argia.eus
INPRIMATU
Sasoiko daude
Joxi Ubeda Goikoetxea 2017ko abenduaren 19a
Arazo modernoak. Bi Bala. Bonberenea Ekintzak, 2017

Bi Bala taldeak bere ohiko etorriarekin, gatz eta piperrarekin, zorroztasunarekin eta ironiarekin segitzen du. Bertso-rockaren bidetik jarraituz, kantu politak bildu dituzte haien lan berrira, eta urratsez urrats beren ibilbidean aurrera egiten ari dira.

Kantuen bidez kritika eta salaketa egiten jarraitzen dute, hitz jokoen bidez, zirikatuz edo zuzenean: “Interneteko birusak eta txertorik gabeko haurrak, adar jartzeen hipotekak ta hipotekaren adarrak; arazo modernoak, entzefalograma planoak, bizitza garantian ote dudan begiratzera noa” (Arazo modernoak); “Inork ezin du galdetu baina demokratak gara” (Muturrekoei jarriak), “Galdutako borrokak baino okerragoak dira ahaztuak; beldur handirik ez du duintasuna besterik ez daukanak” (Esku laztuak).

Melodiak, erritmoak eta soinua ere arretaz eta ongi zaindu dituzte, kantuen moldaketak eta nahasketak. Soinu indartsua, trinkoa eta distiratsua gauzatu dute, xehetasunez ondo jantzia baina soberan egon daitekeen apaingarririk gabe. Aipagarriak dira gitarrarekin sortu dituzten marrazkiak eta giroak. Izan ere, denbora batean jendaurreko emanaldirik egin gabe egon dira, urtebete inguru, kantuak ontzeko, eta lan berria egiteko hartu duten denbora horrek bere eragina izan du diskoaren soinuan eta emaitza osoan, diskoa osatzeko lanean murgilduta egon izanak bere fruituak eman ditu.

Taldea gero eta ezagunagoa da, eta sasoiko dago. Urte gutxitan, jendaurreko emanaldi ugari egin ditu, eta hiru disko kaleratu: Arazo modernoak lan berriaz gain, Gure eroyak (2015) eta Wasabi (2014). Julen Goikoetxea (bateria), Xabier Etxeberria Pitxu (baxua), Iñaki Gurrutxaga (gitarra eta ahotsa) eta Aitzol Barandiaran (ahotsa) taldean elkarrekin jotzen gustura ari direla eta ederki pasatzen dutela bistan da.

Taldeko abeslariak, Aitzol eta Iñaki, bertsolariak ere badira, eta Julen eta Pitxu musikariekin Bi Balaren soinua sortu, finkatu eta sendotu egin dute, eta disko berriarekin aurrerapauso nabarmena egin dute. Hori guztia bertatik bertara antzeman daiteke lan berria aurkezteko egiten ari diren saioetan.