Euskal boxeoa bizi berritzen ari da, eta horren adibide dugu Violeta Gonzalez. Otsailaren 11n egin zuen debuta profesionaletan Lasarte-Orian. Euskal Herrian bizi den emakumezko lehen boxealari profesionala, Neskabox boxeo elkarteko kide da.
Asturiar bilbotartua omen zaitugu.
Hala diote bai! 2010ean etorri nintzen Bilbora. Egia esateko etxean bezala sentitzen naiz hemen. Asturiasen jaio eta hazi, bizitzaren gora-beherek ekarri ninduten Bilbora. Bilbok gauza asko eman dit, horien artean boxeoa.
Noiz eta nola hasi zinen boxeoan?
Kasualitatez murgildu nintzen boxean. Ez zen izan espresuki bilaturiko zerbait. Nire barruan zerbaitek klik egin zuen eta horrela hasi nintzen. Probatu nuen momentu berean hartu nion gustua. Afizio txikia zena, egunero ordu asko kentzen dizkidan zaletasun bihurtu da.
Emakumea eta boxeoa, ezohiko binomioa oraindik.
Emakumezkoen boxeoak oraindik oztopo asko ditu gainditzeke. Honen aurrean egunero eskularruak jantzi eta ringera igotzea besterik ez zaigu geratzen. Boxeoan gabiltzanok ez gaude geldirik, zailtasunen aurrean ere aurrera egin beharra dago. Emakumeok boxeoarekin gizonek bezain beste disfrutatzen dugula demostratu behar dugu eta hori ring batean egiten da. Guk ez badugu egiten inork ez du egingo.
Bide horretan sortu zenuten Neskabox?
Urtarrilean sortu genuen Josu Lopategui boxeo entrenatzailearen laguntzarekin. Emakumezkoen lehen boxeo elkartea da Euskal Herri osoan. Neskaboxekin erakutsi dugu posible dela emakumezkoen boxeoa Euskal Herrian. Uste ez genuen lekuetara iristen ari gara. Honek guztiak harrotasuna sortzeaz gain lanean jarraitzeko indarra ematen dizu.
Hasiera indartsua izan du Neskaboxek, modan ahal dago Boxeoa?
Hedabideetan geroz eta sarriago ateratzen gara eta ez da gutxi. Egun 40 emakume inguruk osatzen dugu Neskabox. Oraingoz, hiruk eman dugu txapelketetara pausoa. Gurea handitzen doan proiektua da. Bakoitzak bere erara boxeoaz nola disfrutatzen duen ikustea da politena. Neskabox txapelketa edo entrenamenduez gaindi lagun koadrila bat da eta horrekin geratzen naiz.
Honetan guztian Josu Lopateguiren papera oso garrantzitsua izan da.
Euskal boxeoa ezin da ulertu Josu gabe. Neskaboxen sorreran ere figura oso garrantzitsua izan da. Josuk boxea maite du guztiaren gainetik eta egun emakumeen boxeoaren sustatzaile ere bada gurekin elkarlanean. Asko zor diogu.
Euskal Herriko lehen emakume boxealari profesionala zara.
Nire kasuan oso prozesu naturala izan da. Afizioak gehiago entrenatzera eraman ninduen eta entrenamenduek lehiatzera bultzatu naute. Bide horretan oso garrantzitsua izan da Josuk emandako laguntza. Berarekin entrenatzen hasi eta berehala hasi ziren emaitza onak. Hau guztia bere lorpena ere bada.
Honek beste emakumeentzako eredu izatea dakar.
Izan daiteke; hala ere boxeoa zerbait kolektiboa dela esatea gustatzen zait niri. Ringera ni igotzen naiz baina atzetik jende asko daukat. Jende horrengatik ez balitz ez nintzen helduko nagoen lekura. Ereduak edukitzea ona da, baina talde lana da benetan balio duena.
Gogorra da profesionala izatea?
Boxeoa ez da kirol erraza eta sakrifizio asko dakartza berarekin. Profesionaletan egoteak guztia bikoizten du (prestaketa fisikoa, entrenamenduak, janariaren kontrola…). Batzuetan zaila da presio horri guztiari aurre egitea. Konstantzia eta lasaitasuna dira nire ustez profesionaletan ondo lehiatzeko bi gakoak.
Konpetizioak ere asko nekatzen du.
Lehiak dibertsioa bigarren maila batean uzten du. Xurgatu egin zaitzake. Oso garrantzitsua da exijentzia altueneko momentuetan ere burua hotz mantentzea. Boxeoak ezin du guztia bereganatu. Lehiatzen ari zarenean oso zentratua zaude baina deskonektatzeko baliabideak garatzea beharrezkoa da, itoko ez bazara.
Nola ikusten duzu egungo boxeoa?
Boxeoak azken hamarkadetan jasan duen marjinazioaren emaitzak pairatu ditugu duela gutxi arte. Boxeoak urte asko pasa du zokoratuta. Pixkana argia ikusten ari gara. Duela hamar urte baina askoz hobeto gaude, baikorra naiz. Ikusi besterik ez dago Euskal Herrian egin diren azken borroketan bildu den jende andana. Boxea kalea berreskuratzeko bidean ikusten dut.
Eta euskal boxeoa?
Asko ari da indartzen. Duela gutxi arte lau katu ginen boxeoan ari ginenak. Egun gimnasioak betetzen ari dira. Erreferente inportanteak sortu dira, hemengoak dira Kerman Lejarraga edo Andoni Gago eliteko boxeolariak. Euskal boxeoa inoiz baino osasuntsuago dagoela iruditzen zait, gerra handia emango dugu etorkizunean.
Zer esango zenioke boxeoan hastear dagoen pertsonari?
Boxeoan bizitzan bezala oso garrantzitsuak dira etapak. Fase asko dituen kirola da. Boxeoan hasi behar duen pertsona batek etapa horiek guztiak gainditzeko prestutasuna behar luke. Oso garrantzitsua da hasieratik ulertzea boxeoa garapen prozesu graduala dela. Lasaitasuna ere ezinbestekoa da bideari gogoz ekiteko.
Eta zure etorkizunaz zer esan diezagukezu?
Ireki zaizkidan aukerak aprobetxatzea da nire helburua. Niretzat hau guztia berria bada ere indarrez nago eta oso babestua sentitzen naiz. Ahal dudan titulu gehien eskuratu nahi dut. Badakit ez dela erreza baina horretan nabil eta hori lortzeko egingo dut lan.
Geratzeko etorri zara, beraz.
Boxeoa niretzat jada ez da kirola bakarrik. Neskabox eta bidean egin ditudan lagunak ere badira boxeoa. Honetaz guztiaz ahal dudan denbora gehien gozatzen saiatuko naiz. Bai, geratzeko etorri naiz.
Maiatzaren 26an, larunbata, Palestinako eta Euskal Herriko federazioak aldarrikatzeko boxeo txapelketa bat egitekoa zen Amurrion.
Erreferentzia interesgarriak eman ditu Javier Lezaolak Pikara aldizkarian plazaratutako Las leonas del ring (Ringeko lehoiak) erreportajean, boxeoan ari diren hiru emakume espainiarren –Marian Martinezen eta Ariadna eta Fatima Martin ahizpen– esperientzietatik... [+]