argia.eus
INPRIMATU
JAN TOLOSALDEA
Lehen sektorearen eta herri txikien arteko elkarguneen bila
Garazi Zabaleta 2018ko urtarrilaren 16a

“Esaera zahar batek zera dio: ‘zer jan, hura izan’. Tolosaldean kontsumitzea Tolosaldea eraikitzen hasteko modurik onena dela uste dugu, bertakoa kontsumituz eskualdearen garapena bultzatzen ere ari garelako”. Iker Karrera Tolomendi Landa Garapenerako Elkarteko arduradunaren hitzak dira, martxan jarri berri duten Jan Tolosaldea ekimenaren asmoez hizketan. Abenduaren 14an aurkeztu zuten proiektua, eta eskualdeko 12 herrik eman zioten egitasmoari beren atxikimendua.

Tolosaldeako Elikadura Onaren Plangintza

Ekintza solte bat baino, jarraipena duen jardunaren parte da proiektu berria. Esaterako, eskualdeko ekoizleen informazioa biltzen aritu dira Tolomendin orain gutxi, Tolosaldeko Elikadura Onaren Plangintzaren baitan. “Jasotako informazioa txukun antolatu eta gizarteratu nahi dugu, jendeak ezagut dezan nork eta zer ekoizten duen eskualdean”, dio Karrerak.

Azoken inguruan ere lanean ari dira, dinamizazioa eta garapena sustatzen, eta Udalekin ere lanketak abiatu dituzte erosketa publikoetan bertako produktuak bultzatzeko neurriak har ditzaten. Bestalde, ostalaritzan lanean dihardutenekin eta komertzioekin ere elkarguneak landu nahi dituzte proiektuaren bultzatzaileek. “Aliantzak bilatu nahi dira guztiok bide berean egiteko”.

Estrategia orokorrago baten parte

Jan Tolosaldea ekimena ez da eskualdera mugatzen den proiektua. Bertako ekonomia eta lehen sektorea sustatzea eta gizartearen sentsibilizazioa sakontzea dute asmo, eta lanketa hori eskualdetik harago doa. “Erkidegoan Jaurlaritzatik sustatutako konpromisoekin lotzen da egitasmoa”, dio Karrerak.

“Lehen sektoreko ekoizleak antolatuta daude elkarteetan, kontsumitzaileen taldeak ere badaude, erakunde publikoak, komertzio eta ostalaritza elkarteak…”. Horiekin guztiekin batera lan egiten saiatuko dira Jan Tolosaldea proiektuaren bultzatzaileak. Bakoitza bere aldetik ibili beharrean, ahal den neurrian elkarguneak, sinergiak eta babesguneak bilatuz. “Elkarlanean errazagoa da jende gehiago honetara batzea”, dio.