argia.eus
INPRIMATU
Kalitate hobeagoko enplegua?
  • Urte berria iristen denean, gobernu guztiek nahi dute, euren diskurtsoetan, enpleguaren inguruan duten kezka larria iragarri. Eta jakina, kalitate hobeagoko enpleguaren alde aritzen dira.

Juan Mari Arregi 0000ko ren 00a

Baina euren politikek prekarietatea sustatzen dute: lanpostu berrien %92 prekarioa da. Aurten ere, EAEko eta Nafarroako gobernuek publizitate kanpaina egin dute, autogobernuaz eta enpleguaren inguruan duten kezkaz. Baina hitz horiek, Gabonetako diskurtsoak izanagatik, ez diote errealitateari erantzuten.

Autogobernuak kateaturik segitzen du Madrilgo Gobernutik hartzen diren erabakien ondorioz, bere arauak urratzen jarraitzen baitu, eta duela dozenaka urte EAEn eta Nafarroan garaturik egon beharko liratekeen eskumenak beretzat dauzka oraindik. Madrilek funtzionariei soldatak izoztea inposatu du, eta Gasteiz nahiz Iruñea bide beretik doaz, nahiz eta hitz emanda zuten %1,5eko igoera eskasa, eta aurrekontuetan horretarako partidak dituzten.

Urkulluk esan digu urte berri hau kalitate hobeagoko enpleguarena izango dela, baina bi egun geroago erabaki du bere lantalde osoaren soldatak izoztea. Kalitatea aipatzen du, bere enpresa publikoetan %35eko behin-behinekotasuna dagoenean. Barkos, pozarren kontzertu ekonomikoa berritu duelako, Madrilen oinpean jarri da eta hark inposaturiko soldata izozketa onartu du enplegatu publikoentzat.

Ondo legoke publizitate-diskurtsoak abandonatu eta benetako errealitatea erakutsiko balute, Madril aitzakiatzat hartu gabe. Madrilera begira jarraitzen duten bitartean, berdin jarraituko dugu. Lan harremanak, berdintasuna, kalitate oneko enplegua eta babes soziala lehenetsiko dituen burujabetza prozesu baten alde egitea, hori da bidea.