Baditu –besteren artean– bi gabezia euskal literaturak: liburu elektronikoen urritasuna eta literatur lanen ibilbide laburra. Aritz Brantonek Booktegi ataria sortu du joera horiek aldatzeko. Euskarazko lanak formatu digital zainduan eta doan eskaintzen ditu bertan. Hilabete gutxian 9.000 lagunek bisitatu dute webgunea.
Izenak ez, baina abizenak eta guztiz ezkutatzen asmatzen ez duen azentuak salatzen dute Aritz Branton. Ez da sudur finegia behar abizen horren atzean istoriorik badela usaintzeko. Topikoak betez, maiteminak jota erabaki zuen Erresuma Batua utzi eta Euskal Herrira etortzea. Pertsona hark adina maitemindu zuen bere hizkuntzak ordea. Hamabi urte dira etorri zela, eta nahikoa izan ditu bertako literaturan murgildu ez ezik, astintzen ahalegintzeko.
Zergatik egin zitzaizun horren deigarri euskara?
Filologia eta Historia ikasi nituen nik, eta beti izan dut hizkuntzak ezagutzeko interesa. Baina euskaratik erakarri ninduena ez zen bere jatorri urrun eta ezezaguna izan. Euskararen sistema da miraria iruditzen zaidana. Oso elementu gutxirekin asko egin dezakegu, eta oso modu naturalean gainera, sintaxiari esker batez ere. Hitzen ordenak esaldiari ematen dion ñabardura adibidez, oso berezia iruditzen zait. Bere ezaugarrien berri izan bezain laster erabaki nuen ikasi eta neure egingo nuela.
Eta egin duzu, bai. Hainbeste non, gaur egun, euskarazko testuak itzultzen dituzun…
Bai, nire ogibidea itzulpengintza da, eta 11itzulpen enpresa sortu nuen beste bi bazkiderekin batera. Baina itzultzaile xumea naiz, ez pentsa.
Tartean, Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria itzuli duzu ingelesera. Nola sartu zinen halako lanean?
Nire ekimenez izan zen. Beharrezkoa iruditzen zitzaidan ingelesez ere izatea, gaur egungo Euskal Herria oso ongi islatzen duelako. Renoko Unibertsitatean proposatu nuen, eta haiek onartzearekin batera Etxepare Institutuak diru-laguntza bat eman zigun. Aurrerago erabaki zuten Madrilgo Hispabooks argitaletxeak aterako zuela, eta egia esan horrek dena jarri zuen kolokan. Arazoak izan genituen: zuzenketa egin behar zuenak ez zekien euskaraz, eta beraz, gaztelaniazko itzulpenari erreparatu zioten nirea zuzentzeko. Baina kontua da gaztelaniazko itzulpena oso desberdina dela; paragrafo osoak falta zaizkio. Horrekin nahikoa ez eta esan zidaten bertakoak ziren hitz batzuk ez zituztela ingelesera aldatu nahi. Ez zituzten euskaraz utzi nahi ordea, gaztelaniaz baizik. Esaterako, “farm” beharrean “caserio” jarri nahi zuten. Azkenean, borrokatu nuen pixka bat eta itzuli gabe gelditu diren hitzak euskaraz jarri dituzte.
“Krisi askoren erdian gaude: literaturak garrantzia galdu du oro har, eta uste dut euskara eta euskalgintza ere garai txarrean daudela”
Pentsatzen dut Erresuma Batuko zure lagunek nekez ulertuko dutela euskal literaturak zugan sortzen duen interesa. Baduzu haiei zer gomendatu? Nahikoa itzultzen da euskaratik ingelesera?
Zaila da ezer gomendatzea itzulpen faltagatik. Zerbait badago: Atxagaren baten bat, Kirmen Uriberen besteren bat… Baina ezer gutxi. Itzulpen guztiek gaztelaniaren galbahea pasa behar dute lehenengo, eta hori delitua da. Dena den, bat hautatu beharko banu, nire gomendioa Harkaitz Canoren Twist izango litzateke, ziur asko.
Goazen Booktegira. Zerk bultzatu zintuen itzulpegintzatik apur bat urrundu eta halako zerbait sortzera?
Booktegi 11itzulpen enpresak egin du berez, baina proiektua nik aurkeztu nuen enpresan. Bazkideek baietz esan zidaten, baina baldintza batekin: nik arduratu beharko nuen guztiaz. Eta halaxe izan da.
Bi ahulezi ikusten nituen euskal literaturan: liburu elektronikoaren erabilera urria batetik; eta bestetik, liburu askok kalitate handia izan arren, ibilbide laburra egiten dutela. Asko gelditzen dira apaletan ehun irakurle eskas izan ondoren. Paperean argitaratzea garestia delako plazaratzen ez diren liburuak ere badaude. Nik gabezi horiek nerabiltzan buruan, eta bururatu zitzaidan halako liburuak Booktegi bidez doan eskaintzea.
Susa bada aitzindarietako bat formatu elektroniko edo digitalari dagokienean. Sarean erosgai eta eskura daude plazaratu dituzten liburu gehientsuenak.
Harreman ona dugu Susarekin, eta beraien liburu batzuk ere baditugu katalogoan. Laster gehiago izango ditugu gainera. Dena den, Booktegiren asmoa ez da inori kalterik egitea, kontrakoa esango nuke: literatura gehiago eskainiz literaturara gerturatzen den jende kopurua handitzea nahi dugu. Beste liburu batzuei eta beste publiko batzuei tokia egin nahi genieke.
