Senideak edo profesionalak zaintzaile dituztela etxean jarraitzea, edo bestela zahar-etxera joatea. Horiek ohiko ereduak, zahartzaroa iristen denean. Aukera berriak zabaltzen ari dira ordea, elkarren arteko zaintza, izaera komunitarioa, autogestioa, bizi-kalitatea eta adinekoen autonomia helburu.
“Zaharrentzako egoitzek duten ospitale kutsua ez dut gogoko eta batzuentzat norbere etxean bizitzea izango da aukera onena, baina beste batzuok nahiago dugu etxebizitza kooperatiboen erronka: harremanak, taldean erabakitzea, parte-hartzea, autonomia, aktibitatea… sustatzen dutelako, eta horrek guztiak bizirik mantentzen zaituelako. Jubilatu eta gelditzea ez da nire filosofia”, dio Asun Fernandez Ostolazak. Eibartarra da bera, baina Bilbon bizi da, 64 urte ditu eta irakasletzatik erretiratuta dago. Adineko jendearentzako apartamentu egokituak eta espazio partekatuak uztartu nahi dituen Egunsentia proiektuko kide da: “Egunsentian, garai bateko auzoaren modukoa dugu buruan: bakoitzak bere pribatutasuna mantentzen du, baina bizilagunek elkar ezagutzen dute, elkarri laguntzen diote, eta espazioak partekatzen dituzte harremanak eta ekintzak aurrera ateratzeko. Bakarrik bizitzeak azkenean alfergura, segurtasun eza eta inguruari gero eta beldur handiagoa izatea dakar eta nik izua diot horri”.
“Bai, aspaldi herri eta komunitate txikietan zeramaten bizimodua berreskuratzea da asmoa. Gaur egun, kultur-etxea da gauzak antolatzen dituena eta proiektu kooperatibo hauetan berriz, askoz errazagoa da gu geu antolatzea eta jarduerak guk geuk erabakitzea, hori bilatzen dugun jendea gaudelako, halako leku batera hurbiltzen garenok profil jakin bat daukagulako eta normalean zabalik gaudelako ikasteko eta irakasteko”, gaineratu du Fernando Abajo Solerrek. Ezkondua eta seme batekin, Sondikan bizi den bilbotar honek 54 urte ditu eta lanean ari da oraindik, baina Brisa del Cantábrico egitasmo kooperatiboan izena eman du dagoeneko, emaztearekin bertaratzeko. Proiektua martxan da eta Kantabrian dagoen arren, 329 bazkideetatik 80 euskal herritarrak dira. Brisa del Cantábricoko bultzatzaile Nemesio Rasillok ere bestelako zahartzaroa nahi du, amaren menpekotasuna bederatzi urtez bizi ostean. Erabakitzeko autonomia, etxeak ematen dizun independentzia, konpainia, segurtasuna, eta finean, bizi-kalitate ona bilatzen ditu proiektuan: “Ez dugu seme-alaba eta senideen bizitza hipotekatu nahi. Haien afektua eta laguntza puntuala behar dugu, baina gu zaintzeko zama inposatua kendu nahi diegu gainetik eta horretarako onena da gure bizitzaren ardura guk hartzea. Ohiko zahar-egoitzak gehiago daude pentsatuta hiltzeko, bizitzeko baino, eta ez dugu egoitza on batean bukatzeko adina dirurik. Ez da nahikoa oinarrizko arreta jasotzea, garbitu, jan eta janztea, beste era batera nahi dugu zahartu, independentzia nahi dugu eta bizimodu duina”.
