San Lorenzo del Escorial (Madril), 1563. El Escorial monasterioa eraikitzeko lanak abiatu ziren, 21 urtez luzatuko zirenak. Eta lan horietan euskaldun askok jardun zuten, proiektuaren lehen arkitektotik hasita: Juan Bautista Toledo. Hark jarri zuen lehen harria, Pedro Tolosa aparejadorearen laguntzaz, hura ere euskal herritarra. Euskaldunen zerrenda luzea da (Labarrieta, Urkiza, Berriz, Barrutia, Alkiza, Barrena, Elorriaga...), batez ere harginena. Obraren nondik norakoak idatziz jaso zituen Frai Jose de Sigüenzaren hitzetan, eraikin hura altxatzeko ofizial harginena izan zen “lanik onena eta garrantzitsuena”.
Eta haiena izan zen, halaber, eraikitze lanen pasadizo iskanbilatsuena. Beti ere Sigüenzaren arabera, 1577ko maiatzean, El Escorialeko alkate nagusiak, Muñoz lizentziatuak, hainbat hargin bizkaitar atxilotu zituen “garrantzi txikiko delitu bat” medio. XVI. eta XVII. mendeetan euskaldun guztiei esaten zieten bizkaitar. Alkateak atxilotuak jipoitzeko mehatxua egin zuen eta, orduan, euskal harginak herriko gartzelara joan ziren “alkatea eta aguazilak hiltzeko asmoz”. Ez zuten asmoa bete, alkatea ondo ezkutatu zelako. Biharamunean, eraikitze lanak geldiarazi zituzten eta greba hasi zen.
Greba edo matxinada, 1963an ABC egunkarian Carlos Vicuñak zehaztu bezala: “Matxinada diogu eta ez greba, ez zelako lanari lotutako greba izan, El Escorialeko alkatearen aurkako benetako altxamendua baizik, ohore kontu batek eraginda, euskal noble eta kapare izanik, irainduta sentitu baitziren”.
“Gizon haien amorrua izugarria zen” Sigüenzaren arabera, eta alkateak atxilotuak askatzea erabaki zuen. Harginak lanera itzuli ziren.
Baina ez guztiak. Altxatutako hargin batzuek El Escorialetik ihes egin omen zuten eta Avilatik hamasei kilometrora, Norteko ferrokarrilaren bidean eta granitozko harrobi oparoen magalean, herri bat fundatu omen zuten: Mingorria. Behin, granito bidalketa gortera garaiz iritsi ez eta Felipe II.a harrobi haietako kontramaisu Jose Txintxurretarekin bildu zen. Txintxurretak ez zekien gazteleraz eta ahal zuen moduan azaldu zion erregeari atzerapenaren arrazoia: “Mingorria, jauna!”. Harrobietako langileak gaixorik zeudela, alegia. Batzuek diote erregeari hitz horrek grazia egin ziola eta hala bataiatu zuela herria. Beste batzuen arabera, pasadizoaren ondoren ingurukoak harginei “Mingorriakoak” esaten hasi zirela eta, azkenean, erabileraren poderioz, herriak izen hori hartu zuela. Edonola ere, egun, hargin matxinoek sortutako udalerriak oraindik Mingorría du izena.