argia.eus
INPRIMATU
Gure osasuna arriskuan
  • Ez badugu gure zaintzailea zaintzen –zu eta ni izan gaitezke haren pazienteak–, ez baditugu gure erizainak zaintzen, nola zainduko ditugu gure gaixoak?

Juan Mari Arregi 2017ko azaroaren 28a

Artatzen gaituzten horien osasuna, erizainena, arriskuan dago Euskal Herrian. Hori dio Osakidetzako erizainen Satse sindikatuak egindako inkestak. Galdekatutakoen %81,02ak nabarmentzen du bere lan-baldintzak kaskartu egin direla murrizketen ondorioz. %80,29ak pentsatzen du ez duela denbora nahikorik bere pazienteei arreta modu egokian emateko, eta %77,37ak uste du bere unitatean ez dagoela langile nahikorik lana ondo egiteko. Ondorioz, %62,04aren iritziz, herritarrei eskainitako zerbitzuak okertu egin dira.

Inkestak bi arazo larri erakusten ditu: erizainaren osasuna, eta osasun zerbitzuaren kalitatea. Biak elkarren eskutik doaz. Osakidetzak ezin du egoera kezkagarri honen aurrean ezikusiarena egin. Kontua ez da soilik makinetan eta osasun sistemetan inbertitu eta hauei publizitatea ematea. Inbertsio handiena zaintzaileengan egin beharko litzateke, erizainak baitira baliabide horiekin gaixoak zaindu behar dituztenak. Osasun zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi badugu, bere pertsonalaren lan-baldintzak hobetu beharko genituzke derrigor. Hausnarketa horrek ezinbestean eta berehala ekarri beharko luke lantaldeak handitzea eta Osakidetzan lan egonkortasuna bermatzea.

Administrazioak beti kexaka ari dira diru-sarrera gutxi dituztelako eta aurrekontua murriztu dietelako. Horrek ez du balio. Baliabideen banaketa lehentasunen arabera egin behar da. Gure erizainen eta gaixoen osasunak ez al du San Mames berriaren eta Anoetaren eraikuntzak baino gehiago balio? Baliabideak lortzeko, beharrezkoak dira aurrekontu sozialagoak eta ez hain enpresarialak.