ARGIAren webguneak 20 urte bete ditu. Euskarazko hedabideetan aitzindaria izan zen sarera salto egiten Nafarroako Mendialdeko
Ttipi Ttaparekin batera, garai hartako kideen ikuspegiari eta teknikoki oso kualifikatutako bidelagunei esker. Ordutik, kazetaritzaren mundua goitik behera aldatu da, eta egun ARGIA ez da ulertzen sarean egiten den lana kontuan hartu gabe. Webgunea berrituz ospatu nahi dugu urteurrena, eta bide batez, Interneti buruzko gogoeta hau kaleratu.
Kataluniako erreferendumaren eguna, urriak 1, igandea. ARGIAko erredakzioak apustua egitea erabakia du: lantalde txikia izan arren, kazetari guztiak jarriko dira gaia jarraitzera. Bi kazetari Bartzelonatik, beste guztiak etxetik, taldetan txandaka antolatuta, goizaldeko 04:00etatik hurrengo eguneko ordu txikiak arte informazioaren zurrunbiloan sartuko dira. Testigantzak biltzen, datuak bilatzen edo albisteak idazten, Kataluniatik euskaldunak bidaltzen ari diren materiala sareratzen, eskuragarri ditugun kanal guztien bidez jendea informatzen... eta hurrengo egunean ohi bezala aldizkaria inprentara bidali eta sarean erreakzioekin jarraituko dugu. Papereko kazetaritzaren kulturatik datorren lantalde batek mundu digitalera indar osoz egindako saltoa irudikatzeko balio lezake egun hark. Emaitza: Urriaren 1ean ARGIAk webgunean inoiz izan duen bisitari kopuru altuena jaso zuen, sare sozialetan ehunka milaka pertsonarengana heldu zen eta nekeak neke, erronka zailari ongi eutsi izanaren sentimendua partekatzen zuen lantaldeak.
Belaunaldi gazteoi Internetik gabeko mundua irudikatzea kostatu egiten bazaigu ere, orain gutxi arte hala izan da. Giza harremanak aldatzen ari diren bezala, kazetaritza egiteko modua bera ere eraldatu egin da. Kide beteranoek oroitzen dutenez, egun posta elektronikoz unean bertan bidaltzen diren informazio eta kronikak, eskuz idatzita bidali eta erredakzioan mekanografiatu behar izaten zituzten, edo geroago, disketeetan helarazten ziren erredakziora, autobusean bidaliz Euskal Herriko txoko ugaritatik. Albistea gertatzen zenetik argitaratzera, tempoak beste batzuk ziren; zer esanik ez astekari bat ateratzen zuen erredakzio batean.
Ez dira alperrik bete bi hamarkada ARGIAk sarean leihoa irekiz, etxe barruan dena aldatzen hasi zenetik. 1997an Ttipi Ttaparekin batera euskarazko kazetaritzaren bidea urratu zuen sarean, Euskal Herriko erdal hedabide handi gehienek baino lehenago, Internetek sektorean oraindik eztabaida eta errezelo handiak sortzen bazituen ere. Internetek papera hilko al zuen? Nola eutsi ekonomikoki proiektuei?
ARGIAren helburu nagusia zabalkundea izan denez, online edukiari giltzarraporik ez jartzea erabaki zuen hasieratik. Astez aste etxeetara heltzen ziren aldizkariak modu irekian eskuragarri jartzeko aukera ematen zuen webguneak, baita aurrez digitalizatutako 1963tik 1996ra bitarteko ehunka elkarrizketak ere. Modu horretan, harpidedunei online zerbitzu osatuago bat ematea eta aldizkaria kioskoan nekez erosiko zuen publikoarengana heltzea zen helburua. Hala ere, zailtasunak handiak ziren, ARGIAk sarean bete behar zuen funtzioa eta ekonomikoki eusteko moduko planteamendu bat aurkitu beharra zuen, inbertsioari nolabait buelta emateko.
