Gobernatzen dutenek soldata onak dituzte, dietak, luxuzko pentsioak… Eta hara non datoz orain esatera, krisi urteen ondoren soldatak mugitu behar direla kontsumoa hobetzeko.
Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) 2018an %4 igotzea proposatu dute; orain 706 euroan dago. Hau da, 28 euro gehiago! Espainiako Estatuko milaka langilek –Hego Euskal Herrikoak ere bai– “bizi” beharko dute 736 euro horiekin. Pentsioak, laugarren urtez jarraian, %0,25 igoko dira, beraz milioika pentsionistek hilean bizpahiru euro gehiago jasoko dute. Eta hauteskunde orokorrak datozenez, PPren Gobernuak “2019 eta 2020rako igoera garrantzitsuak” iragarri ditu.
Hori da dagoena. Gobernatzen dutenek eta gobernuaren atzean daudenek (bankuak, multinazional handiak, IBEX-eko enpresak…) soldata eta mozkin milioidunak pilatzen dituzte, eta lotsarik gabe onartzen dituzte besteoi soldata eta pentsioak igotzeko kondartxo horiek. Eta hori horrela da, funtsean euren burua saltzen duten eta gobernutik jasotzen dituzten subentzioekin oso eskertuta dauden sindikatu batzuk daudelako. CCOO eta UGT negoziatzen ari dira patronalarekin eta Espainiako Gobernuarekin, eta diotenez LGSa 886 eurora igotzea eskatuko dute, asko balitz gisan! Eta Gobernuak bere proposamenari eusten badio, orduan zer?
Bai Espainiako Gobernuko kideek, bai patronalak, bankuek, multinazionalek eta enpresa handiek, hala nola liberatu sindikalek, urtebete –bai, bakarrik urtebete– pasa beharko lukete soldata miserable horrekin, 736 euro gaindituko ez dituen LGSarekin. Kapitalismoak bidea libre dauka eta ez ezker politikoak ezta sindikatuek ere ez dute ezer egiten aurre egiteko. Sistemarekin paktatzen dute, eta horrela doakigu.