragin behar du? Hori ez da, ordea, garrantzitsua. Itxura, begietarako itxura soilik saldu nahi dute. Eta aberastu.

Negozioa borobiltzeko, lotsaren arrastorik gabe, sagar asko gorritu eta alferrik galtzen dela esateko muturra dute. Eta ordainetan bere sagarrekin plastikozko poltsatxo bat beste hondakinik ez dela sortzen. Eta betiko bidetik: zientzialari eta ikerketa institutu batzuen txostenen abaroan.