2002an webgunea ixteko zorian egon baziren ere, galdera bat nagusitu zen Lasarte-Oriako erredakzioan: “Posible al da ARGIAren komunikazio proiektua Interneten egon gabe?”. Ezetz erabaki zuten, eta ordutik 2017ra, pauso txikiak emanez heldu da proiektua.
Erreportaje honen asmoa ez da hogei urte hauetan sarean egin diren proiektu eta pausoen errepaso kronologikoa egitea, baizik eta Internet nola ulertzen dugun partekatzea, aurrera begira lanean zein oinarrirekin ari garen azaltzeko.
Kazetaritza independentea: Banketxe, multinazional eta alderdi politikoen menpeko hedabideen kontrapuntuan, bizi dugun mundua ezagutu eta interpretatzeko gakoak ematen saiatzen gara. Aktualitatearen narrazio koherente bat josten goaz, herritarren kezka eta interesak erdigunean jarriz, botere elitistak beharrean.
Funtzio soziala: Agenda propioa lantzeaz gain, gure komunitatearen intereseko gertaerei jarraipena egiten diegu. Horretarako, gai ugariren inguruan biltzen diren herritarren eztabaida eta ekimenei leku egiten saiatzen gara, beste hedabide gehienetan ez dutela lekurik jakitun.
Baloreak praktikara: Lantzen ditugun gai asko ARGIAk bere egiten dituen balore eraldatzaileak dira, eta beraz, enpresan eta langileon eguneroko funtzionamenduan praktikan jartzen saiatzen gara.
Abiadura eta formatu ugari: Internetek erritmo azkarra eskatzen du, eta paperean ateratzen ditugun aldizkariek logika propioa dute. Sarea erritmo aldetik frenetikoa izan daitezkeen bezala, astekariak, Larrunek eta Aktualitatearen Gakoak-ek informazioa beste sakontasun batez lantzeko arnasa eskaintzen dute. Hala ere, Internetek guztia azkartu duela ukaezina da.
Kultura librea: Gurea bezalako hizkuntza txiki batean, eduki sortzaile garen heinean, elkarlan librea hobesten dugu. Creative Commons lizentziapean banatzen ditugu gure eduki guztiak, beste hedabide edo eragileek gure edukiak zabaltzen dituztenean pozten gara, eta CC-BY-SA lizentzia duten hedabideen edukiei zabalpena ematen saiatzen gara. Hala ere, erakunde publikoek Interneteko diru laguntzak webguneen estatistiken arabera emateak –beste faktore ugari kontutan hartu gabe– zaildu egiten du euskarazko hedabideek beren informazioa ahalik eta gehien zabaldu nahi izatea –eragiteko gaitasuna txikituz–, norberaren webguneko bisiten kopurua kezka iturri baita. ARGIAn, kasu honetan, gure informazioaren hedapenari ematen diogu lehentasuna, nahiz eta praktika batzuek ez ekarri webgunera bisitarik.
Euskara ardatz duen proiektu eleanitza: ARGIA euskaraz egiten den proiektua da, hizkuntzaren normaltasunaren aldeko eragilea. Horri sekula indarrik kendu gabe, sarea informazioa ahalik eta hizkuntza gehienetan emateko plataforma bikaina dela uste dugu. ARGIA English kanalean Euskal Herriko informazioa ingelesez ematen dugu, eta nazioartean elkarlanean aritzen garen hedabideetan sarri argitaratzen dituzte ARGIAko edukiak beste hizkuntzatan, Espainiako Estatuko El Salto, Herrialde Katalanetako La Directa edo Galiziako Sermos Galizan kasu. Noiz edo noiz esperimentuak egiten ditugu: Korrikaren harira idatzi genuen erreportajea, euskaldunok hizkuntz komunitate gisa mendeetan Espainiako eta Frantziako Estatuen partetik jasandako errepresioa kontatzen duena, 39 hizkuntzatara itzuli genuen herritarrok auzolanean, gure ahotsa mundu osora zabaltzeko bidea jorratuz.