Asun Fernandez: “Garai bateko auzoa dugu buruan: bakoitzak bere pribatutasuna mantentzen du, baina bizilagunek elkarri laguntzen diote; espazioak partekatzen dituzte harremanak eta ekintzak aurrera ateratzeko”
Fernando Abajo: “Ekintzarako gogoz dagoen jendea, kooperatuz, autogestioa bultzatuz, eredu energetikoki jasangarrian… Edozein udalek berera ekartzea amestu beharko luke”
Europako eredua: “Etxean edo etxean bezala”
Gizartearen %20 inguruk 65 urtetik gora dauzka Hego Euskal Herrian eta kopurua handituz doa urtez urte, bereziki EAEn (%145eko zahartze-tasa du). “Errealitate horren aurrean, etxebizitza eta ingurua (auzoa) egokituta izatea eta menpekotasun maila ezberdinen arabera laguntza/zerbitzuak ere neurri horretan jaso ahal izatea litzateke onena. Arazoa da gaztetan sartzen garela etxebizitza batzuetan, nahi dugu bizitza osorako izatea, baina ez daude zahartzarorako pentsatuta. Beharrak suertatu ahala, gure etxean ikusten ditugun gabeziak konpontzen saiatzen gara, baina ingurunea ez badago egokituta, kaiola batean bezala gera gaitezke, etxean preso. Aldi berean, zaharrek jasotzen duten laguntza familiarra handia da Euskal Herrian, eta badakigu horrek zein ondorio dituen”. Rehabite Espazioak Biziberritzen enpresako Aritz Berastegi eta Enrique Etxeberria arkitektoak dira mintzo zaizkigunak. Administrazioak gurean ematen dituen aukerak ere zehaztu dizkigute: eguneko zentroak batetik; menpekotasun arina dutenentzat tutoretzapeko apartamentuak bestetik, baina baldintza oso zehatzak betetzen dituztenei zuzenduta daude eta murritza da eskaintza; eta azkenik, zaharren egoitza, 65-85 urtetako herritarrak eta menpekotasun maila guztiak barne hartzen dituena. “Jendea, ordea, azken fasean baino ez da joaten, 80 urtetik gora edota dementziaren bat duenean. Etxeko egonaldia ahalik eta gehien luzatzen saiatzen gara, eta zentrora joan behar dugunean, aurkitzen dugun ingurunea oso bortitza da. Europako ereduaren aldean, ezberdintasun nagusia da gure egoitzetan logelak daudela, ospitaleetatik datorren eredua delako, eta beste herrialdeetan aldiz, etxea da oinarria. Kontzeptu garrantzitsua da, norbere etxea utzi eta logela batean sartzea aldaketa handia delako, hein batean zure nortasuna ere galtzen duzu, zure intimitatea…”.
Izan ere, zahartzaroan ere etxean edo etxean bezala bizitzea da Europan orokortu den filosofia, eta hasieratik, 65 urte dituztenetik, etxebizitza eskaintza zabala dute, laguntza gutxiago edo gehiagorekin, egokitzapen eta espezializazio txikiago edo handiagoekin, beharren arabera. Unean uneko premiei erantzuten dieten etxeak dituzte eskura –alokairurako eta etxez aldatzeko kultura barneratuagoa baitute– eta azken unerako baino ez dago aurreikusia egoitza. Artikulu honen bukaeran, Europan arrantzaturiko hainbat adibide aurkituko dituzu.
Egunsentia, lursail baten zain
“Euskaldunek duzuen kooperatibista izaerarekin, nolatan ez da horrelako proiekturik martxan jarri oraindik?”, galdetu omen diote behin baino gehiagotan Fernando Abajori. Lanerako-eta bai, kooperatibistak garela, baina intimitatea tartean denean, askok atzera jotzen omen du, dio Abajok: “Proiektu hauetan bakoitzak bere etxea du, baina eremu ugari partekatuak direnez, batzuek ez dute gustuko”. Egia esan, Euskal Herrian, han eta hemen, badira zahartzarorako etxebizitza komunitarioa egitea helburu duten egitasmoak, baina denak ere oso hastapenetan, dirua traba handia baita. Egunsentia da, ziurrenik, proiekturik sendoena, eta ez dago oso aurreratuta: “Momentu hauetan hogei bazkide gara eta Bilboaldean garatu nahi dugu ekimena, baina orube bat lortzea dirutza da, garestia baino garestiagoa da Euskal Herrian lursail bat erostea”, kontatu digu Asun Fernandezek. Argi dauka, administrazioa inplikatzen ez bada, ezingo dute asmoa gauzatu: “Ez bada legedia aldatzen eta gurea bezalako proiektu berritzaile eta kolaboratibo batentzat ez badigute lursail bat uzten, adibidez 75 urtez erabiltzeko, garajeak egiteko enpresa eraikitzaileei uzten dieten moduan, ez dugu aurrera aterako. Beste aukera bat litzateke eraikinen bat berritzea eta egokitzea, baina horretarako ere administrazioak lagatzea beharko genuke. Baserri bat moldatu eta 8-10 lagunentzako cohousing txiki bihurtzea, horrelako esperientziak ezagutzen ditut, baina gure planteamendua 30 bat laguntzentzako da”.
Pasa den azaroan, Eusko Jaurlaritzak berrikuntza bat iragarri zuen, 2018-2020 Etxebizitza Gida Planaren barruan: merkatu librean etxea eskuratzea lortzen ez dutenei zuzenduta, alokairu publikorako etxebizitza kooperatibaren eredua probatuko du Donostian, Txominenean lursail bat erosita. Ikusiko da ea horrek bidea irekitzen dien Egunsentia bezalako proiektuei.