Aspaldi berrargitaratu gabeko liburuak sarean eskaintzea bada bide interesgarria. Landu duzue harremana beste argitaletxeekin?
Ez dugu asko landu ez, baina sakondu nahi dugu horretan. Besteak beste, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean argitaratuko dugu laster. Idazle batzuekin harremanetan jarri eta euren ipuinen bilduma bat osatzeko asmoa ere badugu, liburu batetik eta bestetik hartuz. Horretarako ere beharrezkoa izango da argitaletxeen konplizitatea.
Diozunez, euskarazko literatura apenas irakurtzen da formatu elektronikoetan. Zergatik uste duzu dela hala?
Alde batetik, batzuetan zaila da ohiturak aldatzea. Bestetik, krisi askoren erdian gaude. Literaturak garrantzia galdu du, oro har. Denbora asko ematen dugu mugikorrari begira, eta liburua galtzen ari gara, edo gu galtzen ari da liburua. Bestetik, uste dut euskara eta euskalgintza ere garai txarrean daudela. Horren guztiaren batura dela esango nuke. Gu ez gara liburu elektronikoen talibanak. Paperezko liburuak ere maite ditugu. Baina elektronikoena bada abantaila nabarmenak dituen beste bide bat: hitz bat hautatu eta zuzenean hiztegia ikusteko aukera dago; liburu bakarrean mordo bat eraman daitezke; eta gainera askoz merkeagoa da liburuak egitea.
Liburuek ibilbide laburregia egiten dutela ere badiozu. Badago zer hobetua sustapenean?
Oro har interes gutxi dago euskarari dagokionez, eta zer esanik ez euskarazko literaturaz. Liburutegi batean sartzean ere, euskarazko liburuak bazter batean daude. Euskadi Irratian, Faktorian astero liburu batzuk gomendatzen dituzte, eta normalean ez dira euskarazkoak, ezta itzulpenak ere, gaztelaniazkoak baizik. Hori, kanpotik ikusita, ulertezina egiten zait. Ziur nago Radio Euskadi eta ETB2n ere ez zaiola tokirik egiten. Eta noski, Sautrela desagertzea ere oso albiste txarra da. Bere kultura zaindu eta bultzatzen ez duen herri batek jai du. Guk, gure xumean, badugu ikus-entzunezko elkarrizketak eta antzekoak lantzeko asmoa.
“Euskadi Irratiko Faktorian astero liburu batzuk gomendatzen dituzte eta normalean ez dira euskarazkoak, gaztelaniazkoak baizik. Ulertezina egiten zait”
Beste argitaletxe batzuek baztertutako testuak ere jasoko dituzue akaso. Kalitatea da argitaratu edo ez erabakitzeko irizpidea?
Asko ez, baina hilean behin-edo jasotzen dugu proposamenen bat. Orain arte, behin bakarrik eman dugu ezezkoa kalitate faltagatik, eta beste behin eskubideekin zegoen arazo bat medio. Baina kalitatea garrantzitsua da, bai. Booktegin ez dugu edozer plazaratzen.
Jasotzen duzuena editatu egiten duzue. Neurri batean, ataria baino gehiago argitaletxea zarete.
Kasu batzuetan auto-edizioa dela esan daiteke, baina berredizio lana gure gain hartzen dugu. Zuzenketaz gain, saiatzen gara balioa gehitzen testua elkarrizketekin, irakurketekin edo ilustrazioekin osatuz. Eskubideak idazlearenak dira beti, hori bai.
Ba al duzue babesik erakunde publikoren baten aldetik?
Diru-laguntza txiki bat eskatu dugu, eta oraindik ez dakigu jasoko dugun edo ez. Lan hau doan egiten dugu, baina lan handia da: edizioa, sustapena, webgunea bera… Uste dut elkarlanerako bide asko daudela erakunde publikoekin: eskoletan, adibidez, edo zergatik ez, klasikoen eskubideak erosiz. Azken finean, Booktegin egiten duguna zerbitzu publikoa ere bada.
Argitaletxe gehienek urtearen amaieran, Durangoko Azokaren buelta honetan iragartzen dituzten euren nobedade gehienak. Zein izango da Booktegiren uzta berria?
Liburu asko daude zain: Juan Luis Zabalaren poesia liburu bat, Aritz Galarragaren artikulu-bilduma, Bertsolari filmaren liburua, Uxue Alberdiren bertsoak, Lutxo Egiaren antzerki-lan bat, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean, Joxe Mari Pastorren Darwin eta gu bilduma, Markos Zapiainen bi hausnarketa liburu eta abar. Webgunea ere berrituko dugu gainera.
Irail honen hasierakoa da notizia: Amazonen autopublikatutako liburu bat Frantziako Renaudot sariko finalisten artean dago. Marco Koskas idazlearen Bande de Français da nobela eta lehenbiziko aldia da plataforma horren bidez publikatutako lan batek Frantziako Estatuko... [+]
Zazpi idazle gonbidatu dituzte elkarrekin hitz egitera formatu bereziko saio honetan: idazleak eurak izango dira elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile. Booktegi atariak jarri du martxan webTB saio berria.
Bideoak hil omen zuen irratiko izarra: Buggles taldeak 1970eko hamarkadaren amaieran iragarri zuen nolako aldaketa eragin zuten ikus-entzunezkoek ordura arteko musikaren industrian, artean MTV sortu gabea zela. Liburu elektronikoak ere hil behar omen zuen paperezkoa,baina e-book... [+]