argia.eus
INPRIMATU
Ankiloglosia
Mihi-hariaren eragina ahoan eta ahoskeran
  • Organo bat gorputzeko berezko lekutik gehiegi ez aldentzea ekiditen duten tolestura txikiak dira galgatxoak. Ahoan ditugun mintzak dira. Hiru dira eta motzak baldin badira, ondorioak ekar ditzakete.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2017ko abenduaren 14a

Goiko eta beheko ezpainetatik hortzoietara iristen direnak eta mihi-hari edo mihipeko galgatxoa bereiz ditzakegu ahoan. Behekoa da arazorik ematen ez duen bakarra. Goikoaren eraketa desegokia bada, adibidez, erdiko hortzak banantzea ekar dezake eta hozkatzeko moduan eragin. Maider Egino logopedak, ordea, mihipeko galgatxoaren gorabeherez mintzatu zaigu, arazo gehien ematen dituena baita.

Esan bezala, galgatxoa motza izateak ondorioak ekar ditzake, mingainaren berezko mugimendua muga dezakeelako, behar beste luzatzen uzten ez diola-eta. Ankiloglosia edo mihipeko galgatxo motza deitzen zaio horri. “Jaioberriek ahosabai altua eta estua dute eta mihiaren mugimenduak egiten du jaitsi eta zabaltzea. Mihiak mugitzeko aukerarik ez badu ez da aho barruko aldaketarik emango eta ahoko egitura guztia kaltetuko du”, azaldu digu Eginok. “Ahosabaia altu gelditzean, koanen (sudur-zuloen zabalera) diametroa txikiagoa izango da eta horrek ahotik arnastera behartuko du. Ahoa irekita lo egin eta zurrunga eragiteaz gain, haizea filtraziorik gabe sartuko da ahotik biriketara. Hotzagoa ere badenez, bronkitis, neumonia eta otitisak hartzeko arriskua handituko da”.

Era berean, hortzen itxiera eta ahoskera desegokiak ekar ditzake. Hortzak ateratzen direnean, banatuta edo pilatuta izateko gakoetako bat izango da ahosabaiaren eraketa. Gerora aparatu beharra antzemango da; halaber, denborarekin dislalia eta hainbat hizkiren ahoskera desegokiak eragingo ditu, “mihi punta ez baita artikulazio puntu egokietara heltzen letrak ongi ahoskatzeko”.

Jaioberritatik jakin daiteke, beraz, galgatxoaren tamaina motza ote dugun. Ordutik hasiko dira kalteak. Amaren bularrera heltzeko zailtasunak, kolikoak eta gehiegizko gasak eragin ahal dizkio, esne kopuru gutxi hartzeaz gain. Amari ere titiburuak mindu eta zauritu dakizkioke.

Kalterik ez eragiteko, arreta lehenbailehen jartzea gomendatzen du logopedak. Mihiaren mugimendua begiratu beharko da: ezpainetatik kanpora irteten ote den, ahoa irekita egonik ahosabaira iristen ote den, deformatu gabe alde batetik bestera mugitzen ote den... Behin logopedak diagnosia eginda, otorrinolaringoloarengana bideratuko du eta honek galgatxo motzak kalterik egingo dion ala ez esango dio.

Moztu ala ez?

Mihiaren mugimenduak lantzeko ariketak badira, baina galgatxoa, normalean, ez da haziko, ez duelako zuntz elastikorik. Zein da konponbidea? Har daitekeen erabakietako bat galgatxoa moztea da, baina Eginok kontatu digunez, eztabaida pizten du batzuetan. “Mediku batzuek diote lehenbailehen moztea hobe dela arazo horiek guztiak saihestuko direlako”. Gainera, ebakuntza erraza denez, txiki-txikitan haurra lokartu beharrik ez dagoela gaineratu du. “Txiki-txikitan mozten bada ez da ebakuntza, oso erraza da. Eragozpenak ekarriko badizkio, dudarik gabe jaio eta berehala moztuko nioke”. Ondo moztuta badago, ez du ondorio negatiborik. Horretarako, lehenik, eragin dezakeen kaltea baloratzea ezinbestekoa da.

Seme jaioberriari mihi-harian ebakia egin zioten aita batek kontatu digu medikuek horixe esan ziotela, hobe zela lehen egunean bertan moztea, “erraz” egin daitekeelako. “Aurrerago, auskalo”. Besteren artean, azaldu zioten hizkeran eta esnea hartzerakoan eragina izan zezakeela mihi-haria ez ebakitzeak. “Di-da batean egin zuten, labana moduko batekin”.