Kantabrian, 70.000 metro koadro eta 190 apartamentuko landa gunea
Egunsentia ekimenaren zailtasunak ikusita, hainbat euskaldunek erabaki zuten Brisa del Cantábrico proiektuarekin bat egitea, lursaila han merkeagoa izanik, bideragarria delako (bertan sartzeko 36.000 euro eskatzen dizkiete bazkideei). 2018 bukaeran aurreikusten dute obrak hastea. Asun Fernandezek ez du aldaketa egin, “erroak, lagunak, auzoa” ez dituelako utzi nahi; Fernando Abajo aldiz, Egunsentiatik hara aldatu denetako bat dugu: “Zahartzarorako seguru modukoa da hura niretzat, zerbait ziurra. Etorkizunean hemen antzeko zerbait lortzen bada, beti izango dut haiekin hitz egin eta itzultzeko aukera”.
Kooperatiba parte-hartzailea eta autogestionatua da Brisa del Cantábrico, egitasmo soziala. Landa gunean kokaturiko 70.000 metro koadrotan, lorategidun 50 metro koadroko 170-190 etxebizitza eraikiko dituzte (beste 20 apartamentu txiki gonbidatuentzat) eta hainbat elkargune izango dituzte: kafetegia, sukaldea, jangela, erabilera anitzeko gelak, garbitegia, isiltasunerako gela, liburutegia, gimnasioa, igerileku terapeutikoa, sendaketa gela, brikolaje-tailerra, baratzeak...
Adin nahasketa bermatu nahian, adin bakoitzeko 14 pertsona hartu dituzte gehienez, 50 eta 70 urte artekoak, “geriatriko moduko zerbait bihurtu ez dadin”, azaldu du Abajok. Partekatzearen abantailak ere nabarmendu dizkigu: “Erremintak adibidez, bakoitzak bere etxean joko osoa izan ordez, nahikoa da denentzat bakarra eta tailer txiki bat izatea, eta berdin garbigailua, edo zaintza profesionala: etxean norberak norbere zaintzailea edo gauean laguntzaile bana kontratatu ordez, merkeagoa izango da batzuen artean egitea”. Helburua ahalik eta buruaskien izatea baita, eta ildo horretan energetikoki jasangarri izatea ere bilatzen dute, hala nola energia berriztagarriak erabiliz, euriaren ura bilduz eta baratzea landuz. Kideek batasuna… eta askatasuna izango dute: “Bakoitzak aukera izango du nahieran antolatzeko. Esaterako, erabaki dezakezu otorduak etxean egitea, edo diru kopuru bat jarri eta beste hainbatekin jantoki irekian egitea”.
Abajok ez du zalantzarik: “Egitasmo biziki aberasgarria da, edozein herritako udalek berera ekartzea amestu beharko lukeena. Ekintzarako gogoz dagoen jendea, kooperatuz, autogestioa bultzatuz, energetikoki jasangarria…”.
Asun Fernandez: “Administrazioak ez badigu orubea uzten, Euskal Herrian ezinezkoa da. Lursaila erostea garestiegia da”
Fernando Abajo: “Ondo bereizi nahi izan dugu zein den auzokideak egin dezakeen zaintza eta zer profesionalari dagokiona. Bizilagunari botika ekarriko diot farmaziatik, baina ez diot pixoihala aldatuko”
Menpekotasuna areagotu ahala, zer?
Solasaldian, behin baino gehiagotan atera da gaia: harreman afektiboa eta elkarrenganako zaintza oinarrietako bat da proiektuotan, eta egiturak berak laguntzen du: “Eremua lotzen duen bidexka etxe guztien aurretik pasatzen da Brisa del Cantábricon –dio Abajok– eta inportantea da, baita elkarren arteko kontrolerako ere, norbait ez bada agertzen segituan konturatuko garelako eta haren etxera joango garelako, ea ongi dagoen ikustera”. Jakina, kideen arteko zaintzatik harago, zerbitzu profesionala ere funtsezkoa izango da: “Muga ondo bereizi nahi izan dugu –argitu du Abajok–, zein den auzokideak egin dezakeen zaintza eta zer profesionalari dagokiona. Farmaziara joango naiz bizilagunak behar duen botika hartzera, baina ez diot pixoihala aldatuko”. Arreta zerbitzu profesionala izango dute eta menpekotasun handia izanik apartamentuan jarraitu ezin dutenentzat, hiru elkarbizitza unitate dituzte aurreikusita: elkarbizitza unitate bakoitzak hamar lagun har ditzake eta etengabeko zaintza pertsonalizatuaz gain, sukaldea, jangela, egongela, lorategia eta bakoitzarentzako logela ditu.
