argia.eus
INPRIMATU
Errusiar iraultzatik iraultza antikapitalistara
  • Prentsan gogorarazi digute 1917ko errusiar iraultzaren data historikoa.

Juan Mari Arregi 2017ko azaroaren 21a

Prentsa horren gehiengoa botere ekonomiko eta politikoaren mende dagoenez, iraultza hura deskalifikatu eta desterratu dute. Beraientzat, mugimendu hura herritarren kontrakoa eta antisoziala izan zen, eta terrorea, errepresioa eta totalitarismoa aipatu dituzte. Iraultza erabat negatiboa izan zela diote... baina iraultza orok bezala, alde ilunak eta alde positiboak dauzka.

Duela ehun urteko errusiar iraultzak, akatsak eta ondorio ezkorrak izanik ere, munduarentzat aldaketa funtsezkoa ekarri du. Errusiako monarkiaren eta Estatu arkaikoaren erorketak mezu garbia eman zuen: gizartea aldatu eta eraldatu dezakegu. Horretarako beharrezkoa da borondatea eta baliabideak izatea. Iraultzarekin lortu zen familia gutxi batzuek herritarrekiko zuten nagusitasuna ezabatzea.

Errusiar feudalismoak egin zuen bezalaxe, gaur kapitalismoak gutxi batzuen botere ekonomikoa inposatzen segitzen du gehiengoarengan, familia urri batzuek aldian aldiko gobernu politikoak erabiltzen dituzte. Etekinen pilaketa, bazterkeria soziala, prekarietatea, txirotasuna, berdintasunik eza, gerrak, armen karrera, migrazio politiko eta ekonomikoak, tortura, kartzela, erbestea... Ondorio praktikoak baizik ez dira horiek denak. Kapitalismoa garaitzeko beste iraultza bat beharrezkoa da, gizartearen eraldaketa erradikala ekarriko duena. Nola egin? Mugimendu politiko, sindikal eta sozialek euren eskuetan dute herritarren gehiengoak babestuko duen bide-orria garatzea. Elkarrekin eta batuta urratsak emanez gero, feudalismo moderno hori eraitsi dezakegu.