Komunikabide nagusiek ofizial bihurtu duten bertsioaren arabera, okupa antisistema batek espainiar banderako tirantedun tipo bat bortizki erailtzen du, tiranteak ez beste arrazoirik medio. Bertsio bakar hau sentsazionalismo osoz hedatuz, kasu hau mediatizatzeak abantaila batzuk ditu:
Ekintzaile eta militante antikapitalistak bere tokian jartzen ditu: kriminal biolento arriskutsuak. Okupazioa estigmatizatzen da (sakratum jabegum pribatum, amen). Antisistema hitza tabu bihurtzen du: oraingo antisistema da pasa den mendeko komunista.
Tirante hori-gorriak erdigunean jarrita, Espainiarekiko gorrotoa da mintzagai. Gorrotoak mugitutako basati hauek dira, Altsasuko gazteak bezala, terrorista berriak.
Mutur eskuineko fatxa bat biktima errugabedun bezala irudikatzen da. Estatuaren funtzionario eta ordezkari hainbatek –gehiegik– espainiar nazionalismo ultraeskuindarraren gorakada eta neonazien inpunitatea irribarretsu begiratzen dute. Gainera, kasu honek eta 4F-ko muntaia polizialak batak bestea indartzen du. Batak Rodrigo Lanzaren izaera kriminala ezartzen du eta besteak berretsi.
Berriz ere gezurrak muturrean, berriz ere amorrua, injustizia, beldurra, kalte-beratasun biluzia, inpotentzia eta etorkizun iluna, antsietatea. Nori tokatuko zaio loteria hurrengoan?