Asun Fernandezek gaineratu du Egunsentian ere eztabaidatu dutela horretaz: “Gure helburua da Egunsentia izatea gure bizitokia hil arte, dauden laguntzak eta profesionalak baliatuz, baina gaixotasun batzuek burua galtzea eragiten dizute, agresibitatea sorrarazten… eta kasuan kasu erabakiak hartu beharko ditugu, gure artean eta senideekin hitz eginda, ea egoitzaren batera eramatea komenigarriagoa den, adibidez”.
Adineko jendeaz sarri ematen den irudia, gutxiesteko ez bada infantilizatzeko edo mezu ezkorrak emateko (osasun zentroak kolapsatzen dituztela, esaterako), mingarria dela dio Asun Fernandezek, asko direla oraindik egin ditzaketen ekarpenak. Guk behintzat, mundua eraldatzen jarraitu nahi duten zaharrak aurkitu ditugu artikulu honetan.
EUROPAKO HAINBAT EREDU
Etxebizitza kooperatibez gain, zahartzarorako beste hainbat aukera ere badira: belaunaldi uztarketa bultzatzen duten komunitateak, auzo guztia kontuan hartzen duten egitasmoak, buruko gaitza duten zaharrentzako herriak...
Trabensol: koadrila kontzientziatu baten egitasmoa
Gaztetan, etxebizitza kooperatibak sortu zituzten; umeak izan zituztenean, hezkuntza aurrerakoiagoa oinarri zuten ikastetxe kooperatibak; eta 2013tik, jende bera Trabensol proiektuko etxebizitza kolaboratiboetan bizi da, Madrilen. Zahartzarorako proiektu soziala da, bioklimatikoa, geotermikoa, eta etxebizitza indibidualak eta denontzako guneak uztartzen ditu: “Oreka bilatu dugu bizitza indibidual eta kolektiboaren artean”. Jaime Moreno, Paloma Rodríguez eta Felisa Laíz kideen arabera, eguna hasi daiteke martxa nordiko bat eginez, edo txangoren batekin, gero chi kung pixka bat, zine-foruma arratsaldean, bestelako tailerrak… “baina horrek ez du esan nahi denean parte hartu behar dugunik, batzuetan etxean egon nahi duzulako, lasai-lasai, musika entzuten edo irakurtzen”.
Harremanak funtsezkoak dira Trabensolen: “Inguru afektibo oso indartsua daukagu, eta zaintzan arreta fisiko edo intelektual soilak ez dizu hori ematen; gizakiok kariñoa behar dugu”. Hala ere, egungo kideak aktiboak diren arren, badakite menpekotasun handiagoko garaiak iritsiko direla: “Errealitate horri eta etorriko diren beharrei erantzuteko pentsatuta dauden espazioak baditugu, baina jakin badakigu ez direla nahikoa izango eta ez ditugula erantzun guztiak. Lan-batzordeka aritzen gara eta batzordeetako batean etorkizuneko erronkei heltzen diegu, tartean osasun gainbeherari; pertsonan zentraturiko zaintza ereduak ari gara aztertzen”.
Danimarka aitzindari
Hemen bezala gertatzen zen Danimarkan: zahar egoitzak adin tarte zabalagorako pentsatuak zeuden arren, azken fasean zeudenak baino ez ziren bertaratzen. Beraz, egoitzak azken etaparako utzi eta etxebizitzen eredura jo zuten 1970eko hamarkadan. Adinekoek haien beharrei egokitutako etxebizitza eskaintza zabala dute herrialdean, eta horretarako administrazioaren inplikazioa funtsezkoa da: etxebizitzen eskaintza publikoa denean, administrazioak berak jartzen du orubea eta bertan proiektua egingo duten irabazirik gabeko kooperatibei erraztasun ekonomikoak ematen dizkie (kreditu onak…). Ekimen pribatua denean, antzera gertatzen da: promotoreek prezio onean lortzen dute lursaila eta haiek gero baldintza jakinetan eta mugatuta dauden salneurrietan egin behar dute eskaintza. Administrazioak, gainera, diru-laguntza ugari eman ohi ditu, beharrezkoak diren zerbitzuak bermatzeko.
Ghettoak saihesteko, nahasketa
Adinekoentzat espresuki eraikitako etxebizitza edo etxebizitza multzoetan, herri guztiarentzat erabilgarri diren ekipamenduak txertatzea da hainbat herrialdetan hautaturiko bidea. Hala, lehenengo solairuan adibidez supermerkatua edo ikastetxea egiteak ekarriko du adin guztietako jendea hurbiltzea eta nahastea, adinekoak ez daitezen isolatuta geratu.