Eduki multimedia: Bideo solteetatik hasi, eta Hitzetik Hultzera, Beranduegi, Damutuko Zaizute edo Zautela web telebista saioetara bide egin dugu. Horrez gain, euskaldunok sortzen goazen ikus-entzunezko materiala Interneteko unibertsotik hartuz biltegi funtzioa betetzen duen Multimedia kanala eraikitzen ari gara. Bertan 2.500 erreportaje, elkarrizketa, dokumental, hitzaldi, bideo herrikoi, film labur eta beste baino gehiago topa ditzakegu.
Proiektu integrala: Paperak sarea elikatzen du eta sareak papera. Astekari bat, webgunea, Larrun hilabetekaria, Aktualitatearen Gakoak urtekaria, Bizi Baratzea edo Zuloan gisako liburuak ekoizten ditugu. ARGIA Jendeak, bere ekarpen ekonomikoarekin proiektu osoa bultzatzen du, ez du produktu jakin bat, astekaria adibidez, “erosten”.
Txikitik eragiten: Egungo egoera politiko eta ekonomikoak kezkatuta, beti pertsonak erdigunean jartzen dituzten baloreak bultzatzen saitzen gara, gure txikitasunetik.
Ondorengoa zioen Pello Zubiriak 2007an, ARGIAk sarean 10 urte bete zituelako egindako bideo-erreportajean. “Txikia den kultura batean, talde profesional txiki batek konpetitzeko beste aukera batzuk dauzka Interneti esker. Ez dio mundua konpontzen, baina aukera berriak eman bai, baldin eta lanerako talentua, adorea eta gogoaz gain, aukera horiek baliatzen asmatzen badu”.
Kataluniako efektuak lagunduta, urriko datuak ARGIAren historiako onenak izan dira. Webgunean hilabetean 213.869 bisitari izan ditu ARGIAk Google Analyticsen arabera; Facebooken denbora tarte berean 1.980.323 lagunengana heldu gara lotura, argazki edo bideoekin; Twitterren 4 milioi erreprodukziotik gora lortu dituzte @argia-tik bidalitako txioek –erredaktore bakoitzak bere kontutik bidalitako ARGIAko edukia kontuan hartu gabe–; Instagramen pixkana abiada hartzen ari gara eta Telegramen Euskal Herriko hedabideen artean kide gehien dituen taldea izaten jarraitzen du ARGIAk 1.200 lagun baino gehiagorekin.
Interneten ARGIAk egindako lanak ordaina dauka: gero eta ARGIA Jende gehiago gara. Iazko abenduan harpidetza eredua aldatuz geroztik, urtebetean mila kide berri batu dira proiektua ekonomikoki bultzatzera. Garai bateko kiderik baikorrenek ere nekez irudikatuko zuketen egoera.
Lantaldean lanean gogor jarraitzeko ilusioa nabari da, oso garbi izanik dena ARGIA Jendearen indarrari esker dela posible. Kazetaritza eginez, txikitik eragiten jarraitzeko konpromisoa daukagu, informaziorik gabe ez dagoela demokraziarik sinetsita. Hedabide independenteen garrantzia aldarrikatzen dugu eta informazioaren alorrean ere burujabetza bultzatu nahi dugu.
Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]
Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.
Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.
Elixabete Garmendia Lasa ormaiztegiarra emakume aitzindaria izan zen euskarazko kazetaritzan. 70eko hamarkadan 'Zeruko Argia' aldizkarian lanean hasi zenetik egindako ibilbide oparoari buruz mintzatzeko aukera izan dugu.
Bilboko Udalak eta zenbait hedabidek neska batek gaugiroan bizitako bortxaketaren berri eman zuten, biktimaren baimenik gabe eta modu sentsazionalistan. Emakumeak sare sozialetan bilatu zituen bestelako aliantzak, berbiktimizazioari aurre egiteko. Bere testigantza harilkatu dugu... [+]
Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria banatuko dituzte antolatzaileek. Epaimahaiak launa finalista aukeratu ditu sari bakoitzeko. June Fernández Kazetaritza sariko finalistetako bat da ARGIAn argitaratutako “Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?”... [+]