argia.eus
INPRIMATU
Try (just a little bit harder)
Amaia Alvarez Uria 2017ko azaroaren 22a

Uxue Alberdik helduentzat argitaratu duen laugarren lana da Jenisjoplin. Idatzitako bi ipuin bildumetan norberaren eta ingurunearen artekoez aritu zen, hainbat girotan kokatu zuen irakurlea, ezagunetik arroztu nahian. Ondutako bi nobeletan aldiz, ohiko lekuari kanpotik begiratu nahi izan dio memoria ariketa bat eginez beste begirada batez.  

 Alde batetik, euskal gatazkari (edo gatazkei) buruz hitz egiten du. Garai baten erradiografia egiten du mende aldaketari begira jarriz. 1980ko hamarkada hasieran jaio zen protagonista den Nagore Vargas, eta 2010ean 28 urterekin hiesa diagnostikatu diote, ETAk armak utziko zituela adierazi zuen urte berean.

Beste alde batetik, euskal identitateari buruz mintzo da, egungo subjektu politikoa marrazten ahalegintzen da bertako pertsonaien, gertaeren eta hausnarketen bidez. “Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua katalizatzen zuen albokoaren aurka. Ni ikaragarri berotzen ninduen horrek guztiak” dio Nagorek.

Hau guztia Janis Joplin musikari kaliforniarraren itzalpean. Sexua, droga eta rock and rolla izango ditugu harietako batzuk, hauen eragin eta ondorioak. Bizitza intentsitatez, konpromiso politikoz bizitzen du protagonistak, 27 urterekin gaindosiaren ondorioz hil zen abeslariak bezala. Nagorek, ordea, diagnostikoarekin, gelditzeko eta ingurura eta bere baitara begiratzeko aukera izango du.

Flash-backetan kontatuko dizkigu bere haurtzaro eta gaztaroa inflexio puntura heldu arte. Hortik aurrerakoak tartekatuko ditu oroitzapenokin, eta horrela, garai aldaketa protagonistarengan hezurmamituko da, kultura epikotik zaurgarritasunaren kulturara pasatzen ari garela adieraziz.

Hiru kapituluek zenbait argazki utziko dizkigute: euskal herri eta hirien tira-birak, edo zenbait bidaietako bizipenak. Horrekin batera, taberna, etxea, kartzela, zoroetxea, ospitalea, eliza, edo kaleari ere leku egingo zaie, mota askotako kokapen eta baldintzak eskainiz.  

Gure errealitatearen bizimodu, kontraesan eta bertsio desberdinak erakutsi nahi dizkigu. Horretarako gelditzeko gonbitea egin digu, orain artekoari eta ingurura begiratzeko, Jenisjoplin-en hitzetan pixka bat gehiago saiatzera pasioz eta lasaitasunez, kontzientziaz eta zaintzaz bizitzeko.