Antzeko helburuarekin, Europan nahiko orokortuta dagoen eredua da etxebizitza promozioak egitea zaharrentzat eta gazteentzat leku berean. Etxe horietan sartzeko, adina baldintzetako bat bihurtzen da eta modu horretan belaunaldi arteko uztarketa bermatzen da, horrek dakarren aberastasunarekin.
Harago joan dira Frantziako Turena eskualdean: eraikin berean daude Lehen Hezkuntzako ikastetxea eta zaharrentzako etxebizitzak –Marpa sarearen barruko etxebizitzak dira, irakurri hurrengo puntua–. Ekimen aitzindari honi esker, hainbat adinekok eskolak, bazkariak eta irteerak partekatzen dituzte gazteekin, ikaskideak baitira denak.
Baserritarrentzat propio
Bizitza guztia landa eremuan eman dutenengan pentsatuz, 1980ko hamarkadatik Marpa eredua zabalduta dago Frantziako Estatuan: landa-guneko etxeak dira, adinekoentzat, norbere ingurunea ahalik eta gehien errespetatzeko eta bat-batean hiriko pisu batean sartzeak sortu dezakeen deserrotzea saihesteko asmoz. Hemen ere, etxebizitza pribatuak eta espazio partekatuak dituzte eta gehienez 24 lagunentzako daude pentsatuak. Guztira, 190 egitura inguru daude Estatuan, elkarteek kudeatuak.
Dementeen herria
2010ean sortu zuten Hogewey herria, Herbehereetan. Dendak, lorategiak, parkeak, jatetxeak, posta bulegoa… ditu, baina herri berezia da: biztanle gehien-gehienak pazienteak dira, gaixotasun kognitiboren bat dute (alzheimerra kasu) eta haien beharren arabera diseinaturiko herria da –aire zabalean dagoen 16.000 metro koadroko ospitalea bailitzan–. Herritar-pazienteak bost edo seinaka bizi dira etxeetan eta helburua da herri arrunt batean bizimodu arrunta egin dezatela, eguneroko ohiturak ahal bezainbeste mantentzea, horrek zaintza profesional eta medikalizazio gutxiago eskatuko duelakoan. Aldi berean, dementziarik ez duten biztanleak kontzientziatuta eta prestatuta daude, behar izanez gero esku-hartzeko, eta baten batek jarrera ezohikoren bat badu (garrasika hasi, biluztu…) ez asaldatzeko. Nonbait, burua galtzen hasten den jendeak joera handia du autobus geltokietara joateko, eta autobus geltokia ere badu Hogeweyk, baina bertatik ez da inoiz autobusik igarotzen.
Auzoa helburu
Auzoak birgaitzea da Berastegi eta Etxeberria arkitektoen proposamena: auzoa bera izatea behar ezberdinei erantzungo diena, bateko eta besteko zerbitzuak bermatuko dituena edota bizilagun kontzientziatu eta prestatuak izango dituena –“auzo lagunkoiak” deiturikoetan, adibidez, bakarrik bizi diren zaharrak identifikatzen dituzte eta bisitak egitera joaten zaizkie auzokideak–. Auzoan bertan, etxebizitza batzuk adineko jendearentzat egokituta egongo lirateke eta saihestuko litzateke adineko jendea beste norabait joan behar izatea, edo zahartzen diren auzoen gainbehera. “Beste herrialde batzuetan, herriak sakabanatuagoak dira, baina guk auzo trinkoak ditugu eta bakoitzak berera ongien egokitzen den soluzioa bilatu behar du. Auzoetan jarri beharko genuke begirada”.
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Lau hilabeteko eta lau urteko bi ume dituen familia bat etxetik bota dute astelehen goizean Bilbon. AZET Etxebizitza Sindikatua azken egunotan etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatu bada ere, astelehen goizean bota ditu poliziak etxetik. Manifestazioa deitu dute... [+]
Abenduaren 14an etxebizitzaren negozioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon, etxebizitza sindikatu nagusiek deituta. “Doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka” mobilizatzera dei egin dute. Ane Salvador... [+]
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo... [+]
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Lanaren Ekonomiaren 8. denboraldia etxebizitzaren gatazkari helduz hasi da, Karla Pisano, Roser Espelt, Miguel Virizuela eta Argiako Jon Tornerrekin. Bi barikutan behin 11:00tan izango da irratsaioa.